Contador eta Armstrongek sinatutako maillotak zuen eskura

Contador eta Armstrong 2009 Tourreko podiumeanAurreratu genizuen bezala, Alberto Contador eta Lance Armstrong txirrindulari ezagunen maillotak ditugu gure parte hartzaileen artean banatzeko. Dakizuen bezala Alberto Contador aurtengo Tourreko garailea izan da eta irabazten duen 2.a da. Lance Armstrong, berriz, 7 Tour irabazi ostean berriro txirrindularitza profesionalera itzuli da aurtengoan eta 3. postuan sailkatu da Tourrean. Zalantzarik ez bi txirrindulari paregabeen maillotez ari garela.

Urriaren 2an “2009ko Sari Banaketa Ekitaldia” burutuko dugu. Oraindik ez dakigu non izango den, baina lasai, garaiz jakinaraziko dizuegu eta. Sari banaketa ekitaldi honetara 2009an Tropela.net-en jokatu diren lehiaketa guztietako sarituak gonbidatuak izango zarete, baita urteko sailkapenean podiumeko postuetakoak ere. Sari banaketa ekitaldi honetan irabazi dituzuen sariak banatzeaz gain, aurrez aipatutako bi maillot baliotsu horien zozketa egingo dugu bertara joan eta sarituak izan zareten guztien artean. Sariak banatzeaz gain, “luntx” bat ere izango da bertan.

Oraindik saririk irabazi ez baduzu garaiz zabiltza. Abuztuaren 19tik aurrera, eta 29ra bitartean, Espainiako Vueltako lehiaketan parte hartu al izango duzu. Eta azken aukera irailaren 27an jokatuko den Munduko Txapelketaren lehiaketan izango duzu (adi ibili kiniela egiteko epearekin). Zorte on guztioi!!

2009ko sari banaketa ekitaldia urriaren 2an

2009ko Frantziako Tourreko sariakGaur bukatu da 2009ko Tourra eta berarekin batera Tropela.net-eko lehiaketa. Aurtengoan dakizuen bezala 10.000 parte hartzailetik gora izan dira eta sekula baino meritu gehiago du Tropela.net-eko lehiaketa irabazteak. Aurrez esan bezala, eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi lehiaketa handi honetan parte hartu eta gurekin txirrindularitzaz gozatu izanagatik.

Dakizuen bezala sari dezente genituen aurtengo ekitaldian parte hartzaile guztien artean banatzeko. Tropela Elkartea hurrengo egunetan zehar saritu guztiekin  jarriko da harremanetan, baina dagoenekoz jakin arazi nahi dizuegu urriaren 2an izango dela sari emate ekitaldia. Ekitaldi honetan denboraldi guztian zehar izango diren lehiaketetako sariak banatuko dira, horien artean 2009ko Tourraren azken lehiaketa hau. Saritu guztiak gonbidatuta zaudete sari banaketa ekitaldi honetara. Ekitaldi honen inguruko informazio gehiago emango dugu hurrengo egunetan.

Lehiaketako irabazleei dagokionez, 2009ko Frantziako Tourreko irabazlea mikel10 azpeitiarra da. Berarentzat izango da Eroski Bidaiak-ek emandako Teneriferako bidaia zoragarria. Zorionak, beraz, mikel10!

Sailkapen nagusian bigarren RODILLO donostiarra izan da. Honek 7.112 puntu eskuratu ditu, mikel10-ek baino 195 puntu gutxiago. Berarentzat izango da Kiroljokoak eskainitako mendi bizikleta. Podiuma osatzen, hirugarren posturako dugun saria, Atxaspi Hoteleko relaxa asteburua, Zarautza joan da eta irabazlea ZenonJaskula izan da.

alaika bergararra podiumetik 4 puntura soilik geratu da eta berarentzat izango da Zarauzko Olatu hoteleko asteburua. Bosgarren postua zumaiko San-ek lortu du eta Rezola sagardotegirako 6 pertsonentzako otorduaz gozatzeko aukera izango dute berak eta bere 5 adiskideek. Seigarren postua Zaldibiako zaldibik irabazi du eta honentzat 4 pertsonentzako otordua izango da Rezola sagardotegian. Mendaroko j.voight-ek ere otordua izango du sagardotegian, baina kasu honetan 2 pertsonentzat.

8. postuan zestoar bat sailkatu da, Mardu, eta berarentzat Hernialdeko Ostatuan 2 pertsonentzako otordu bat izango da. 9. eta 10. postuetarako Jakion-ek eskainitako otar eder bana dugu banatzeko eta sarituak bringi zumaiarra eta maryland errenteriarra izan dira.

Sari hauetaz gain, herrietako eta eskualdeetako sariak zeuden jokoan. Irabazleak zeintzuk izan diren ikusteko Sarien atalean begira dezakezue.

Hauetaz gain, egunero etapetan irabazle izan zaretenek euskal txirrindulariek emandako maillotak irabazi dituzue. Sarituen zerrenda hurrengo egunetan zehar argitaratuko dugu.

Eta Tourra amaitutakoan lehiaketa gehiago!!

2009ko Espainiako VueltaGaur amaituko da denboraldiko lasterketarik garrantzitsuena eta berarekin batera Tropela.net-eko 2009ko Tourreko lehiaketa. 10000 kinielatik gora egin dira eta hori Euskal Herrian dugun zaletasunaren seinale garbia da. Aurtengoan hori gutxi balitz, zalegoaren jarraipenak euskal txirrindularien bi garaipen historikoz gozatzeko aukera izan du: Mikel Astarlozaren Alpeetako garaipena eta atzokoan Juanma Garatek Mont Ventouxen lortu zuena.

Baina ez dira Tourrarekin aurtengo lehiaketak amaitzen. Abuztuaren 29an Espainiako Vuelta hasiko da eta hori ere Tropela.net-eko lehiaketarekin goza dezakezue. Irailak 20ra bitartean Espainiako lurretan izan ezik, Holandako lurretan ere ibiliko dira txirrindulariak.

2009ko Munduko TxapelketaUrtea eta denboraldia amaitzeko, ibilbideko Munduko txapelduna erabakiko duen lasterketa ere jokoan izango dugu gure webgunean. Txapelketa hau Suitzako Mendrision jokatuko da okerrik ezean irailak 27an.

Orain arteko urteetan egin bezala, Vuelta eta Munduko txapelketa faltako lirateke jokatzeko. Baina aurtengoan aldaketatxo bat egitekotan gara eta lehiaketa hauei Donostiako Klasikoa gehitzekotan gara. Klasikoa hau hurrengo larunbatean jokatuko da, beraz, adi izan.

Urtean zehar parte hartzen dituzuen lehiaketa guztien puntuak batutako Urteko Sailkapena osatzen dugu. Horregatik da garrantzizkoa lehiaketa guztietan parte hartzea urteko lehiatzailerik onena izan nahi baduzu. Gogoan izan: Donostiako Klasikoa (abuztuak 1; ziurtatzeko), Espainiako Vuelta (abuztuak 29tik irailak 20ra) eta Munduko txapelketa (irailak 27).

Kontuz! Tropelean kakalardoak daude!

Gogoratuko duzuen bezala Frantziako Tourra hasi zen asteburuan Tropelean kakalardoak zirela eta sailkapenak publiko egitea atzeratu behar izan genuen. Baina zer dira kakalardoak?

kakalardoak

Tropelean dauden arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileak, horiek dira kakalardoak. Tropela.net-eko lehiaketa guztietan parte hartzea doakoa da eta horren ondorioz, pertsona bakoitzari ez diogu nahi adina kiniela egiten uzten. Pertsona bakoitzak erabiltzaile bakarra sor dezake eta erabiltzaile bakoitzak kiniela bakarra egin dezake. Gainera irabazleentzat sariak ditugunez, horrek araudia zorrotz betetzera behartzen gaitu.

Ez da erraza araudi zehatzak ezartzea eta berauek zuzen interpretatzea eta aplikatzea baina ondoren adierazten dizkizuegun ezaugarri arbuiagarrietako bat betetzen dute gure Tropeleko kakalardoek.

