Azkena izan dadila

Hotzikara bat sentitu nuen igande eguerdian. Iñaki Lejarreta kotxe batek kolpatuta hil zela jakitean, bere lekuan ni egon nintekeela pentsatu nuen, beste askok bezala. Pentsamendu berekoi samarra, baina nik behintzat honelakoren bat gertatzen denero sentitzen dudana. Egoeraren berotasunean, haserre, askok salatu genuen hilketatzat gertaturikoa. Sare sozialetan ohartarazi zidaten gehiegizkoa dela hilketatzat jotzea honelako “istripu” bat. Neurri handi batean arrazoi dutela aitortu beharrean nago, horretarako informazio nahikoa ez baikenuen. Horregatik inor mindua sentitu bazen, nire barkamenak bihoazkio lerro hauen bidez.

Dena den, bai egun bertako erreakzioek bai ondorengo egunetan irakurri/entzun ditudanek gogoeta egitera eraman naute. Ez zait batere bidezkoa iruditzen, ez kasu honetan, ez beste hainbatetan ere “istripu” hauei ematen zaien tratamentua. Ez baitira istripuak.

Erreakzioei erreparatuz, medioek esplikaezina dena esplikatzeko eta guk ulertezina dena ulertzen saiatzeko egiten dugun ahalegina aipatuko nuke. Ikerketa zabalik badago, zergatik hasten dira medio asko eta baita gu geu ere lagunartean aitzakia bila? Berrian irakurri ahal izan genuen antzeko informazioa zabaldu zen medio gehienetan: gidaria 22 urteko gaztea zela, Gurutze Gorriko boluntarioa, 12 orduko guardia batetik bueltan zetorrela etab. Hots, lerro artean edo esplizituki zioten litekeena zela gidariak lo hartu izana. Nolabait esatearren, ulergarria egiten saiatzen gara gertaturikoa, justifikatzen, zuritzen, ardura gidariaren bizkarretik arintzen…

Zertara dator Gurutze Gorriko boluntarioa dela leku guztietan aipatzea? Zer gehitzen dio informazioari? Altzairu fabrika batetik bueltan zetorren behargina balitz idatziko al zuten ze enpresetan lan egitetik zetorren? Langabezian balego eta Anbotora goiz pasa bazihoan berdin aipatuko al zuten? Kriterio onez izena ezkutatu duten bezala, horrelako detaileak ezkutatzea litzateke onena. Hori argitaratzean, baina, “gazte zintzo eta arduratsu” bat bezala aurkezteko ahalegina somatzen dut. Beste era bateko delituen kasuan, delituegilearen nazionalitatea aipatzea askok onargarritzat jotzen ez dugun bezala (atzerritarrak estigmatizatzeko joera baitago, gaizto sanbenitoa jarriz), ez zait onargarria iruditzen zintzo sanbenitoa jartzeko ahalegina ere. Gertaturikoa aztertzeko edo epaitzeko orduan bost axola non lan egitetik zetorren, baldin eta ez bada eritzi publikoa norabide batetan mugitu nahi.

Gehienetan hain zorrotz idazten duen eta azkenaldian txirrindularitzaz artikulu bikainak idazten ari den Alain Laisekak beste hipotesi bat ere aipatu zuen Deian. Eguzkiak itsutu ahal izan zuela gidaria. Erabat erratuz antza. Segituan jaso baizuen erantzuna medio bertan, ordu hortan eta zihoan norabidean eguzkiak atzetik jotzen duenez hori ezinezkoa dela argitu baizion irakurle batek. Baina bai logure izanaren hipotesia plazaratuz, bai eguzkiaren hipotesia plazaratuz, gidariaren jokabidea ulertzeko/justifikatzeko gehiegizko ahalegina ikusten dut.

Demagun egia dela logure zela. Eta zer? Autobusa har zezakeen, kotxean bertan lo kuluxka egin, lagun edo senitarteko bati bila joateko deitu edo distantziaren arabera baita oinez joan ere. Baina ez. Kotxea hartu zuen. Bere aukera egin zuen. Bere ardurapean. Demagun eguzkiagatik edo beste arrazoi bategatik ez zuela ongi ikusi aurrean zuena. Kasu horretan ere bere ardura zen abiadura mantsotzea edo bere gidatzeko era errepidearen egoerara moldatzea. Baina dirudienez, hori ere ez zuen egin.

