Aurreko astean hasi zitzaigun aurtengo Korrika, 16.ekitaldia. Beraz, hamar bat egunez bai lekukoa eta baita euskara ere bolo-bolo ibiliko dira Euskal Herriko errepideetan. Baina datozen egun hauetan Korrikaz aparte Euskal Herriko errepideetan munduko ziklistarik onenak lehian ikusteko aukera izango dugu. Batzuentzat Euskal Herriko Itzulia izango da ezagunena baina igaro den asteburutik hasita hainbat lasterketa daude antolatuta egun hauetarako. Hona hemen txirrindularizaleon Euskal Astea:
Martxoak 29, Laudioko Sari Nagusia: Asteburu honetan jokatu da eta Euskaltel-Euskadi taldeko Samuel Sanchez nagusitu zen, David De la Fuente (Fuji) eta Ezequiel Mosquera (Xacobeo) iheskideei aurre hartuta.
Apirilak 4, Miguel Indurain Sari Nagusia: Euskal Herriko Itzulira datozen ziklista asko bertan lehiatu ohi dira. Lasterketa hau jarraituta informazio ona lor daiteke Tropelako kiniela egiteko.

Apirilak 6-11, Euskal Herriko Itzulia: Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta elkartu egin dira eta horrek ibilbidean Arrateko igoera gehitzea dakar. Ibilbide eta parte hartzaileen aldetik itxura oso ona du lasterketak. Ea protagonistek zer ematen duten eta gure kinielekin asmatzen dugun!
Apirilak 12, Udaberriko Klasika (Zornotza): Parte hartzaileen maila zertxobait jaisten den arren, Euskal Herrira etorri diren talde sendoetako batzuk bertan izan ohi dira. Euskal asteari amaiera emateko proba biribila.
Tropela Elkartearen aldetik gure ongi etorririk beroena Korrikari, euskarari eta txirrindularitzari! Goza dezagun!
Argazkia: cyclingnews.com
Badakigu Euskal Herriko lantoki askotan txirrindularitza porrak antolatzeko joera dagoela eta gure asmoa horretarako Tropela.net webguneak eskaintzen duen aukera erabiltzea dela. Kasu horietako bat ekarri nahiko genuke hona, bertan beraien tropeltxoko irabazleak Tropelako kamiseta baitu sari moduan. Tropelako kamiseta eta urte osorako lankideen begirunea! Hauxe da Arrasateko Garaia Berrikuntza Zentroan dagoen enpresa batetik bidali diguten gutuna: