Aldaketak Astana taldean

Vinokourov, Ulrich eta ArmstrongAtzo bukatu berri zen Irlandako Tourra. Irabazlea Downing izan zen, 31 urteko ingelesa. Amaitu ez bazuen ere, lasterketa berean izan da Armstrong Texaseko txirrindulari famatua. Hiru eguneko lasterketa izan da Irlandako lurretan jokatu berri dena eta Armstrongek bertan lehiatzeko hitzordua zuen.

Lasterketa hau izango da Armstrong azkenengoz Astanaren maillot urdinaz bideetan ikusi duguna. Dagoeneko Tour Down Under-en hasi zuen denboraldia aurtengoz bere amaierara iritsi zaio amerikarrari. Astanak, edo hobeki esanda, Bruyneelek, aukera eman zion Armstrongi aurten talde urdinean lehiatzen aritzeko. Egia esan espero baino emaitza hobeekin gainera: Giroan 12. postuan sailkatu zen eta Tourrean 3. postuan. Bere hitzetan, doan aritu den urte honetan txirrindularitzara itzultzearen arrazoia kantzerraren aurkako duen fundazioarentzat dirua biltzea izan da. Seguru zenbait milioi dolar biltzeko gai izan dela bere bizikleta ezberdinekin hara eta hona. Eta ezberdinekin diot, berak esan zuen bezala, hauek enkantean saltzeko helburuaz erabili baititu eta Tourrekoa historiako bizikletarik garestiena izango dela aurreratzen zuen. Ez dakit saldu dituen ala ez, ez eta zenbatean, baina gustura jakingo nuke.

Kontua da Armstrongek bere bide laburra egin duela Astanan, polemika eta guzti. Ez baita ahaztekoa izango Contador eta bera talde berean izateak sortarazi duen ikusmina. Pena Gaztela eta Leongo lehen etapa hartan Armstrong erori izana, hala gertatu ez balitz, beharbada bestelako emaitzak lortuko zituela uste baitut. Hala ere, hori nire imajinazioaren fruitu besterik ez da.

Armstrong badoa eta Vinokourov itzuli da. Kazakhstandarrak bere itzulerako debuta l’Ain-eko Tourrean egin zuen orain egun batzuk esan bezala, garaipen eta guzti. Kazakhstandarra Vueltan ikusteko aukera altuak daudela dirudi, izan ere Astanak lehen erreserba gisa gehitu baitu bere zerrendan. Ez da harritzekoa izango, beraz, Vinokourov Assen-eko irteeran bere maillot urdinarekin ikustea.

Rasmussen-i ere amaitu zaio zigorra. Honek ere lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera dagoeneko badu. Bere esanetan Espainiako Vueltan parte hartu nahi izan omen du, baina bere taldeak lehen izen ematean zerrendan gehitu ez zuenez, ez du posible izango. Lastima, gogoa baitut daniarra berriro ere errepidean ikusteko. Eta are interesgarriagoa litzateke Vuelta bai Rasmussen baita Vinokourov biak, orain bi urteko Tourrean baztertuak izan ziren txirrindulariak, beraien itzulerarako lasterketa hau aukeratu izan balute.

Kritika dezagun kazetaritza profesionala

AS-eko artikuluaZerbait idazteko gogoz nintzen eta ez nuen erakartzen zidan informaziorik irakurtzen. Hor nenbilen prentsa ezberdinetan irakurtzen eta hara, hau da altxorra aurkitu dudana!!

Bakoitzak bere etxe hoberena dela esatea eta hori goraipatze ez dut gaizki ikusten; norberak hori ez badu egiten akabo! Baina bestea da aldamenekoa kritikatu eta gutxi estera iristea. Azken hau ez dut gogoko. Hori da gaur AS-en argitaratu duen artikuluan egiten duena: “El ciclismo francés baja a ‘Segunda División'”.

