UCIren titulua

UCI DiplomaUCIk protagonismo gehiago nahi duela dirudi. Protagonismoa edo behintzat sortu duten erakunde honi zentzua eman nahi diotela dirudi. Ez dakit onerako ala txarrerako, baina berrikuntzak eman dituzte ezagutzera ikasturtea asteko hiru aste falta diren honetan.

Taldeetako zuzendariek UCIren titulua izan beharko dute beren lanean jarraitu nahi badute zuzendari gisa, bai behintzat ProTour eta Continentaleko zuzendariek. Ikastaroak eskuragai izango dituzte zuzendari direnek edo izan nahi dutenek azarotik aurrera. Hori bai, UCIko kideek ez dute makina gehiegi behartu nahi izan eta ProTourreko zuzendariei 2013ra arteko epea ematen die titulu hau eskuratzeko. Continentalekoei, berriz, 2015 arte.

Orain ez dela denbora asko hainbat talde UCIren jokabidearekin kritiko agertu ziren eta bazirudien ProTourrak amaiera gertu zuela. Berri honekin, berriz, taldeek neurria onartzen badute behintzat, badirudi ProTour eta UCIren kontsolidazioa bermatzen dutela. Ikusi beharko da.

Baina zer erakutsi behar diete Bruyneel, Unzue,… bezalako talde zuzendariei? UCIren esanetan, alde batetik UCIren araudian oinarrituko dira eta bestetik taldeak zuzentzeko ezagutzetan. Araudiari dagokionez, bereziki atentzioa sortu arazi didana da kurtso honetan dopinaren aurkako araudiaz arituko direla adierazi izana da. Zuzendariek ez al dute dopinaren inguruko araudia ezagutzen? Hala balitz, kezkagarria iruditzen zait.

Guzti honi gorputz gehiago eman asmoz edo, UCIko akademiaz gain, Manchesterreko Negozio Eskola (Manchester Business School) izango dira ikastaroaz arduratuko direnak. UCIren akademiak mundu osoan zehar txirrindularitzaren garapenean lagundu duela diote, eta honekin pauso bat aurrera eman nahi dutela. Ez dakit aurrerapausoa izango den, baina garbi dagoena da zenbaitek eskolara buelta egin beharko dutela (kexaka hasten ez badira bederen).

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.