Hau dena gutxi balitz, gidariak drogen testean positibo eman zuela konfirmatu du gaur Ertzaintzak. Eta gaur ere, segituan hasi gara hipotesiekin. Gehien entzun ditudanak bi izan dira:

1. Depresioekin zebilela gidaria eta medikamentuak hartzen. Horren ondorio izan daitekeela positiboa.
2. Iñaki kolpatu ondorengo shock-ean artatu beharra izan zutela eta orduan emandako sustantziaren batek eragin duela positiboa.

Gaur ere badirudi bai kazetariak, bai geu ere arrazoi logikoaren bila gabiltzala. “Ezin liteke egia izan drogatuta zihoala!! Legez kanpoko drogen menpe ez behintzat”. Legezko drogekin, hots, medikamentuekin ipurtzuloraino drogatuta joatea posible ez balitz bezala…Beraz, bigarren hipotesi arraro hori salbu, ze axola aisialdiko drogen ala farmaziako drogen menpe zihoan? Ia erabat frogatuta legokeena da bere zentzumenak murriztuak zeuzkala eta ez zegoela gidatzeko moduan.

Ikerketak argituko du dena, baina oraingoz 2 froga oso argi daude guzti honetan, inork ukatu ezin ditzakeenak: Iñaki zapaldu izana eta positiboa. Eta nik uste honez gero ondoriozta daitekeela: gidaria goiz hortan ez zegoen gidatzeko moduan. Ea ikerketak argitzen duen zergatik ez zegoen autoa hartzeko moduan; gidariak berak jakingo du arrazoia eta hala ere, bere borondatez, bere ardurapean, zergatik egin zuen autoa hartzeko hautua.

Azken finean, hau gutako edonori gerta dakiokeen zerbait dela oso barneratua dugu. Gu gidariaren lekuan ere egon gintezkeela. “Zerbait gertatuko zitzaion, ez zuen ikusiko, despisteren bat edukiko zuen etab… ” Auto bat gidatzen duen edonork, edozein egunetan txirrindulari bat akabatu dezakegun idea horrek izutzen gaitu. Beldurra ematen digu eta gidariarekiko enpatia sorrarazi. Baina hau guztiz faltsua da. Gidatzen dugun bakoitzean autoa egoera onean badugu, gu egoera onean egoteaz arduratzen bagara, arauak errespetatuz bagabiltza, ongi ikusten ez dugun lekutan abiadura neurriz gutxitzen badugu, bolantean telefono, GPS edo bestelako distrakziorik ez izateaz arduratzen bagara etab. ez dugu “sustorik” izango. Izan dezagun argi: edozeinek ezin dezake txirrindulari bat akabatu.

Eta onar dezagun behingoz. Arintasun gehiegiz hartzen dugu autoa. Nonbaitera joan behar dugunean, autoa, garraio publikoa edo beste garraiobide baten artean aukera egiteko orduan hainbat faktore hartzen ditugu kontuan: prezioa, aparkatzeko erraztasunak, denbora etab. Baina inor gutxik pentsatzen du autoa hartzean geureganatzen dugun arduraz , edo gordinago esanda, gehiago arriskatzen dugula. Gidatzearen plazerra, atsegina saltzen digute iragarkiek, baina gidatzearen ardura eta sor ditzakegun ondorio lazgarriak ere erosten ditugu.

Eta beste gizaseme baten heriotza gure ardura edo arduragabekeriaren ondorio den momentutik, hilketa bat da. Legeez gutxi dakit, ez dakit juridikoki nola deituko dioten, baina Iurretakoa gidariaren arduragabekeria bat izan bada, hilketa bat da. Ez baita patua. Ez baita zorte txarra. Pertsona baten hautu oker batek beste pertsona baten heriotza ekarri duela dirudi. Ekidin zitekeen. Ez da istripu bat izan.

Besarkada handi bat Iñaki Lejarretaren senide eta lagunei. Azkena izan dadila.

Argazkia: www.lejarreta-inaki.com