Azkenean gaur Tourra abiatuko dela dirudi. Azken 7 urteetako irabazlea, Lance Armstrong erretiratu ondoren Tour irekiago bat ikusiko genuela bazirudien, zer esanik ez atzoko eskandalu guztiarekin. Azkenean, Tourreko antolatzaileek Puerto operazioan susmagarri direnak kanporatzea erabaki zuen eta honela, iaz amerikarraren atzetik amaitu zuten hirurek (Basso, Ullrich eta Mancebo) etxerako bidea hartu zuten. Horiez gain, Sevilla (T-Mobile) eta Astaná-Wurth taldeko 5 txirrindulari (horien artean Joseba Beloki) ere kanporatuak izan ziren. Honela, Tourreko arauen arabera, talde batek 6 txirrindulari baino gutxiagorekin parte hartu ezin duenez, Astaná talde osoak etxerako bidea hartu behar izan zuen eta bertan Alexandre Vinokourov, iaz Tourrean 5. postuan amaitu zuena ere parte hartu ezinik geratu da. Beraz, iazko lehen bostak faltako dira Tourrean…
Azkenean, 2 talde oso (Comunidad Valenciana eta Astaná) eta 4 txirrindulari gutxiagorekin abiatuko da Tourra. Ea zenbat iristen dira Parisa.
Izen aldetik galera handia izan da Tourrarentzat baina ikuskizun aldetik, hain irekia egotean, oso erakargarria gerta daiteke aurtengo Tourra. Ikusiko dugu. Halere, aurtengo garaileari nork sinetsiko dio “garbi” dagoela?
Argazkian ikus daitekeen bezala, bai prentsa eta baita zalegoa ere azalpen gosez da eta horrek oraindik aurtengo Tourrari min handia egin diezaioke. Batez ere, oraindik azken operazio honetako paper guztiak ez direlako sekretupetik atera (kaxa bat falta omen da). Laster aterako dira, bai horixe… Kazetari batzuk ez dute horretarako beldurrik, nahiz eta errugabetasun presuntzioa zer den oso ongi jakin…

KAIKUk atzo jakinarazi zuenez, aurten amaitutzat emango du KAIKU txirrindulari taldeari ematen zion babesa. Jakina zen proiektu hau motza izan zitekeela, bi urteotako kontratua sinatu baitzuten. Nahiz eta KAIKUk positiboki baloratu bi urteotako lana, seguru nago Espainiako Itzulian parte hartu ezin izanak bere pisua izango zuela.
Asturiasko Itzuliko 4. etapa eguraldi oso kaskarrarekin egin behar izan zuten, euripean. Horrek lasterketa asko gogortu zuen eta borroka askoren ondoren ihesaldiko gizonek tropelarekiko abantaila txiki batekin iristea lortu zuten. Iheskideen artean azkarrena larrabetzuarra izan zen. Zoronak Mikel!!
A ze erakustaldia burlatarrak Suitzako itzuliko 6. etapan eman duena. Suitzako mendi garaietan oilarren borroka hasi denean hortxe egon da Koldo Gil, burua hotz. Unerik aproposenean erasoa jo eta bakarrik ekin dio maldaren azken kilometroei. Aurretik zihoazenak harrapatu, gailurrera heldu eta ziztu bizian jeitsi ditu helmugarako geratzen ziren kilometro apurrak. Etapa eta lidergoa berarentzat. Nafarraren atzetik Jorg Jasche eta Jan Ullrich izan dira indartsuenak.