Amorruz beteriko etapa garaipena

Mikel Astarloza. 16. etapan garaileAzkenean iritsi dan zaleok nahi genuen euskal garaipena. Saiatu bai saiatu dira orain arte talde laranjako kideak ihesaldietan sartu eta etapa garaipenaren lehian sartzen, baina gaur arte lortu ez dena gaur Mikel Astarlozak lortu du. Zorionak Mikel!!

Euskaltel-Euskadik Egoi Martinezek mendiko maillota eskuratzeko aukeraren lehian Egoi eta Gorka Verdugo eguneko lehen ihesaldian sartu ditu. Bertan zen Pellizzoti eta maillotaren lehian jarraitu nahi bazuen, gertutik zaindu beharra zuten. Baina ez da posible izan. Italiarra gehiago da eta Col du Grand Saint-Berndard igotzen ari zirela Karpets eta Pellizzoti aurrera joan dira. Egoi Martinezek bere eskuetan zegoen guztia egin du hauei jarraitu ahal izateko, baina ezinak jota, amore eman behar izan du. Zoragarria Egoi Martinezen jarrera, txalotzekoa zalantzarik gabe.

Tropela atzetik Astanako kideak gidatuta zetorren. Mikel Astarloza gaur zerbait egiteko gogoz zen eta tropela utzi eta aurreko iheslarien bila joan da. Lortu ere lortu du. Lehen mendatearen pankartapetik pasatzen lehenak Pellizzoti, Karpets, Fedrigo, Casar, Igor Anton, Voigt, Mikel Astarloza, Velits, Ten Dam eta Goubert izan dira.

Col du Petit Saint-Bernard eguneko bigarren mendatea igotzen hasi direnerako tropel nagusiarekiko ia bost minututako diferentziak zituzten. Mendateko honetan erasoak espero ziren eta hala izan da. Aurreko tropeltxoan Van de Broeck izan da taldea astindu duena eta bere atzetik Pellizzoti joan da. Biak aurrera egin dute eta bazirudien tropeltxoko gainontzekoak ez zirela gai izango haiei jarraitzeko, baina Mikel Astarlozak atzetik aurrera jo du eta muinera iritsi aurretik aurreko biekin bat egin du. Hirukote honi Moinard gehitu zaie eta laukotea osatu dute.

Tropel nagusian ere mugimendu asko izan dira. Saxo Bankek tropela tiratzen hasi da eta noski, beranduago Andy Schleckek erasoa jo du. Atzetik Frank Schleck, Contador, Wiggins eta Nibali izan dira jarraitu diotenak, baina Armstrong, Sastre eta Evans geratu egin dira. Hala ere amerikarra ez zegoen amore emateko, eta metro batzuk aurrerago erasoa jo eta aurrekoak harrapatzea lortu du. Batek daki nondik atera dituen indarrak Texaseko txirrindulari ezagunak, baina egin duenak harrituta utzi nau.

Mendian behera lasterketa buruan Mikel Astarloza eta gainontzeko hiruak ziren. Atzetik Fedrigo eta beste laukote bat 15 segundo ingurura eta tropel nagusia Wiggins buru zutela 1’15” ingurura. 20 kilometro falta ziren helmugarako eta aurreko lauek zuten guztia eman dute diferentziak mantendu eta etapa garaipena lauen artean gera zedin. Tarteak mantentzea lortu dute eta 4 kilometroren faltan Moinard izan da lehen erasoa jo duena baina besteak gurpilera jarri zaizkie. Bi kilometroren faltan, ordea, Mikel Astarlozak hamarreko handian bertsoa abestu die gainontzeko iheskideei. Hauek harri eta zur geratu dira ezer ez baitzuten ulertzen elkarri begira eta ez dira gauza izan Pasaiako txirrindulari adoretsuari jarraitzeko. Fedrigo eta bere taldeak bitartean aurrekoak harrapatzea lortu dute, baina ez Mikel. Mikelek amorru biziz bere azken kilometroetan gogor eutsi dio abiadurari eta amorrazio guztiak kanporatuz helmugako pankarta besoak jasota pasa du. Ikaragarria, Mikel!!

Euskal zalegoak behar zuen horrelako garaipen bat. Urte honetan garaipen gutxi izan dira eta gaurkoa, zalantzarik gabe, handiena. Denbora asko pasa da euskaldun batek Tourrean etapa garaipenik lortzen ez zuela, eta hainbeste itxaron eta gero, gaur iritsi da. Lan bikaina Mikelena, eta lan bikaina, era berean, Euskaltel-Euskadi taldearena mendiko maillota lehiatzen saiatu baitira eta hori galdu badute ere, etapa garaipen lortu baitute. Egun askoren ahalegina izan da ostiraleko etapan Amets Txurrukak bigarren egin zuenekoa bezala eta hona hemen esfortzu guztien fruitua. Zalegoak eskertzen dizue egindako guztia eta honek etorkizuneko txirrindulariei ere motibazioa eragingo diela uste dut. Zorionak guztioi!!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.