Tropela hizkuntza gutxituen inguruko biltzar batean izango da

2010_hizkuntza_gutxituean_biltzarraEuskalduna Jauregian izango den biltzarraren izenburua “Gutxitutako Hizkuntzen erabilera Teknologia Berrietan sustatzeko praktika egokien biltzarra” da. Leizaola Fundazioak antolatzen duen biltzarra azaroaren 18 eta 19an izango da eta Tropela Elkarteak laugarren mahai inguruan hartuko du parte, ostiral goizeko emanaldian.

Tropela Elkartean biltzarrean parte hartzeko gonbidapena gustu handiz jaso genuen. Hizkuntzalari eta soziolinguista garrantzitsuek hartuko dute parte. Horietaz gain Google, Microsoft edo Facebook-eko ordezkariak ere izango dira besteak beste.

Teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko garatutako egitasmo arrakastatsuenen bi aurkezpen izango dira. Bat ostegun arratsaldeko saioan eta bestea ostiral goizean. Guri, aurrez esan bezala, azaroaren 19an, ostirala, goizeko 11:45etan egokitu zaigu.

Biltzarraren inguruko informazio gehiago nahiko bazenute hemen gehitzen dizuegu esteka bat.

2010ari errepasoa (I): Australia epel, Greipel bero

greipel2Urtarrilean hotz egiten du. Euskal Herrian hotz egiten du. Ez, ordea, Australian. Bertan abiatzen dute denboraldia, Tour Down Under lasterketan. HTC-Columbia taldeko Andre Greipel alemaniarra nagusitu zen. Lehen bi etapetan tropela osorik edo ia osorik iritsi zen azken metroetara eta esprintean Greipel izan zen jaun eta jabe. Laugarren etapa ere irabazi zuen eta lideraren mailota eraman zuen soinean hasieratik bukaerara arte. Bigarrenez irabazi du Greipelek Australiako itzulia.
Eta gainerakoan zer? Hirugarren etapa Josean Fernandez Matxainen Footon-Servetto taldeko Manuel Cardosok ustekabea eman zuen etapa irabazita. Ustekabea azken metroetan Alejandro Valverde murtziarrari aurrea hartu ziolako, Caisse de Epargne taldeko txirrindularia azken metroetan oso iaioa den arren, iaioena ez bada.
Valverdek ez, baina bere taldeko Luis Leon Sanchez ez zen esku hutsik etxeratu. Bosgarren etapa –itzuliko menditsuena- begiz joa zuen eta ez zuen hutsik egin. Australiano lasterketa ez da arrotza Sanchezentzat, izan ere, 2005ean etapa eta sailkapen nagusia irabazi baitzituen.
Hain justu ere, Greipelen atzetik bukatu zuen sailkapen nagusian Luis Leon Sanchezek. Zeelanda Berriko Greg Henderson podiumera igo zen Greipel eta Sanchezekin batera. Itzuli handietan nabarmentzen diren txirrindulariei dagokienez, Cadel Evans australiarra aritu zen ondoen. BMC taldeko ziklistak seigarren amaitu zuen. Aditu batentzat baino gehiagorentzat Evansek larrutik ordaindu zuen nola Giroan ala Tourrean denboraldiaren lehen txanpan egindako ahaleginak.

Mobi-Bike eguna: haur minbizidunak laguntzeko eguna bizikletaz Zarautzen

Mobi-bike eguna. AspanogiIgande honetarako Aspanogik (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartea) Mobi-bike eguna antolatu du. Jai giroan eta bizikleten bueltan egun berezi hau ospatuko da Zarautzen eta ateratzen duten diru guztia elkartearentzako izango da.

Bizikletari lotutako eguna izango da batez ere igandekoa, bizikleta eta etxeko txikienak lotzen dituena: BTT ibilaldia izango da, Zarauzko I. triatloi txikia, bizikletaz aritzeko zirkuitu ezberdinak eta bizikletaz Zarautz inguruetan aritzeko aukera. Arratsalderako Pirritx, Porrotx eta Marimototx-en ekitalddia ere izango da (emankizunerako sarrera ordaindu beharko da).

