Boonen eta Astana hizpide bezperatan

Tom BoonenAzken unera arte Frantziako Tourrean denetarik gertatu daiteke. Orain bi urte zenbaitek gogoratuko duzue zer nolako nahastea eragin zuen Puerto Operazioak. Nahastea baino txikizioa hitza bera egokiagoa izan daiteke 2006ko Tour atari hura definitzeko.

Gaur ez noa dopina aipatzera (Dekkeren kasua adibidez), baina bai Booneni jazo zaiona. Dakizuen bezala orain aste batzuk kokainarekin positibo eman zuen berriro ere belgikarrak. Bai, iaz gizajoa Tourretik kanpo geratu zen beste kontrol batean positibo eman zuelako (festa zalea izango da eta ezin ekidin!). Hala ere, aurtengoan ez dute zigortu eta atzo, Monacon zegoela, dudako txirrindularia bazen, gaur lehiatzen utziko diotela konfirmatu dute. Iritzi bat ematekotan, Belgikako txapeldunak 2009ko Tourra lehiatzea merezi duela esango nuke ASO kontra azaldu bada ere. Honek gure kinielan aldaketak egitera bultza al gaitzake? Ez dakit, baina kontutan hartzeko txirrindularia behintzat badelakoan naiz.

2009ko Tour bezperako prentsaurrekoa: Bruyneel eta ContadorIkusmin ikaragarria eragin duena, berriz, Astana taldea izan da. Atzo non edo non irakurri nuen Contador eta Armstrong ez zirela prentsa aurrera batera agertuko eta hala izan da. Bruyneel eta Contador bakarrik agertu dira, eta oraindik ongi ulertzen ez dudan arrazoiengatik, guztioi taldeko liderra Contador dela adierazi digute. Contadorrek aste honetan adierazi du presio gehiago sentitzen duela aurten orain dela 2 urte baino eta egia esan, ez dut uste horrek onik egingo dionik. Dagoeneko mundu guztiak Tourreko faborito nagusi bezala jo izanak espainiarra urduri jarri badu, zergatik atera bezperan prentsa aurrera talde burua bera dela esanaz? Ez dakit ez ote den Bruyneelen amarruren bat gainontzeko taldeak nahasteko.

Armstrong eta Bono 2009 Tour bezperan zerbait hartzenArmstrongContador binomioaz hitz egiterakoan, eztabaida ContadorLeipheimer-en aldera pasa nahi izan du gogora ekarriz 2007ko Tourrean bi taldekideen arteko aldea minutua baino txikiagoa izan zela. Zein da Bruyneelen asmoa? Armstrongek egin dezakeenari garrantzia kendu eta gainontzeko taldekideen artean banatu presio hori? Badirudi Armstrongek aurten batzuk espero duguna baino gehiago egin dezakeela, eta taldeko zuzendariak ere hala pentsatzen duela. Hori da nik jaso dudan inpresioa.

Armstrong bitartean gaur lasai ibili da Bono U2ko adiskidearekin. Ez zaio presiorik nabari honi, ez?

Frantziako Tourra. Multzoen analisia (VI). Besteak

Multzo honetatik lau lagun hartu behar dira, eta badago non aukeratu; hori dela eta, hainbat izen hartu eta hiru zatitan banatuko dut nire pronostikoa: sailkapen nagusian aurrean egon daitezkeenak, esprintetan ager daitezkeenak eta etapa ehiztariak. Asko geratuko zaizkit kanpoan, baina lehiaketari begira puntuak batu ditzaketen ziklista nagusiak aipatuko ditut.

Sailkapen nagusiari begira:

Luis Leon SanchezLuis Leon Sanchez (CAISSE): 26 urteko espainiarra. Iaz 7. etapa irabazi zuen Tourrean. Mediterraneoko Itzulia eta Paris-Niza irabazita da aurten, eta etapa bat Tour de Haut Var-en, beste bat Paris-Nizan eta beste bat Euskal Herriko Itzulian. Multzo honetako izarra dela esango nuke, taldeko liderra, Tour ederra egiteko moduan ikusten dut, eta baita Tropelakideok ere, oraingoz %50ek hartu dute-eta. Gauza bat du kontra: orain arte, hiru asteko itzulietan ez du ezer egin sailkapen nagusian, eta hori kontuan hartzekoa da.

