Erreflexio eguna

daniloIgandeko hauteskundeak joan dira eta ia-ia “erreflexio eguna” ere bai. Urtero bezala politikari guztiei garaile atera direla eta emaitzekin gustura daudela entzun diegu. Denek izango dute arrazoi pittin bat. Gaur, denak lanean zenbakiek zer dioten aztertzeko.

Italia aldean, ordea, ez da horrelakorik gertatzen. Gaur guztiek jai izan dute. (Halere, kilometro batzuk egingo zituzten) Asteburuko bi etapa gogor eta ikusgarriren ondoren, gaur merezitako atsedena izan dutela esan behar. Patxi Vilak BERRIAn adierazi bezala eta igandeko etapan ikusi genion bezala, ziklista ugari zeuden atseden egunaren zain. Lehen atseden eguna oso goiz jarri zuten antolatzaileek Sardiniatik irten ahal izateko eta gainera bidaiatzeko erabili behar izan zuten. Horrek guztiak, bi atseden egunen arteko tartea luzea eta gogorra bihurtu du. Baina ikuslearentzat ikusgarria izan dela esan behar.

Orain artekoa aztertuz gero honako ideia hauek etortzen zaizkit aurrera begira. Ea ados zaudeten.

– Orain arte, Danilo Di Lucak nagusitasun ikaragarria erakutsi du eta Giroa irabazteko hautagai nagusia da.

Gilberto Simonik igandean ez zuen erasotu. Etsita ala ezinean zihoala uste dut. Ala egoskorkeria hutsa. Ez didazue esango etapa garaipena arriskuan ez jartzeagatik izan zenik. Ez, ez.
Di Lucak Giroa erabakita utzi ahal izan duenean ez du egin eta orain sorpresak egon daitezke. Hirugarren astean behera egiten hasi behar du.
Eddy Mazzoleni horrenbeste gerturatu ahal izatea ekidin zezaketen. Norbait damutuko da. Mazzoleni podiumean ikusten dut. Lehen postuan? Agian. Erlojupekoa bere alde du.
Damiano Cunego, nahi eta ezinean dabil. Talderik indartsuena dute Saunier Duvalekin batera liderrak ezin duenean akabo!

Simoni, Riccó, Piepoli hirukotearekin, azken aste honetan sailkapena iraultzeko asko arriskatuko dutela iruditzen zait. Matxin, bai ezta?

Andy Schleck egiten ari dena benetan harrigarria. CSC taldeak egindako lan kaxkarra bera bakarrik ari da estaltzen. Oso erregularra. Dopingarekin ditugun garaiak ikusita horrelako txirrindulari gazte batek, orain arte inoiz 3 asteko itzuli batean ezer erakutsi ez duenean, susmagarria egiten zait.

Paolo Savoldellik igoeretan dituen gabeziek aukerarik gabe utzi zuten aspaldi. Halere, azken egunetan ikusgarri aritu da eta gainera taldekide batengatik bereak eta bi ari da ematen. Berak eta bere jaitsierek sartu dute Mazzoleni podiumerako borrokan.

Alessandro Petacchi handia itzuli da. Ez nuen inondik inora espero baina pozten naiz. Gainera, oraingoz ez du lortu lehen zuen erabateko nagusitasun hori beste esprinterrekiko. Jada ez du lortuko. Tourrean ikusiko dugu.

Paolo Bettini oso borrokalari eta motibatuta ikusi izan dut etapa askotan. Bigarren postu batzuk pilatu ditu. Ea etapa bat irabazten duen.

Patxi Vila da euskaldunen artean nabarmentzen ari den bakarra. Igandean denbora asko galdu zuen baina baliteke horrek askatasun pixka bat ematea eta datozen egunetan egurrean ikustea. Animo Patxi!

Beste txirrindulari asko ere aipatu beharko nituzke baina ezinezkoa zait. Hori zuen esku uzten dut. Bota zuen iritzia.
Azken astean normala litzateke Di Lucak zertxobait behera egitea eta Simonik, berriz, gora egitea. Tartean Mazzoleni eta Schleck egonda eta hauek erlojupekoan hobeto moldatuko direla ikusita oraindik saltsa eta mugimendu ugari izango da. Nik sailkapena irauli egingo dela esaten det. Bukaerako podiuma: Mazzoleni-Schleck-Simoni

Zuek zer diozue? Geratzen diren 6 etapen inguruan zer dio Gure Adituak? Ea euskaldunek etapatxo bat ateratzen duten ezta?