Aurtengo Giroko gizonik indartsuena Leonardo txikia dela esango nuke. Ez da tropeleko gazteetako bat, jada 36 urte egitera baitoa aurten, Gilberto Simoni bezalaxe (argazkiko bestea).
Ba, atzokoarekin Piepolik etapa bana oparitu die Riccó gazteari eta Simoni taldeburuari. Horretaz gain, bere etapa irabazi zuen gainean amaitzen zen lehen etapa serioan eta ia-ia kronoeskalada ere berak eraman zuen. Patxi Vilaren Marzio lagunak segundu bakar batengatik kendu zion garaipena. Alegia, etapa bat irabazi, 2 oparitu eta beste batean ere 2.postua. Gure Aditua ere zur eta lur geratu zela uste dut Piepolik erlojupekoan (kronoeskalada) lortutako emaitzekin.
Igoeretan bera izan da nagusi eta kronoeskaladan ere bai. Beraz, Simonirentzat lanik egin izan ez balu Giro irabazteko aukerak eduki zitzakeela iruditzen zait. Baina nork jakin.
Hain indartsu dagoenez ea bere taldekide euskaldunari, Iban Mayori ere beste etapa bat oparitzen dion eta horrela euskal zalegoa ere Giroko etapa batekin zorroan benetan gustura geratuko gara.
Beste datu bat: Simonik ere baditu 2. postu pare bat eta Riccók ere bai beste bat. Guztira, Saunier Duvalek, 3 etapa eta 6 2. postu. Ikaragarria! (Ez dut erabiliko ez harrigarria ezta susmagarria ere inor haserretu ez dadin)
Igandeko hauteskundeak joan dira eta ia-ia “erreflexio eguna” ere bai. Urtero bezala politikari guztiei garaile atera direla eta emaitzekin gustura daudela entzun diegu. Denek izango dute arrazoi pittin bat. Gaur, denak lanean zenbakiek zer dioten aztertzeko.
Gaurko etapan Agnello ikaragarria (ikusgarria duen amaiera) eta Izoard igo beharko dituzte, bihar Oropara krono-igoera, larunbatean San Marco amaitezina, igandean Giau beldurgarria eta Tre Cime Lavaredo… laburbilduz, erasotu nahi duenak ez du ibilbidearen aitzakirik izango. Kontua hori da, indarrez gain erasotzeko gogoa izatea.
Falta diren mendiko etapak kontutan hartuta zaila da gaur Giroa erabakita uztea (hori Armstrongek eta iaz Bassok bakarrik egin dute aspaldian) baina ziur Giro hasieran hautagaien artean zeudenen arteko izen zerrenda murrizten dela. Monteverginen oso indartsu agertu ez ziren batzuk, Popovych edo Savoldellik adibidez, aste honetan beroien sasoi-puntua hobetu ez badute agur esan diezaiokete Giroan izan ditzaketen aukerei.
Giroaren hasiera irla baten izan eta berorrek dakarren tokialdatzearen ondorioz segituan dugu aurreneko atseden eguna, eta hurrengo egunean aurreneko “mendiko etapa”. Kakotx artean jartzen dut, etapa esprinterrentzat ez den arren ez delako agian aproposena mendi gogorragoetan ikusiko ditugun protagonista berberak ikusteko.