Linus Gerdemann (MILRAM): 27 urteko alemaniarra. Bayern-Rundfahrt Itzuliko sailkapen nagusia irabazi zuen maiatzean, baina Suitzako Itzulian ez zen fin ibili. Sailkapen nagusia lehiatzeko asmoz doa Tourrera, baina adierazi du ez dakiela ze sasoi puntutan dagoen. Lehenengo 15en artean sailkatzeko moduko ziklista da.

David Millar (GARMIN): 32 urteko eskoziarra. Dauphine Libereko sailkapen nagusian 9. izan zen, mendiko etapetan nahiko aurrean ibilita. Giroa korritu du. Horretaz aparte, ez du gauza handirik egin aurten. Oso talde indartsua dauka taldekako erlojuperako, eta, kontuan hartuta Tourrean ez dela beste urte batzuetan besteko mendate gogorrik izango, lehenengo hamarren artean sailkatzea izan lezake helburu. Hala ere, haren urte onenak pasa ziren, zigor aurrekoak. Eta Vande Velde du taldeburu.

David Arroyo (CAISSE): 29 urteko toledoarra. Giroa egin du eta 11. sailkatu da. Mendate gogorragoak behar omen “Frantziako Tourra. Multzoen analisia (VI). Besteak” irakurtzen jarraitu

Aurtengo Tourra sariz beteta dator!

2009ko Frantziako Tourreko sariakTropela Elkarteak krisialdiari aurre egin nahi dio eta inoiz baino sari gehiagorekin dator aurtengoan. Sari ugari eta era guztietakoak, eta beti bezala, doan.

Sailkapen nagusirako sariak

Sailkapen nagusiari dagokionez, lehen postuentzat ondorengo sari hauek ditugu:

1. Aste buru zoragarri bat Kanariar irletan bi pertsonentzat Eroski Bidaiakek eskainita.
2. Mendiko bizikleta zoragarri bat Kirol Jokoak apustu etxeak eskainita
3. Atxaspi Hotelerako relax asteburu bat bi pertsonentzat Atxaspi Hotelak berak eskainita
4. Zarauzko Olatu Hotelean asteburu bat Olatu Hotelak berak eskainita.
5. Rezola sagardotegian 6, 4 eta 2 lagunentzako hiru otordu sagardotegiak berak eskainita
6. Hernialde Ostatuan 2 lagunentzako otordu bat ostatuak berak eskainita.
7. 2 otar zoragarri Jakionek eskainita.

Eta hau gutxi balitz, ESAITek eskainitako ekipamenduaz gain, Lance Armstrong (7 Tourren garailea) eta Alberto Contador (2007ko Tourreko garailea) txirrindularien maillotak sinatuta izango ditugu banatzeko.

Eta hau ez da guztia: zenbait eskualde eta herrietako lehen postuentzat ere sariak izango dira. Beraz adi, zure herri edo eskualdean saritua izan baitzaitezke.

*Eskualdean
1. Hitzako 5 harpidetza Behe Bidasoan, Busturialdean, Donostia-Beterri, Goierri, Lea-Artibai, Oarsoaldea, Tolosaldea eta Urola-Kosta eskualde bakoitzean.
2. Urola-Kostan 12 izozki Kutixi artisau izozkiak dendaren eskutik

*Herrietan
Azkoitiako herrian bi pertsonentzako otordua izango da Errexil erretegiaren eskutik.
Zarautzen 12 izozkiko saria Kutixi artisau izozkiak dendaren eskutik.

Etapa bakoitzeko sariak

Baina aurreko zerrenda hori bukaerako sailkapeneko sariak dira. Noski, orain arte bezala, egunero izango diren etapetarako sariak ditugu. Etapetan lehen postuan geratzen direnentzat euskal txirrindulariek sinatutako maillotak izango dira.

Eskualdeei dagokienez, Urola-Kostako parte hartzaileak gustura izateko moduan dira; etapetan lehen postuan sailkatuko direnek Zarauzko Kutixi artisau izozki dendak eskainita 3 izozki irabaziko dituzte. Zarauztarrek, berriz, eskualdekoaz gain, herriko lehena izateak 3 izozkiren saria ere izango du.

