Azkenean Efimkinek ezin izan zion eutsi lidergoari Tropelari bezperan esperantzatsu agertu bazitzaion ere. Baina arrazoi zuen talde sendoa zuela adierazi zuenean, izan ere Tino Zaballa kantauriarrak izugarrizko erakustaldia eman ostean, etapa eta itzulia irabazi baitzituen. Euskaldunen artean nabarmendu zitzaiguna Patxi Vila izan genuen, 9. etapan eta sailkapen nagusian 6. postuan. Bide batez esan Lampre taldearekin berritu duela beste bi urtetarako, Euskaltel taldearen eskaintza izan badu ere.
Beharbada jakingo duzuen bezala, Zaballa Puerto Operazioko zerrendan azaldutako txirrindularia da. Euskal Bizikletak iraun duen hiru egunetan zehar Aitor Osa eta Joseba Beloki ETBko esatari izan ziren eta poza agertu zuten txirrindulari kantauriarrak garaipena lortu zuelako, beraien ustez Puerto Operazioaren ondorioz sufritutakoak sufritu eta gero, txirrindulari hauekin kritiko izan direnei errugabetasuna erakusteko modua izan baitzen.
Ez dira guztiak iritzi berekoak. ciclismo2005 webgunean kritika zuzena egin zaio euskal lasterketari. Euskal txirrindulari zaleon onarpen maila salatzen zaigu bertan eta hau dela merezi dugun txirrindularitza dio webgunearen arduradunak. Seguru zeresan handiak emango dituela adierazpenok.