#20000baietz kanpaina. Inoizko tropelik handiena Tourrean!!

Gaur hasi eta hurrengo ostirala bitartean, bi egunak barne, #20000baietz kanpaina jarriko dugu martxan. Kanpaina honen bidez Tropelak lehiaketa berean inoizko kiniela kopururik handiena biltzeko asmoa du, 20.000 kiniela. Marka handia da izan ere azken urteetan 18.600tik gora lortu genituen 2016an, eta iaz atarian geratu ginen, 19.770 kinielekin. Lortuko ote dugu erronka? Zuen laguntzarekin seguru baietz!

Asmoa sare sozialetan prestatu ditugun irudiak zabaltzea da #tropela eta #20000baietz etiketekin. Mezuaren edukian nahi duzuena jar dezakezue, beti ere bi etiketa horiek, ondorengo irudietako bat eta tropelaren kontuei aipamena gehituz, guk ere mezuen berri izan dezagun.

**Twitterrerako irudia jaitsi**

**Facebookerako irudia jaitsi**

**Instagramerako irudia jaitsi**

Nola ez, kanpaina parte hartzen duzuen guztion artean #tropelafaktorea kamiseta bat zozketatuko dugu egunero (gogoratu gure dendan eskuragai duzuela). Zozketa hurrengo egunean egingo da eta sarituren berri bai sare sozialetan baita post honetan bertan ere emango dugu. Gogoratu egunero zozketa berri bat izango dela, beraz, egunero har dezakezue parte egunero mezu berri bat zabaltzen baduzue.

Ea ba guztion artean 20.000 kiniela horiek lortzeko gai izaten garen!!

#258 Tropela.eus podcastak: 2018ko Frantziako Tourraren ingurukoak

2018ko Frantziako Tourra hasteko oraindik astebete baino gehiago falta denean, Imanol Lluciak (@imanolllucia) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast hau grabatu dute Frantziako Tourrari begira. Bertan Tropela Hondartzanen 4. ekitaldia aipatzeaz gain, orokorrean goi mailako txirrindularitzaren inguruko gaiak jorratu dituzte beti ere Frantziako Tourrarekin erlazionatutakoak.

#257 Tropela.eus podcastak: 2018ko Italiako Giroa errepasoak – 21. etapa

Erromako zirkuituan amaitu da 2018ko Giroa. Bertan ezer gutxi zuten sailkapen nagusiko txirrindulariek egiteko dena erabakita baitzen. Etaparen lehian zirenak saiatu dira eta azkenean esprintak erabaki du garailea. Gaurkoan Sam Bennett (BOH) izan da azkarrena maillot ciclaminoaren aurretik. Giroaren garailea Froome (SKY) izan da, gazterik onena Miguel Angel Lopez, mendiko sailkapeneko irabazlea Froome bera, ciclaminoa Vivianik (QST) eraman du, taldekakoa SKYk eta euskaldunik onena Pello Bilbao (AST) izan da, orokorrean 6. sailkatuta. Hau guztia Imanol Lluciak (@imanolllucia) kontatzen digu mini podcast honetan.

#256 Tropela.eus podcastak: 2018ko Italiako Giroa errepasoak – 20. etapa

2018ko Giroko 20. etapa zuten txirrindulariek beraien sailkapen nagusiko postuengatik lehiatzeko. FroomeDumoulin eta Miguel Angel LopezCarapaz ziren besteak beste. Hala ere etapa garaipena ihesaldian egon da eta bertako indartsuena Mikel Nieve (MTS) naparra izan dugu. Egoitz Lizasok (@elizaso) kontatzen digu gertatutakoa eta bere analisia.

#255 Tropela.eus podcastak: 2018ko Italiako Giroa errepasoak – 19. etapa

Ikaragarrizko etapa izan da 2018ko Giroko 19. etapa hau. Bezperan Yates (MTS) liderraren ahulezi zantzuak animatuta akaso, SKY taldeak lasterketa puskatzea erabaki du Froomen (SKY) urrutiko eraso batekin. Ingelesak etapa eta maillot arrosa eskuratu ditu. Hau eta gehiago kontatzen digu Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan.