Astarlozak ustez EPOa hartu du

Mikel Astarlozak ustez EPOarekin positibo eman duHori da berria. Gordin gordin jarri nahi izan dut zalantzarik izan ez dadin. Aurtengo Tourrean etapa garaipena lortu zuen Pasaiatarrak lehiaketaz kanpo egindako kontrol batean (ekainak 26an hain juxtu), EPOaren zantzuak antzeman dizkiote. Iñigo Landaluzeren kasuaren ondoren, kontra analisiak baieztatzen badu, Euskaltel-Euskadiko bigarren txirrindularia izango litzateke hilabete baten barruan dopinarengatik zigortutakoa.

Aste t’erdi besterik ez da pasa Mikel Astarlozak Alpeetan etapa garaipen ikusgarri hura lortu zuenetik. Azken urteetan Tourrean ez dugu izan garaipenik eskuratu duen  euskal txirrindularirik eta Mikelek poza eta euskal txirrindularitzaren berpiztea erakusten zigun. Baina pozak gutxi iraun digu. Ekaina bukaera aldera zurrumurruren bat iritsi zitzaidan Mikelen inguruan horrelako berriren bat izan zitekeelakoan, baina ez nion sinesgarritasunik eman nahi izan batez ere txirrindularien errugabetasunean sinesteko joera dudalako. Gaur UCIk ekainak 26an egindako kontrol batean EPOa aurkitu dutela argitaratu dute eta zurrumurru haiek egi bihurtu dira tamalez. Iñigo Landaluzeren kasuan ez bezala, Pasaiatarrak bere errugabetasunari eusten dio eta kontra analisia eskatuko duela aurreratu du. Talde laranjak ere atera berri duen komunikatuan Mikel Astarlozaren errugabetasunean sinisten duela (barneko kontrol guztiak gainditu omen ditu Pasaiatarrak) adierazi du eta taldean jarraituko duela. Horrekin batera, B laginak justizia egingo duenaren itxaropena dutela. Hala ere, taldean jarraituko badu ere, Espainiako Federazioak lehiaketetatik kanpo utzi du Mikel Astarloza, beraz, bihar ez da Donostiako Klasikoan izango.

Orbain beltz berri bat euskal txirrindularitzarentzat berria konfirmatzen bada, eta bereziki Euskaltel-Euskadi taldearentzat, hilabete batean bi kasu izan baititu talde barruan.

Oraindik gogoan dut Mayoren auzia orain 2 urte eta orain hau.

Donostiako Klasikoaren lehiaketa Tropela.net-en!!

2008ko Donostiako Klasikoa KontxanTourra bukatu berri den honetan, Donostiaren Klasikoa jokatuko den hastean sartu gara. Zenbaitek abuztuaren 14ean izango zenaren ustea bagenuen ere, ezustean harrapatu gaitu larunbatean jokatuko dela jakiteak. Baina ezustekoa handiagoa izan da Tropela Elkarteak klasikoaren inguruan lehiaketa antolatuko duela jakitean.

Tourreko lehiaketan zenbait ondo ibiliko zineten, beste batzuk erdipurdi eta asko nahi baino okerrago. Horientzako aukera berri bat dago aste honetan errebantxa hartzeko. Klasikorako lau multzotatik 15 txirrindulari hartu beharko dira: hautagaiak I (itzulietakoak) multzotik 3, hautagaiak IItik (klasikoak) 3, euskaldunetatik 3 eta besteetatik 6.

dv_klasikoa2009_partehartzaileakEgun bateko lasterketa izaki ez da erraza asmatzen zer gertatuko den. Ihesaldia izan daiteke edo esprintean bukatu. Ez dago jakiterik, baina normalean etapa ehiztariak izaten dira protagonista, azken urteetan behintzat hala gertatu da.

Informazio gehiago nahi baduzue Diario Vascoren webgune berezian begira dezakezue. Baina argi, beharbada informazio guztia ez da zuzena txertatzen dudan argazkian ikusi dezakezuen bezala, ala Karpets Columbia-HTCko txirrindularia da eta ni oraindik ez naiz jabetu?

Eta bigarren garaipena Juanma Garatek!!

Azken sei urteetan etapa garaipenik lortu ezinda ibili eta gero, aurtengo edizioan bi etapa garaipen lortu dituzte gure txirrindulariek. Gaurkoan Juanma Garate izan da Martin-i aurre hartuta etapa garaipen itzela lortu duena, non eta Mont Ventoux mendate mitikoan. Zorionak Juanma!

Azken aurreko etapa izaki eta Mont Ventouxen gainean bukatzen zela ikusita, sailkapen nagusiko postuen lehian dabiltzanak zalaparta sortu beharra zuten zerbait egin nahi bazuten. Lehia horrek etapa garaipena aurtengo Tourreko gizonik indartsuenen artean izango zela pentsatzen genuen, baina ez da hala izan.

Eguneko ihesaldian zen Juanma Garate, Ruben Perez, Delage, Gutierrez, Posthuma, Martin, Kuschynski, Roulston, Riblon, Geslin, Bonnet, Righi, Lemoine, Dumoulin, Timmer eta Bouet txirrindulariekin batera. Tropelak ihesaldia 5 minutu ingurura izan du Mont Ventouxeko igoerara gerturatu artean, baina behin igoerari ekiteko 5 kilometro inguru falta zirela, Astana eta Saxo Bank txandakatuz tropel nagusia luzatu dute mozketa bat eragiteraino. Orduan iheslariekiko errenta murrizten joan denez, Juanma Garatek erasoa jo du aurreko tropeltxoan eta Martin eta Riblonek aurrera egin dute. 21 kilometroko portua luzea zen eta indarrak ongi dosifikatu beharrak zeuden eta ederki egin dutelakoan naiz.

Atzealdean sailkapen nagusiaren lehian zebiltzan txirrindulariak erasoka hasi dira. Andy Schleck izan da hamaika eraso egin dituena, baina Contador erne zen erasoak baliogabetzeko. Frank ere saiatu da birritan, baina honen zaintza lanetan Armstrong ederki moldatu da. Sailkapen nagusiko lehen txirrindulariak, beraz, beraien postuak babesten edo eta hobetzeko saiakeratan ziren. Noski, erasoen ondoren atsedenaldiak izaten ziren eta hori bikain etorri zaie aurreko hiru iheslariei bestela harrapatuko baitzituzten.

Azken kilometroetan Riblonek ezin zuen beste bien erritmoarekin jarraitu eta geratu egin da. Atzetik, berriz, sailkapen nagusiko lehiatik kanpo zela aprobetxatuz, Pellizottik aurrera jo du etapa garaipenaren bila, baina ez da gauza izan aurreko biak harrapatzeko. Gauzak horrela, etapa garaipena Juanma eta Martinen artean zen. Azken kilometroan bigarren erasoa jo du. Lehenengoan Martin hurbiltzeko gauza izan bada, azken honetan nahikoa izan da egin duen ahalegina eta etapa garaipena eskuratu du Mont Ventoux handian. Honi eskerrak, Rabobankek aurten eman duen irudi kaxkarra itxura hobetzea lortu du.

Faboritoen artean Schleck anaiak gogor aritu diren arren, lortu duten gauza bakarra Franken postua aurreratzea izan da Klöden atzeratuta iritsi baita helmugara. Ezin esan Schleck anaiak saiatu ez direnik, baina bai Armstrong baita Wiggins bera ere ederki aritu diran beren postuen defentsa lanetan.

Ez zaigu ahaztuko aurtengo Tourra hain erraz. Mikel Astarlozak asteartean Alpeetan eta gaur Juanma Garatek Mont Ventouxen bi garaipen ekarri dituzte Euskal Herrira. Zorionak biei bihotz bihotzez!!

Argazkia: www.cyclingnews.com

Amorruz beteriko etapa garaipena

Mikel Astarloza. 16. etapan garaileAzkenean iritsi dan zaleok nahi genuen euskal garaipena. Saiatu bai saiatu dira orain arte talde laranjako kideak ihesaldietan sartu eta etapa garaipenaren lehian sartzen, baina gaur arte lortu ez dena gaur Mikel Astarlozak lortu du. Zorionak Mikel!!

Euskaltel-Euskadik Egoi Martinezek mendiko maillota eskuratzeko aukeraren lehian Egoi eta Gorka Verdugo eguneko lehen ihesaldian sartu ditu. Bertan zen Pellizzoti eta maillotaren lehian jarraitu nahi bazuen, gertutik zaindu beharra zuten. Baina ez da posible izan. Italiarra gehiago da eta Col du Grand Saint-Berndard igotzen ari zirela Karpets eta Pellizzoti aurrera joan dira. Egoi Martinezek bere eskuetan zegoen guztia egin du hauei jarraitu ahal izateko, baina ezinak jota, amore eman behar izan du. Zoragarria Egoi Martinezen jarrera, txalotzekoa zalantzarik gabe.

