Aldaketak Astana taldean

Vinokourov, Ulrich eta ArmstrongAtzo bukatu berri zen Irlandako Tourra. Irabazlea Downing izan zen, 31 urteko ingelesa. Amaitu ez bazuen ere, lasterketa berean izan da Armstrong Texaseko txirrindulari famatua. Hiru eguneko lasterketa izan da Irlandako lurretan jokatu berri dena eta Armstrongek bertan lehiatzeko hitzordua zuen.

Lasterketa hau izango da Armstrong azkenengoz Astanaren maillot urdinaz bideetan ikusi duguna. Dagoeneko Tour Down Under-en hasi zuen denboraldia aurtengoz bere amaierara iritsi zaio amerikarrari. Astanak, edo hobeki esanda, Bruyneelek, aukera eman zion Armstrongi aurten talde urdinean lehiatzen aritzeko. Egia esan espero baino emaitza hobeekin gainera: Giroan 12. postuan sailkatu zen eta Tourrean 3. postuan. Bere hitzetan, doan aritu den urte honetan txirrindularitzara itzultzearen arrazoia kantzerraren aurkako duen fundazioarentzat dirua biltzea izan da. Seguru zenbait milioi dolar biltzeko gai izan dela bere bizikleta ezberdinekin hara eta hona. Eta ezberdinekin diot, berak esan zuen bezala, hauek enkantean saltzeko helburuaz erabili baititu eta Tourrekoa historiako bizikletarik garestiena izango dela aurreratzen zuen. Ez dakit saldu dituen ala ez, ez eta zenbatean, baina gustura jakingo nuke.

Kontua da Armstrongek bere bide laburra egin duela Astanan, polemika eta guzti. Ez baita ahaztekoa izango Contador eta bera talde berean izateak sortarazi duen ikusmina. Pena Gaztela eta Leongo lehen etapa hartan Armstrong erori izana, hala gertatu ez balitz, beharbada bestelako emaitzak lortuko zituela uste baitut. Hala ere, hori nire imajinazioaren fruitu besterik ez da.

Armstrong badoa eta Vinokourov itzuli da. Kazakhstandarrak bere itzulerako debuta l’Ain-eko Tourrean egin zuen orain egun batzuk esan bezala, garaipen eta guzti. Kazakhstandarra Vueltan ikusteko aukera altuak daudela dirudi, izan ere Astanak lehen erreserba gisa gehitu baitu bere zerrendan. Ez da harritzekoa izango, beraz, Vinokourov Assen-eko irteeran bere maillot urdinarekin ikustea.

Rasmussen-i ere amaitu zaio zigorra. Honek ere lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera dagoeneko badu. Bere esanetan Espainiako Vueltan parte hartu nahi izan omen du, baina bere taldeak lehen izen ematean zerrendan gehitu ez zuenez, ez du posible izango. Lastima, gogoa baitut daniarra berriro ere errepidean ikusteko. Eta are interesgarriagoa litzateke Vuelta bai Rasmussen baita Vinokourov biak, orain bi urteko Tourrean baztertuak izan ziren txirrindulariak, beraien itzulerarako lasterketa hau aukeratu izan balute.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.