Ikusten duzuen bezala sari ugari ditugu 2009ko Frantziako Tourreko Tropela.net-eko lehiaketan banatzeko. Ez al duzu oraindik izenik eman?

Frantziako Tourra. Multzoen analisia (V). Euskaldunak

Mikel AstarlozaIkurrinen taldean 14 txirrindulari aurkitzen dira, eta horietatik bi aukeratu behar. Ohiko den bezala, gehienak Euskaltel-Euskadikoak dira, taldeko bederatziak alegia. Gainontzeko 5 txirrindulariak talde banatan aurkitzen dira sakabanatuta, Ag2R, Astanak, Caisse d’Epargne, Cofidis eta Rabobanken. Azken hauek normalean talde buruari laguntzen jardungo dute, beraz, sailkapen nagusiari dagokionez, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak hartu behar aintzakotzat.

Zalantzarik gabe faboritori garbiena Mikel Astarloza da. Pasaiako txirrindulariak sasoiko dagoela erakutsi zuen Dauphine Libéré lasterketan eta Tourrera puntu-puntuan iritsiko delakoan naiz. Talde buru nagusia bera izango da, zalantzarik gabe, eta dituen doai guztiak erakutsi beharrean izango da sailkapen nagusiko lehen postuetan izan nahi badu. Eta talde buru nagusi nioen, nire ustez bigarren maila batean, presioa kentzeko edo, Igor Anton aurkitzen da. Egindako adierazpenetan helburua etapa garaipena omen du galdakarrak. Nire ustez, ordea, mendian ondo ibiliko da eta aukerarik badIgor Antonu lehen sailkapen nagusiko lehen postuetan ikusiko dugulakoan naiz.

Gainontzeko taldeetan aurkitzen diren euskal txirrindulariak talde buruentzat lanean arituko direla esaten nuen. Haimar Zubeldiaren kasua ere berdin izango da, baina zalantza asko ditut usurbildarraren inguruan. Irratian entzun nion “Contadorren itzala” izango dela, berak agindu hori omen du. Egia da Contadorrentzat lan egin beharko duela, baina horrek berak ez al dio eragingo aurrealdean ibiltzea? Iazko sailkapenari begirada bat ematen badiozue, Sastrek irabazi zuen hartan (gogoratzen ez bagara ere), bere atzetik sailkatu zen hurrengo taldekidea Frank Schleck izan zen 6. postuan. Dauphine Libérén ere ederki bili zen eta esan bezala, honek guztiak zalantzak sortzen dizkit.

Haimar ZubeldiaEuskaltel-Euskadi taldera itzuliz Egoi Martinez eta Amets Txurruka etapa ehizean ibiliko direla, edo behintzat saiatuko direla uste dut. Egoi ihesaldietan sartzen saiatuko da aspaldian egin ohi duen bezala eta garaipenen bat lortzen saiatu. Amets oilarrek interesik izan ez dezaketen mendateren batean saiatu beharko luke. Garbi dago etapa garaipenen bat eskuratuko balute ez hartzeaz damutuko garela.

Koldo Fernandez de Larrea zalantza izan da azken une arte bederatzikotan sartu ala ez. Azkenean Tourrean izango da eta sasoi puntu onean ikusiko dugula uste dut, baina ez irabazteko moduan. Ez lehen astean behintzat, esprinter asko izango baitira etapa gosez eta bera baino maila altuagoko txirrindulariak izango dira tropelean. Azken astera ondo iristen bada aukerak izan ditzake pozen bat emateko.

Gainontzeko txirrindulariei dagokienez (Juanma Garate, Jose Luis Arrieta, Bingen Fernandez, Xabier Zandio, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez eta Gorka Verdugo) ez dut uste puntu gehiegirik pilatzeko moduko txirrindulariak izango direnik, nahiz eta suguru nagoen beraien taldekideek arras eskertuko dutela beraien lana 3 asteko lasterketa luzean zehar.

Esan bezala, Haimar Zubeldiarekin zalantzak izanda, segurura joko dut eta nire hautaketan Mikel Astarloza eta Igor Anton sartuko dituk.

Frantziako Tourra. Multzoen analisia (IV). Beste azkarrak

Azken egunetako txirrindularien zerrendetan gauzak asko aldatu ezean, 22 txirrindulari ingurutatik 2 aukeratu beharrean izango dira Tropela.net webguneko jokozaleak. Aurtengo Tourreko ibilbideari erreparatuz, sprint asko egon daitekeen susmoa izanik, multzo honetako aukeraketa tentuz egin beharrekoa dela deritzot, multzo honetako txirrindularien artean puntu asko bana baitaitezke.

(Argazkia: www.dailypeloton.com)

Jadanik ikus daiteke kiniela egingo dutenen artean zein diren multzo honetako gustukoenak, Farrar, Pozzato, Haussler eta Ciolek, lauak %25tik gorako zenbakiekin.

Tyler Farrar ageri da denen artean nabarmen gustukoen. Italiako Giroan, nire iritziz hemen baino multzokide eskasago batzuk alboan zituela, %21,7k “bakarrik” aukeratu zuten baina bertan egindako lan onaren ondorioz (egia esan, denboraldi osoan dabil ondo) bere zenbakiak gora egin dute. Bere maila onean jarraituko duelako ustean al zarete? Giroko maila lortuko balu, benetan aukera ona.

Filippo Pozzato Tropela.net-en antolatzen diren porretan beti izaten da askotan aukeratua. Txirrindulari aparta izanik ere, ez zait iruditzen berarentzat aproposak izan daitezkeen etapa asko daudenik Tourrean. Pixkat harritu egiten nau hainbeste pertsonek aukeratu izana. Gutxirako balioko baldin badizue ere, nik hartuko ez dudala garbi dut. Ikusiko dugu Tourrak aurrera egin ahala Pozzato aukeratu duenen batek hitz hauek gogora ekartzen dizkidan edo ez.

(Argazkia: esteka)

Gerald Ciolek eta Heinrich Haussler dira gehien aukeratu dituzuen hurrengoak. Gerald Cioleken denboraldia ezin esan zeharo ona denik, batez ere imajinatzen zaizkion dohaiak kontutan harturik  baina Milram taldean Förster izango ez denez, sprintetako gizon garbia berau izango dugu, batez ere Wrolich-en laguntza baliatzen saiatuko delarik.

Hausslerren kasua berriz, zeharo desberdina dugu. Sekulako denboraldia darama eta sprinterako dituen dohaiak agerian geratu dira, dena den, ezin ahaztu Thor Hushovd taldekide izango duela eta ez dut batere garbi inork bestearen lanean ibiltzeko asmorik duen, bakoitza bere aldetik ibiliko den… datu hori jakiten duenak aukeraketa ona egin dezake kasu honetan. Aurtengo Hausslerren sprintak ikaragarriak izan badira ere, uste dut Hushovd taldekide izateak atzera botako nauela aukeraketarako orduan.

(Argazkia: www.letour.fr)

Hortik aurrera, aukeraketa pixkat zabalduxea dago.  Gizon azkarrak direla askotan erakutsi duten izen asko agertzen dira bertan, Napolitano, Furlan, Feillu, O’Grady, Van Avermaet, Duque… aukeraketa on bat egiteko, bakoitza zein asmorekin doan jakitea da gomendagarria, batzuk bakoitzaren taldeburuen alde lanean ibiltzeko arriskua izan baitezakete (O’Grady edo Van Avermaet-en kasu) edo heuren taldean beste sprinterren bat izan daitekeelako (Pozzato NapolitanoTrusov, Van HummelVeelers, LorenzettoFurlan…)

Hauek danak kontutan hartuta egin beharreko hautaketa duzue. Ni, kiniela egiterakoan gehiengoak egin duen aukeraketatik pixkat urruntzea gustatzen zaionetako naizela kontutan hartuta, azken bi argazkietan agertzen diren bi txirrindulariekin, Gerald Ciolek eta Greg Van Avermaet bikotearekin geldituko naiz. Litekeena da bigarrena Evans taldeburuaren alde lan egin eta sprintetan sartzeari uko egin beharrean izatea baina apostu honetxekin geratzen naiz.

Pixkat gehiago arriskatu nahi duenarentzat, aproposak ikusten ditut Romain Feillu edo Kenny Van Hummel bezalako txirrindulariak, oso oso jende gutxik hartu dituztela kontutan harturik.

Zorte on denori!!!