Emozio gutxiko Vuelta

podium.jpgHalaxe da bada! ez dut Romingerren garaitik hain emozio gutxiko Vueltarik gogoratzen. Gainera, suitzarrak irabazten zuenean sekulako egurra emanaz izaten zen baina aurtengo kasuan Menchovek Zaragozako erlojupekoan lortutako aldea mantentzea bakarrik nahiko izan du. Merezimendu osoz Menchov, Sastre eta Samuelek bete dute aurtengo podiuma. Gehien merezi izan duten txirrindulariak direla uste dut.

Vuelta honetako beste izen batzuk aipatzean ez nuke Freire, Bennati, Bettini eta Petacchiz ahaztu nahi. Sprintetan borroka polita ikusteko moduan izan gara eta ez dut uste maila handieneko borroka hortxe ikusi dugula esaten baldin badut.

Errebelazioen atalean, Mosquera, Efimkin eta Dani Morenoren izenak etortzen zaizkit burura. Beste maila batean niretzat Cadel Evansena ere “errebelazioa” izan da, ez bait nuen uste, inondik inora ere, podiumeko borrokan izango zenik. Vuelta hasi aurretik bere web orrian sailkapen nagusirako ilusiorik gabe zetorrela eta entrenamentu gisa hartu behar zuela esan ondoren azken egunerarte podiumeko postuetan izan dugu, sekula arpegia gehiegi erakutsi gabe, hori ere egia da.

Azken asteetan hainbeste aldiz errepikatu dudan ibilbideen gabeziek ere bere zeresana eman dute. Ibilbide negargarri honek ez du txirrindularien arteko borroka ikusten lagundu, nahiz eta egia izan, ibilbidea aproposagoa zenean ere txirrindulari gutxi izan borrokarako gogoz. Hala ere, derrigorrezkoa iruditzen zait datozen urtetarako ibilbidean aldaketak izatea, eta ez naiz ari Anglirugatik hitzegiten. Askotan mendiko etapa gogorra azken mendate gogorrarekin parekatzeko errua egiten dugu baina Espainian sekulako mendiko etapak presta daitezke azken aldapa hain gogorra izan gabe, ikuskizun politagoa ikusteko moduan izango ginatekelarik. Hala ere, aurtengo kritiken ondoren, datorren urtean Angliru itzuliko dela ematen du eta antolatzaileak horrek jendaurrean ondo jar ditzake baina ez dut uste horrek ezer asko aldatzen duenik ibilbideari buruz egon beharko lukeen filosofia aldaketaren aurrean.

Denboraldia amaitzera doa baina oraindik zita garrantzitsuak ditugu, Munduko Txapelketan urrutira joan gabe eta ondoren Paris-Tours eta batez ere Lombardiako Giroa.

Eguraldia erabakigarri?

Aurtengo Vuelta Españako ibilbideak ez du Menchov aurreneko postutik kentzeko aukerarik eman. Eta Madridera iristeko bidean ere ez dira zailtasun asko geratzen, biharko Abantosko igoera bikoitza eta larunbateko erlojupeko motxa bakarrik.

Hala ere, bada erabakigarria sorta daitekeen baldintza bat, eguraldia. Biharko euriak eta txingorrak espero dira Madrid inguruan eta hor egon daiteke Vuelta honetako kakoa. Itzuli osoan Menchov indartsuen agertu baldin bazaigu ere biharkoan euriak asko alda dezake lasterketaren norabidea. Gogoratu Herasek Pajaresen behera Menchov atzean utzi zuenean euria mara-mara ari zuela (Heras zeharo dopatuta zioala frogatu zela ere ez dut ahazten, eh?) eta errusiarra ez da jeitsieretan oso ona, euriarekin are gutxiago. Hor egon daiteke errusiarra aurreneko postutik kentzeko aukera, zaila iruditzen baitzat errepidea gora begira jartzen denean atzean uztea. Eta nor izan daiteke kondizio horietan onuraduna? uste dut denek Samuel Sanchezen izena izango dutela buruan. Ez agian Vuelta irabazteko, baina ziur euria baldin bada Abantoseko jeitsieran saiatzen dela erasotzen eta bere helburua den podiuma agian lor dezake. Sastre lagun ona izan zitekeen ihesaldirako baina hau ere ez da bada batere iaioa jeitsieretan.

Ez diet txirrindulariei ezer txarrik opa baina ea biharkoan sekulako euria egiten duen, ibilbideak laguntzen ez duenez, eman diezaiola eguraldiak emozio pixkat aurtengo ekitaldi honi.

Vuelta erabakita?

Hor nonbait. Egia da egun asko geratzen direla oraindik eta edozein ezusteko izanmenchov.jpg dezakegula (kirol arlokoa edo ez) baina Vueltan izan diren 3 etapa garrantzitsuenetan, Lagos, erlojupekoa eta Cerler, nahiko izan dira Menchovek besteengan duen nagusitasun osoa erakusteko. Gauzak asko okertu beharko zaizkio Madriden urrezko maillotarekin ez ikusteko.