UCIren munduko sailkapenaren arabera, Espainia da puntu gehien duen herrialdea, Italia eta Australiaren aurretik. Zorionekoak espainiarrak (tartean euskaldunak) sailkapenean aurrenak direla eta. Frantziarrak 13. postuan dira eta badirudi horrek espainiarrak gehiago pozten dituela, AS-eko kazetariak behintzat bai. Artikulu honek kiroltasuna eta giza-legetasuna hankaz gora botatzen dituela iruditzen zait.

L’Equipe-n dagoeneko frantziar txirrindularitzaren egoerak kezka sortu die. UCIren sailkapen honen arabera 6 txirrindulari baino ezingo ditu eraman talde frantziarrak. Kezkagarria, zalantzarik gabe, frantziar txirrindularitzan gertatzen ari dena, baina ez dut uste asko itxaron beharko dugunik berrindartze bat ikusteko.

Pertsonalki, nahiago nuke Espainia sailkapenean beherago egongo balitz eta dopinaren aurka serioago arituko balirateke. Badirudi emaitza onak daudenean bestelako puntu beltz guztiak ahaztu egiten direla artikulu honetan egin den bezala.

Baina esan dizuedan bezala, artikulu hau altxor bat da. Orain arte kontatu dizuedana nahikoa bazen ere, orain noa kazetaritza profesionala kritikatzera. Artikuluaren bukaeran frantziarrek irabazitako azken lasterketan gogora ekartzen dira. Informazio honen arabera, 1985eko Tourra Anquetilek irabazi zuen. Kontxo! Anquetilek, beraz, 5 Tour irabazi zituen eta azkena 51 urterekin, hil baino bi urte lehenago! Hori bai marka!!!! Ta ni jakin gabe.

Noski, informazio hau ez da batere zuzena. 1985ean Hinaultek irabazi zuen Tourra. Hau izan zen Tourra irabazten azken frantziarra. AS-eko J.Leiva kazetariak hanka sartu du eta oraindik zuzenketa egin gabe jarraitzen du nahiz eta artikuluaren iruzkinetan jakin arazi dieten (7etan argitaratutako artikulua da). Kazetaritzaren herrialdeen arteko sailkapen bat egin beharko bagenu, non jarriko beharko genuke Espainia?

Argazkia: AS.com

Sella ere itzuli da

Sellaren itzuliera zigorraren osteanOrain egun gutxi kontatzen genizuen nola Vinocourov txirrindularitza profesionalera itzuli den eta gainera garaipena eskuratuz. Sella italiarrak, ordea, kazakhstandarrak ez bezala, 12 hilabeteko zigorra bete ostean, talde kontinental batera itzuli da.

Gogoan izango duzue 2008ko Italiako Giroan orduan Navigareko txirrindularia zenak emandako erakustaldia. Erakustaldia baino gehiago bere burua saldu zuela esan daiteke, emandako erakustaldi haiek susmopean jarri baitzuten Vicenzako txirrindularia. Hiru etapa garaipen lortu zituen Giro hartan eta sailkapen nagusian 6. amaitu zuen. Ondoren egindako analisietan orduan ezagun egiten hasi zen CERA motakoa EPOa aurkitu zioten eta ohikoa den bezala, zigortua izan zen.

Dirudienez Sellak CONI-ri ikerketatan lagundu izan dio eta ondorioz bi urteko zigorra urte batera jaitsi diote. Oraingo honetan Carmiooro Style-A taldeak fitxatu du. Lehen lasterketak Tre Valli Varesine, Coppa Agostoni, Coppa Bernocchi and Trofeo Melinda izango ditu. Segur aski 2010eko Italiako Giroan ikus dezakegu Sella lasterketa lehiatzen.

UCIren titulua

UCI DiplomaUCIk protagonismo gehiago nahi duela dirudi. Protagonismoa edo behintzat sortu duten erakunde honi zentzua eman nahi diotela dirudi. Ez dakit onerako ala txarrerako, baina berrikuntzak eman dituzte ezagutzera ikasturtea asteko hiru aste falta diren honetan.

Taldeetako zuzendariek UCIren titulua izan beharko dute beren lanean jarraitu nahi badute zuzendari gisa, bai behintzat ProTour eta Continentaleko zuzendariek. Ikastaroak eskuragai izango dituzte zuzendari direnek edo izan nahi dutenek azarotik aurrera. Hori bai, UCIko kideek ez dute makina gehiegi behartu nahi izan eta ProTourreko zuzendariei 2013ra arteko epea ematen die titulu hau eskuratzeko. Continentalekoei, berriz, 2015 arte.

Orain ez dela denbora asko hainbat talde UCIren jokabidearekin kritiko agertu ziren eta bazirudien ProTourrak amaiera gertu zuela. Berri honekin, berriz, taldeek neurria onartzen badute behintzat, badirudi ProTour eta UCIren kontsolidazioa bermatzen dutela. Ikusi beharko da.

Baina zer erakutsi behar diete Bruyneel, Unzue,… bezalako talde zuzendariei? UCIren esanetan, alde batetik UCIren araudian oinarrituko dira eta bestetik taldeak zuzentzeko ezagutzetan. Araudiari dagokionez, bereziki atentzioa sortu arazi didana da kurtso honetan dopinaren aurkako araudiaz arituko direla adierazi izana da. Zuzendariek ez al dute dopinaren inguruko araudia ezagutzen? Hala balitz, kezkagarria iruditzen zait.

Guzti honi gorputz gehiago eman asmoz edo, UCIko akademiaz gain, Manchesterreko Negozio Eskola (Manchester Business School) izango dira ikastaroaz arduratuko direnak. UCIren akademiak mundu osoan zehar txirrindularitzaren garapenean lagundu duela diote, eta honekin pauso bat aurrera eman nahi dutela. Ez dakit aurrerapausoa izango den, baina garbi dagoena da zenbaitek eskolara buelta egin beharko dutela (kexaka hasten ez badira bederen).

Vinokouroven lehen garaipena 2 urteko zigorraren ondoren

l'Ain-eko Tourra. Vinokourov garaile 3. etapako 2. sektoreanKazakhstandarra l’Ain-eko Tourra UCI ProTourreko lasterketa ari da lehiatzen eta atzo arratsaldean jokatu zen sektorean garaipena lortu zuen. Dakizuen bezala, 2007ko Tourreko positibo entzutetsu haren ondoren, 2 urterako zigortu zuten Astanako txirrindularia. bi urteko zigorra bete ostean, berriro ere bizikleta gainean da profesional gisa.

35 urte ditu Vinokourovek, baina sasoiko dagoela dirudi. Atzo bi sektore jokatu ziren: bat goizean Leles Monts-Jura-an 103,2 km-tako mendiko etapa. Arratsaldean, berriz,  8,6 km-tako erlojupekoa. Kazakhstandarrak 9’50” segundo behar izan zituen ibilbidea betetzeko eta Elijzen eta Horner taldekidearen aurretik geratzea lortu zuen.

Vinokourovek bere burua probatu nahi zuela adierazi du, eta inolaz ere ez omen zigorrak eragindako amorrazioz. Bere helburua horrelako zigor baten ostean lasterketak irabaztea posible dela erakustea zela adierazi du, eta esan daiteke lortu duela.

Gaur  l’Ain-eko Tourreko azken etapa jokatuko da. Etapa hau 129,6 km-takoa izango da eta Colombier-en amaituko da. Lasterketako lider Horner da eta Astana taldeak bere esku dagoen guztia egiten saiatu beharko du lasterketa irabazi nahi badu ez baitu erraz izango, Turpin eta Moncoutie 19 eta 20 segundora ditu hurrenez hurren eta hauek ez dute amore emango.