Euskal Herriko Itzulia Gomez Marchanterentzat

Inor gutxik espero lezakeen emaitza batekin amaitu da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Gomez Marchanteren garaipena ezustekoen artean sartzeko modukoa dela esan daiteke, nahiz eta 6 egunetan, gizonik indartsuena ez dakit baina indartsuenetako bat dela erakutsi digun. Orain arte ez zuen erlojupekoetan larunbatean erakutsitako mailarik agertu baina beste zenbait txirrindularirekin gertatu izan ohi den bezala, duen gaztetasunak bere akatsak hobetzeko astia ematen dio eta dirudienez aurtengo neguan Estatu Batuetan eginiko froga aerodinamikoek emaitza onak eman dituzte.marchante.jpg

Bere atzetik Valverde sailkatu da. Honen kasuan ere pixka bat harrigarria lortutako emaitza. Asko ziren etapa bat edo bi irabazteko gai zela iragartzera ausartzen zirenak, gutxi ordea erlojupekoan eman zuen maila emango zuela aurreratzera ausartu zirenak.

Izan ere, murtziarrak bere txirrindulari urteetan zerbaiten falta erakutsi badu, erlojupeko errendimendua izan da eta honek ere puntu bat bada ere hobera egin duela dirudi. Hori bai, ez gaitezen zenbait kazetarien paperean jarri eta Zallako erlojupeko datuak Tourreko erlojupeko bat izango balitz bezala kontutan hartzen. Euskal Herriko Itzulian ez zegoen apenas erlojupekorik menperatzen zuen txirrindularirik eta nahi edo ez, Gomez Marchante edo Valverdek (izan ere bien kasuan Tourra da aurtengo helburu nagusia) horiekin elkar ikusi beharko dute uztailean, Ullrich, Basso, Landis, Leipheimer edo Vinokourov-en kasu. Momentu hori iristen denean ikusiko dugu benetan aurrerapausorik egin duten edo euren erlojupeko espezialitatean.

Euskaldunak nahi eta uste baino gutxiago agertu zaizkigu. Aitor Osa ondo kokatuta eta batez ere sasoiko zegoela zirudienean etxerako bidea hartzera derrigortu zuen eroriko batek. Vila hor izan dugu baina ez Paris-Nizan izan zuen protagonismo mailarekin, Egoi Martinez ere uste baino gutxiago agertu da, Bruk ez du etapa garaipenean sartzeko aukerarik izan… laburbilduz, nire iritzi apalean behintzat euskaldunengandik gehiago espero nuen.

Ibilbideak beste eztabaida bat merezi du. Jakina da Euskal Herrian ez dela jarraian kilometro lau asko bilatzea lan erraza, beraz beti izango dugu ibilbide gorabeheratsua. Hala ere, nik neurean jarraitzen dut eta ez zait iruditzen aurtengo edizioa orekatua zegoenik. 24km-tako erlojupeko bat orekatzeko aurten izan den mendi kopuru eta gogortasuna handitu beharko litzateke. Datorren urterako Santa Barbara eta Ubal mendatetxoetan etapa amaierak izango direla aipatzen hasi dira eta horrelakoren baten beharra dagoela iruditzen zait azken eguneko erlojupekoa hain erabakigarria ez izateko. Eta hau dena erlojupekoan berez oso ondo ibiltzen ez diren txirrindulari batzuk gailendu direla jakinda aipatzen dut.