Izan ere, egun asko geratu izanagatik ez dago inongo gogortasunik denborarik sartzeko. Arcalisko etapa, Monachil igo behar duteneko etapa eta Abantos etortzen zaizkik burura, berauek ere inongo gogortasun berezirik ez dutenak. Vuelta hasieran nioen bezalaxe aurtengo ibilbidea lotsagarria dela esaten jarraitzen dut. Vueltako bi etapa garrantzitsuenetako errepide baztarretan ikusi den jende kopuru urriak proba hau aldapa behera doala frogatu besterik ez dute egiten. Niri lotsagarria iruditzen zait, benetan. Egia da ibilbide gogorragoa izan balitz errusiarrak oraindik denbora tarte handiagoak izango lituzkeela, hala ere, beste txirrindulariek denbora tarte horiek errekuperatzeko aukerak eman behar zaizkie eta aurtengo Vuelta honetan ez dituzte aukera horiek soberan izango.

Hautagaien ordua

Azkar datorkigu aurten Espainiako Vueltako aurreneko etapa garrantzitsua. Asturiasen egin daitezkeen mendiko ibilbide ikusgarriekin ahaztu eta azken mendaterarte erraza izango den ibilbide bategatik egin dute apostu, helmuga Lagos de Covadonga izango delarik. Garai batean erabakigarria zen arren orain segundutxo batzuen aldea lortzeko besterik ez da izaten, nahiz eta Vueltan segundutxo horiek zeharo garrantzitsuak izaten diren, eta agian aurten sekula baina gehiago.

Proba hasi aurretik aipatzen ziren izen nagusiak bihar agertu beharrean dira, biharkoaz gain datozen 7 egunetan baitaude etapa garrantzitsuenak eta bihar aurrean agertu ezean Vuelta egun gutxiren barruan gal dezakenaren seinale izan baitaiteke txirrindulariarentzat.

Gomez Marchante, Sastre, Menchov, Pereiro, Samuel, Devolder, Brajkovic, Lopez, Piepoli… hauen ordua iritsi da. Bihar etapa Gomez Marchante bezalako txirrindulari batentzat aproposa izan daitekeela uste dut. Aldiz, askok faboritoen artean jartzen duten Cadel Evansek huts egin dezakeela uste dut. Egia da gaurko amaiera gogortxoan aurrean izan dugula baina harritu egingo nintzateke bihar aurreneko taldeak ikusiko banu australiarra.

Ziurrenik biharko etapa garaileak lidertza ere har dezake, arrazoi bikoitza beraz erasoaldi baten ondorioz etapa irabazteko ahalegin indartsuagoak ikusteko.

Espainiako Vuelta, urteko 3. “itzuli handia”?

logo_cab.gifLarunbatean martxan jarriko da 3 astetan lehiatzen den azken proba. “Itzuli Handiak” bezala ezagutzen dira Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta. Hala ere, azken urteetan Espainiako Vueltak garrantzia apur bat galtzen ari dela garbi dut eta horren erru handia ibilbideek dute. Egia da azken urteetan edizio bat edo bestek “aprobatu” duela baina oso ibilbide eskasak nagusi izan ditugula esatean ez dut uste errurik egiten dudanik. Eta aurtengoa, agian, aspaldian lasterketa bat prestatzerako orduan egin den ibilbiderik negargarriena dela deritzot. Ez dago goi mailako mendirik, “media montaña“ko etapa gutxi, etapa labur asko… penagarria iruditzen zait. Espainiako Itzuliak hobetzeko asko duela iruditzen zait eta horien artea ibilbidearen arazoa dago. Ibilbideaz gain fetxak eta zaleen falta (penagarria izaten da zenbait mendiko etapetan izaten den zale kopuru txikia) ere gabezia handiak dira munduko 3. itzuli garrantzitsuena kontsideratuta dagoen batentzat.

Momentuz partehartzeak esku bat botatzen dio itzuliari, bertan Evans, Menchov, Cunego, Sastre, Marchante, Samuel, Rebellin, Bettini, Boonen, Freire, Zabel, Petacchi, Bennati… ikusteko moduan izango baikara, nahiz eta batzuk begiak Munduko Txapelketetan gehiago izan dituzten.

Azken urteetan Alemaniako Tourra indar handia hartzen ari da eta ez nintzateke batere harrituko urte gutxiren barruan momentu honetan Espainiako Itzuliak duen lekuan jarriko balitz.

Proba honetan interesa duten orok espabilatu beharko du, itzuli hau gainbeheran dela ematen baitu. Zenbait aldaketek mesede handia egin diezaiokete Vueltari baina ez dut ikusten aldaketa horien berririk. Zer deritzozue?