1. Lehiaketa batean erabiltzaile bat baino gehiago sortu dute, hots, kiniela bat baino gehiago egin dute.

2. Erabiltzailea datu faltsuekin sortu dute.

Irizpide hauei jarraituz hainbat kakalardo topatu ditugu Tropelean. Guk oso nabarmenak direnak soilik markatu ditugu eta seguru beste askok ihes egin digutela.

Nola atzeman daitezke kakalardoak?

Kakalardoak erraz nabarituko dituzue. Sailkapenetan nahiz tropeltxoetako sailkapenetan kakalardoaren ikonotxoarekin agertuko dira. Kontuz, beraz, kakalardo horiekin, kiratsa baitarie!!

Ze ondorio izango ditu kakalardo izateak?

Kakalardo den erabiltzaile bat, sarien lehiatik at geratuko da eta ezingo du saririk jaso, urteko sailkapenean ere ez da kontuan hartuko eta hurrengo lehiaketetan ezingo du kinielarik egin.

Ez naiz kakalardo bat!

Bestalde, norbait kakalardo moduan markatu badugu eta bere ustez aurreko bi irizpideetatik kanpo badago, mesedez, bidali iezaguzue posta elektroniko bat egoera argituz. Guk ere akatsak izan ditzakegu eta komeni da akats horiek zuzentzea oker daudenean.

Saria jasotzeko zer egin beharko da? Datuak ziurtatu.

Arazo guzti hauengatik, saria egokitu zaionak bere datuak egiazkoak direla ziurtatu beharko du Tropela Elkartearen aurrean, eta horretarako emailez bere nortasuna ziurtatzen duen agiriren bat (nortasun agiria, gida-baimena, liburutegiko txartela…) bidali beharko du emailez.

Jakin ezazue kakalardo guztiok, atzemandako eta atzeman gabekook, ez zaretela Tropelaren joko arauak errespetatzen ari eta ondorioz gainontzeko parte hartzaileei iruzur egiten ari zaretela.

Zorionak guztioi! 10.000 kinielaren helburua lortu dugu!

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!Eskerrik asko guztioi! 10.000 kinielaren helburua lortu dugu. Zehazki 10.491 kiniela egin dira azken hiru aste hauetan 2009ko Frantziako Tourrean lehiatzeko. Orain gozatzea besterik ez zaigu geratzen. Guk gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin.

Zalantzarik gabe zifra hau zuei eskerrak izan da. Asko izan zarete, era berean, zalantzak eta izan dituzuen arazoak gainditzeko laguntza eskatu diguzuenak. Guztira 150 kontsulta inguru erantzun ditugu eta askok eskerrak eman dizkiguzue emandako laguntzagatik. Guk ere zuen laguntza ere asko estimatzen dugu eta hori Tropela.net-eko kamisetak erosiz edo donazioren bat eginez burutu dezakezuela gogorarazi nahi dizuegu. Zenbaitek bide horien bidez laguntza eman digute eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Gainontzekooi berdin egin dezakezue merezi dugula uste baduzue.

Azken urteetan egin ohi dugun bezala, erabiltzaileak errepasatzen izango gara hurrengo orduetan. Errepaso honetan erabiltzaileek Tropela.net-en arauak betetzen al dituzten ala ez egiaztatzen izango gara. Hori dela eta, errepasoa bukatu artean, ez ditugu sailkapenak eguneratuko.  Sentitzen ditugu eragozpenak.

Ikusiko zenuten bezala, aurtengoan erabiltzailea aktibatzeko eskatu zaizue. Honen helburua zuen posta elektronikoak egiaztatzea da. Aurten sariak jaso ahal izateko erabiltzaileak aktibatuta izan behar du, beraz, ez itxaron gehiago eta aktibatu zuen erabiltzaileak lehenbailehen.

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu gure lehiaketa 2009ko Frantziako Tourraz gozatzeko tresna gisa aukeratu izanagatik eta gure zorterik onenak guztioi!!