Ekitaldi honetan Orbea Orca bizikleta bat zozketatuko da. Horretarako euro bateko salneurrian txartelak daude salgai. Tropela Elkartea Mobi-Bike egunari bere atxikimendua adierazten dio eta Tropela.net-eko erabiltzaileen artean bizikleta honen zozketarako 20 txartel zozketatuko ditugu. Txartelak eskuratzeko Twitter bidez zuen mezuak bidali beharko dituzue egun honen inguruko aipamenen bat eginez. Ez ahaztu #tropela eta #mobibike etiketak txertatzea mezuan bestela ez baitzarete zozketan sartuko. Mezuak bidaltzeko epea larunbat eguerdiko 14:00tan amaituko da. Garaileak zein izango diren larunbat arratsaldean emango dugu jakitera Twitter bidez.

Igandean egun polit bat izango denaren esperantzan ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu Zarautzera.

Amets Txurrukak Taiwan Cup 2010 irabazi du

Amets Txurrukaren garaipena Taiwanen

Berriki jokatu da Taiwan Cup 2010. Mundu mailako txirrindulari onenek 6km kriterium bat eta 210km-tako bide lasterketa bat ziren jokatzekoak, baina tifoi batek irla asiarreko planak aldatzera eraman ditu antolatzaileak. Eguraldia hobetu denean lasterketa motz baina gogorra antolatu dute Ametsek berak dioen bezala.

Hemen gehitzen dizuet Ametsek hitzetan etaparen nondik norakoak. Zorionak Amets!!

Amets Txurrukaren kronika Taiwanetik

“Badirudi tifoiak atseden hartu duela (“Taichung” inguru honetan behinik behin) eta horrenbestez guri egokitu zaigu atsedena eten eta lanean hastea! Esan bezala atzo laku inguruan bueltatxo bat eman ondoren Orbeak Taiwanen daukan ordezkariarekin ibili ginen inguruak ezagutzen. Berak ezagutarazi zigun, gaurko egunerako, antolakuntzak “Taiwan Cup”-ari alternatiba bat eman nahi ziola eta agian irla honetako mendaterik altuenera igoera antolatuko zutela. Bai antolatu ere! 700m tan atera eta 3275m arte igotzen duen mendatera igoera antolatu dute: hau mendatetzarra! “Wu-ling” mendatearen hasierako kilometroak nahiko etzanak dira baina gerora edarto gogortzen dira eta oxigenoa faltan nabaritzen den 3000m gorako altuera horretara iristeko 52km egin beharra dago! Azken kilometroak errepide estua dela eta antolatzaileek 2200m inguruan jarri dute helmuga eta bertan saritxo batzuk ere bai. Ez da hasieran pentsatuta zuten lasterketa baina egoera nolakoa izan den ikusita irtenbide gogor bezain polita. Esandako hasierako kilometrotan eraso saiakerak ugariak izan badira ere, maldan gora egin beharreko kilometro mordo horrek erabaki du gora iristeko ordena. Igoera erdi aldera Tadej Valjavec, frantziar igotzaile gazte bat eta hirurok geratu gara buruan. Hemengo Orbeako ordezkari eta nire abenturakide Xeberren animoekin aurrera jo eta Taiwan Cup-eko pankartapean lehendabizi pasatzea lortu dugu. Munduaren bestalde honetara arte etorri behar pankartape batean lehendabiziko pasatu ahal izateko? Hau da marka gero! Valjavec iritsi da bigarren eta frantziarra ondoren. Sariak jaso ondoren, puntu horretatik gorengo puntura arte zer geratzen den ikustera joan gara kotxez eta ikaragarria nolako gogorra den ditxosozko “Wu-ling” hau! Interesgarria bestalde, 3000m-tik gora nolako landaredia dagoen oraindik, dena berde berdea! Klima sub-tropikal honek paisaia ikusgarriak eskaintzen ditu mendate garai horietatik! Indarrak berreskuratzeko, berriz ere, dozena bat plater inguruko jatordu ederra egin (platerak txikitxoak dira, ez pentsa, eh!) eta turismoa egiteko prest gara! Bizikleta “Art Ticiano Lin” (Orbea Taiwaneko) gure lagunari entregatu eta bera konpondu dadila aurrerantzean! Orain bai, oporretan gaude eta eguraldiak ere errespetatzen gaituenez azkenera arte disfrutatzen saiatuko gara!

