Txirrindularien jarreraren menpe

Izan ere, ibilbideari begiratuta sekulako etapak datozkigu datozen egunotan. Dena den, paperean agertzen den gogortasun hori ezerezean edo sekulako sarraskian bihur daiteke, beti ere txirrindularien jarreraren menpe.

271268-993744-317-238.jpgGaurko etapan Agnello ikaragarria (ikusgarria duen amaiera) eta Izoard igo beharko dituzte, bihar Oropara krono-igoera, larunbatean San Marco amaitezina, igandean Giau beldurgarria eta Tre Cime Lavaredo… laburbilduz, erasotu nahi duenak ez du ibilbidearen aitzakirik izango. Kontua hori da, indarrez gain erasotzeko gogoa izatea.

Nor izango da hautagai nagusien artean lehen erasotuko duena? urrutitik izango al da eraso hori? galdera asko eta zailak dira berauek. Di Lucak adierazi duenez, biharko krono-igoera aprobetxatu nahi du denbora gehiago sartu eta datozen egunetan besteen erasoen aurrean modu defentsiboagoan jokatzeko. Ez dakit berak erasorik jo gabe aurretik dituen denak atzera joango direnaren ziurtasuna duen baina ni ez nintzateke hain ziur sentituko. Arroyo, Bruseghin edo Vila bezalako jendeak, erasorik ezean, ez du denbora asko galduko.

Lasterketa mugitu behar lukeena Saunier da. Momentuz Simoniren apostu egitekotan dira eta bere sasoi puntu onenean jartzeko bidean dela ere ematen du baina ez dira oso urrun Ricco, Mayo edo Piepoli bezelako txirrindulariak. Azken hauen aukera jokatu behar lukete urrutitik erasotzerako orduan.
Gaurko etapa aproposa izango da Agnellon gora ihesaldi garrantzitsu bat sortzeko. Ez agian Di Luca, Simoni edo Cunego bertan direlarik, baina bai Mayo, Sella, Mazzoleni, Perez Cuapio, Pellizotti (Giroko liderra eta Di Luca taldekideak izateaz aprobetxa daiteke)… bezalako txirrindularientzat. Aurreko asteko ihesaldian sartu izan ez balira, etapa aproposa baita ere Vila, Bruseghin, Arroyo eta Sellarentzat ere, dena den, zaila izango da berriro ere ihesaldian sartzen uztea.

Espero dezagun txirrindulariak borrokarako prest egotea. Ea gaurtik hasten diren oilarren arteko mugimenduak nahiz eta biharko krono-igoera hor egonda, gaurko etapa “bigarren txirrindularientzat” aproposagoa gerta daitekeen.