Tropela atzetik Astanako kideak gidatuta zetorren. Mikel Astarloza gaur zerbait egiteko gogoz zen eta tropela utzi eta aurreko iheslarien bila joan da. Lortu ere lortu du. Lehen mendatearen pankartapetik pasatzen lehenak Pellizzoti, Karpets, Fedrigo, Casar, Igor Anton, Voigt, Mikel Astarloza, Velits, Ten Dam eta Goubert izan dira.

Col du Petit Saint-Bernard eguneko bigarren mendatea igotzen hasi direnerako tropel nagusiarekiko ia bost minututako diferentziak zituzten. Mendateko honetan erasoak espero ziren eta hala izan da. Aurreko tropeltxoan Van de Broeck izan da taldea astindu duena eta bere atzetik Pellizzoti joan da. Biak aurrera egin dute eta bazirudien tropeltxoko gainontzekoak ez zirela gai izango haiei jarraitzeko, baina Mikel Astarlozak atzetik aurrera jo du eta muinera iritsi aurretik aurreko biekin bat egin du. Hirukote honi Moinard gehitu zaie eta laukotea osatu dute.

Tropel nagusian ere mugimendu asko izan dira. Saxo Bankek tropela tiratzen hasi da eta noski, beranduago Andy Schleckek erasoa jo du. Atzetik Frank Schleck, Contador, Wiggins eta Nibali izan dira jarraitu diotenak, baina Armstrong, Sastre eta Evans geratu egin dira. Hala ere amerikarra ez zegoen amore emateko, eta metro batzuk aurrerago erasoa jo eta aurrekoak harrapatzea lortu du. Batek daki nondik atera dituen indarrak Texaseko txirrindulari ezagunak, baina egin duenak harrituta utzi nau.

Mendian behera lasterketa buruan Mikel Astarloza eta gainontzeko hiruak ziren. Atzetik Fedrigo eta beste laukote bat 15 segundo ingurura eta tropel nagusia Wiggins buru zutela 1’15” ingurura. 20 kilometro falta ziren helmugarako eta aurreko lauek zuten guztia eman dute diferentziak mantendu eta etapa garaipena lauen artean gera zedin. Tarteak mantentzea lortu dute eta 4 kilometroren faltan Moinard izan da lehen erasoa jo duena baina besteak gurpilera jarri zaizkie. Bi kilometroren faltan, ordea, Mikel Astarlozak hamarreko handian bertsoa abestu die gainontzeko iheskideei. Hauek harri eta zur geratu dira ezer ez baitzuten ulertzen elkarri begira eta ez dira gauza izan Pasaiako txirrindulari adoretsuari jarraitzeko. Fedrigo eta bere taldeak bitartean aurrekoak harrapatzea lortu dute, baina ez Mikel. Mikelek amorru biziz bere azken kilometroetan gogor eutsi dio abiadurari eta amorrazio guztiak kanporatuz helmugako pankarta besoak jasota pasa du. Ikaragarria, Mikel!!

Euskal zalegoak behar zuen horrelako garaipen bat. Urte honetan garaipen gutxi izan dira eta gaurkoa, zalantzarik gabe, handiena. Denbora asko pasa da euskaldun batek Tourrean etapa garaipenik lortzen ez zuela, eta hainbeste itxaron eta gero, gaur iritsi da. Lan bikaina Mikelena, eta lan bikaina, era berean, Euskaltel-Euskadi taldearena mendiko maillota lehiatzen saiatu baitira eta hori galdu badute ere, etapa garaipen lortu baitute. Egun askoren ahalegina izan da ostiraleko etapan Amets Txurrukak bigarren egin zuenekoa bezala eta hona hemen esfortzu guztien fruitua. Zalegoak eskertzen dizue egindako guztia eta honek etorkizuneko txirrindulariei ere motibazioa eragingo diela uste dut. Zorionak guztioi!!

Tropeleko lehiaketa aztertzen

2009ko Tropela.net lehiaketako behin behineko sailkapenaAzken astean sartu gara eta gure lehiaketa pil-pilean da. Zenbait lehiaketan buru belarri sartuak izango zarete eta beste asko zuen tropeltxoetako lehen postuen lehian arituko zarete. Zenbat aldatuko da sailkapen hau azken aste honetan? Hemen zenbait ausnarketa.