Amets Txurruka”

Argazkia: Fundacioneuskadi.com

2011ko Itzuli Handien ibilbideak (II). Italiako Giroa

Tourraren ibilbidea aurkeztu eta egun gutxira, Italiako Giroaren ordua izan da. Larunbatean aurkeztu dute italiarrentzat hain maitatua den txirrindularitza proba. giro11

Beti gertatzen den moduan, aurkeztu aurretik baziren ibilbideari buruzko zurrumurru batzuk kalean baina egia esateko, gehiegizkoa iruditzen zitzaidan esaten ari zen guztia edizio bakarrean izatea eta zailtasunean “mozketak” espero nituen. Baina iritsi zen larunbata, eta zurrumurru guztiak goitik behera bete dira, hau da, beldurgarrizko gogortasuna izango duen edizio baten aurrean gaude. Agian, nik itzuli handiak jarraitzen ditudanetik ezagutu dudan gogorrena.

Azken urteetan Italiako Giroaren ibilbideak ikusgarritzat jo daitezke. Egia da Italiako orografiak asko laguntzen diola lan horretan baina egia da baita ere, bere zuzendaria den Angelo Zomegnan-ek izaera gogorra eta ausardia erakutsi duela, iazko Montalcinoko etaparen ondoren jaso zituen kritiken ondoren, aurten ere “sterrato”ko kilometro mordoxka bat ipini baititu eta orokorrean etapen luzera mozteko ohitura orokortzen ari den garai honetan, sekulako kilometrotze pila izango dituztelako.

Tourrean bezala, hemen ere erlojupeko kilometro gehiago botatzen ditut faltan baina, egia esateko, ez dakit zenbat kilometro beharko liratekeen ibilbidea orekatua dela esateko. Izan ere, hain da beldurgarria datorren urterako prestatu duten mendiko anoa!!! bestalde, nire esku egon balitz, mendateetan bukatzen diren hainbeste etapa izan beharrean, behean bukatu edo mendate errazago batean bukatzen direnen alde egingo nukeen. Bi puntu hauetxek ikusten ditut ibilbide ikusgarri hau hobetzeko modukoak.

Aurreneko aste zoragarri batekin hasiko da Giroa. Taldekako erlojupekoak emango dio hasiera eta ondoren sprinterrentzat eta amaieran tranpak izango dituzten etapak nahastuko dira. Ez dugu Cavendish 5 etapetan eskuak igota ikusteko arrisku handirik. Izan ere, aurreneko asteko Rapallo, Orvieto, Fiuggi Terme, Montevergine eta Etnako amaierak ikusi ondoren, hasiera ikusgarri baten aurrean gaudela esan daiteke.

Eta hortik aurrera zer? zailtasuna gutxitu beharrean goraka joango da. Sekulako “astakeria” da 13, 14 eta 15 etapetako profiletan ikusten dena, ikaragarria!!! 15. etapa hori istorian paper gainean prestatu den 5 etaparik gogorrenetakoa izan daiteke.

Horren ondoren atseden eguna izango dute eta hobe dute ondo aprobetxatzea, hortik Milanera bidean ez baitute askoz aukera gehiagorik izango. Nevegal-go kronoigoera, Sondriora Tonale eta Aprica igota, San Pellegrinora Passo Ganda igota, Mottarone eta Macugnagako etapa eta Finestre eta Sestriereko etapa izango baitituzte Milango 32,8 kmko erlojupekoaren aurretik. Amaiera beldurgarria benetan!!

Ez nuen uste ni hau esatera iritsiko nintzenik baina “gehiegizkoa” dela iruditzen zait. Dena dela, gauza bat garbi dago, jendeak mugitzeko asmorik agertzen ez badu ere, ibilbidea bera arduratuko da helmugan txirrindulari multzo txikiak ikustearekin. Biziraupen proba bat bihurtu daiteke datorren urteko Giroa. Dudarik gabe, datorren urtean ere atentzio gehiena emango diodan itzuli handia hauxe izango da, Italiako Giroa. W il Giro!!!