Lehiaketa lehen 10 postuetan direnek 3000 puntutik gora bildu dituzte. Esanguratsua irizten diot lehen 3 postuak 31 punturen tarte laburrean izateak. Lehen hamar postuak, berriz, 130 punturen barruan. Azter ditzagun postu hauetako erabiltzaileek dituzten taldeak.

Sanpete eta al2xu-ren artean bi txirrindulariren arteko ezberdintasuna dago, Kirchen-Kreuziger eta Wiggins-Fedrigo. Lehiaketa momentu honetan bukatuko balitzake sanpetek irabaziko luke sailkapen nagusian puntu gehiago bilduko bailituzke. Baina ez da gaur bukatzen lehiaketa.

Zaldibik beste erabateko kinielarekin ari da. Pronostikoen kontra Contador eta Armstrong hartu ditu lehen multzoan, eta badirudi oraingoz aukeraketa ona egin duela. Ez dut kalkulurik egin, baina uste du zaldibik gaur Tourra bukatu ezkero lehiaketa irabaziko lukeela. Ez al zaizue iruditzen? Lepotxok ere  Contador eta Armstrong aukeratu ditu, baina zaldibik baino aukeraketa kaxkarragoa du oraingoz eta badirudi zaldibiren atzetik geratzea kondenatua dagoela.

Skakek sanpeteren kiniela bera du aldaketa bakar batekin: honek Haussler du Cioleken ordez. Badirudi Hausslerrek aurtengo Tourrean nahikoa puntu bildu dituela. Haussler ez bada esprintetan sartzen Skakek ez du zereginik sanpeteren aurrean.

6. postuan ZenonJaskula aurkitzen da. Harrigarria bada ere, Tropelean posible da aurrealdean izatea txirrindulari bat gutxiagorekin eta hau da kasua. Koldo Fernandez de Larreak lasterketa utzi zuen eta ZenonJaskula 14 txirrindularirekin ari zaio azken asteari ekiten. Egia da puntu gutxien biltzen dituen multzoa dela euskaldunena eta horregatik ez dio kalte gehiegi egin Zarauzko erabiltzaile honi Koldo etxera joan izanak. Gainontzeko txirrindulariei dagokionez, honek ere Contador eta Armstrongen aldeko apustua egin du.

Jon Zumeta ZenonJaskularen antzera txirrindulari bat gutxiagoz ari da baina hiru txirrindularik bereizten dituzte bi kiniela hauek. Kinielak ezberdin izaki, lasterketa aldaketa nabarmenik izan ezean ZenonJaskula Jon Zumetaren aurretik izango da amaieran.

Jonsis tolosarrak azken etaparen ondoren 3 postu egin ditu bera eta 8.ean aurkitzen da. Hau ere Koldo gabe maila bikaina ematen ari da, baina aurrera egin nahi badu Kirchen edo Monfortek puntu gehiago bildu beharko lituzke, edo Feilluk, aurreko postuetan txirrindulari hau duen bakarra baita.

Zestoako Marduk oraingoz aukera asko izan dezakeen kinielaren jabe dela uste dut. Armstrong lehen postuei eusteko gauza bada eta Schleck anaiek atzoko moduan jarraitzen badute, seguru izan Mardu hautagai nagusia izan daitekeela Teneriferako bidaiaren lehian. J.voight ere hor izango da, baina ez zait iruditzen Voigt eta Hincapiek puntu gehiago bilduko dituztenik, eta hori Marduren alde litzateke.

Kuriosoa iruditu zait lehen hamar postuetatik erdiak Contador eta Armstrong aukeratu dituztela eta beste erdiak Contador eta Evans. Dakizuen bezala Tropelan %51ak Evansen alde egin duzue eta %23,8ak Armstrongen alde. Baina gai izango al da Armstrong podiumeko postuei eusteko? Oraindik Schlecktarrek dena eman al dute? Wigginsek maila horrekin jarraituko al du? Beste sorpresaren bat izango al da? Galdera asko aste honetan argitzen joango direnak. Animo guztioi eta lehiaketa nagusiaren lehiatik kanpo bazarete ere animo, beharbada tropeltxoren batean lehenak izango zarete eta!