Pirinioei agur!

egoiPasatu dira bada Tourrean urteetan zehar hain ospetsu egin diren Pirinioak. Aspalditik aipatua genuen aurtengo ibilbidea zeharo kaskarra zela eta horrek, txirrindularien jokabidearekin batera, ikusi ditugun Pirinioak ikustera eraman gaitu. Pentsatu nahi dut, Preudhommek datorren urterako kontutan hartuko duela hau eta ganorazko ibilbideetan pentsatzen hasia dela jada. Ibilbideak laguntzen duenean ere lanak izaten dira oraingo txirrindulariak mugitzeko… ibilbide honekin mugituko direla pentsatzeko.

Hiru mendiko etapetako garaileak Brice Feillu, Luis Leon Sanchez eta Pierrick Fedrigo izan direla esatearekin nahiko dela uste dut izan duten maila isladatzeko. Lerro hauetatik belarri tirakada bat emateko aprobetxatu nahi nuke, bai antolatzaileei, bai txirrindulariei (edo heuren zuzendariei).

Astanak bere nagusitasun haundia erakusten jarraitzen duen arren, mugimendu gehiegi saihestu beharrik gabe izan da. Honen harira, leku bat baino gehiagotan ari naiz irakurtzen askotan proposatu izan den gai bat: 9 txirrindulariko taldeak izatetik, 7 txirrindularikoetara pasatzea. Honek, talde baten nagusitasun osoa modu batera edo bestera pixka bat bada ere ekidingo luke eta gainera Tourrean talde gehiago ikusteko aukera emango liguke, zenbat eta talde gehiago izan, lehiakortasuna haundituko litzatekeelarik.

Euskal txirrindularien partetik, larunbateko Mikel Astarlozaren lan ona aipatu behar eta atzokoan Amets Txurrukaren lanaren bitartez Egoi Martinezek lortu zuen mendiko mailota. Garateren lana ere benetan aipatzekoa, ihesaldian indartsuenetako bat bezala agertu ondoren, tropelean Freireren mesedetan azken momenturarte lan ikaragarrian ibili zelarik.

Tourreko antolakuntzak lortu nahi zuena lortuko duela ematen du, azken momentu arte sailkapen nagusia estu mantentzea. Dena dela, moduak eta moduak daude azken egunetara sailkapen estuarekin iristeko eta ziur naiz aurtengo hau ez dela izango zaleen artean gustukoena. Alpeen zain egotea geratzen zaigu. Hor badira hobeto planteatutako etapa profilak, beraz esperantzarekin jarraitzea besterik ez zaigu geratzen.

(Argazkia: Sirotti)

Hau al da gustatzen zaigun txirrindularitza?

Astana taldeaEtapa bere osotasunean jarraitzeko modurik izan ez badut ere, ikusi dudan apurrak, sailkapenei emandako begiradatxo bat eta foroetan jendearen hitzak irakurtzea nahikoa dut, gaurkoan ere, itzuli handietako mendiko etapa lotsagarri bat ikusi dugula aipatzeko. Iheslariei 15 minuturainoko tartea hartzen uzten dion tropelak berak erakusten du lehiarako zuen gogoa, edo hobeto esanda, gogo eza.

Hainbeste eta hainbeste zale izaten da mendiko etapen zain, bertan hau eta hura gertatuko den esperantzan eta azkenean, 10 etapetatik 1 izaten baldin bada ikusteko modukoa, gustura. Izan ere, nahi duzuena esango duzue baina txirrindularitza ikaragarri gustatu behar da gaurkoa bezalako etapa bat ederra izan dela kontsideratzeko.

Eta txarrena dena da, espero nuela gaurkoa. Ulertzen dut Astana taldearen jokaera, tropela kontrolatuta eraman azken kilometroetaraino, bertan talde liderrak denbora pixka bat sartzen saiatzen delarik. Izan ere, Tourrean erakusten ari den nagusitasun hau, azken urteetako Tourretan askotan ikusi izan dugu, eta ezagunak dira baita ere estrategia horrekin lortu izan dituzten emaitza bikainak, beraz, Astana taldearen jokaera, bikaintzat jo beharrean naiz. Baina non dira beste guztiak? Tourra irabaztera etorri al dira? zerren zain daude? egia da ibilbideak ez duela gehiegi laguntzen, baina horrexegatik, dauden aukera apurrak aprobetxatzen saiatu behar luketenen izen pila datozkit burura.

Sekula baino arrisku gehiago ikusten dut ihesaldietan ateratako denborarekin sailkapen orokorrean aurrean amaitu dezaketen txirrindulariak ikus ditzakegula Parisen. Gaur eta biharko etapak ere horretarakoxe aproposak dira eta tropelak berriro ere gogo ez hori erakusten badu, izango dira sailkapenean aurrean sartu eta hortik kentzen kostatuko zaienak.

Espero dezagun gelditzen diren etapetan beste ikuskizun bat ikustea. Dena den, nahiko ezkor nago alde horretatik, ibilbideak, Le Grand Bornand-eko etapak izan ezik, ez baitu gehiegi laguntzen. Ea zer erakusten diguten txirrindulariek. Bitartean, “mozolo” batzuk Tourra ikusten jarraituko dugu hala ere.

Argazkia: ASO B.Bade

Traizioa?

cavendishAtzoko Cavendish-en garaipen berriak ez du jadanik inor harrituko. Esprinter gaztea sekulako garaipen sorta hasi da pilatzen eta oraindik urte askotako erregetza nabaritzen zaio.

Dena dela, atzoko etapako momenturik interesgarriena helmugarako 30km inguru gelditzen zirela gertatu zen. Haizearen laguntzaz, eta Team Columbia-HTC taldearen poderioz, tropela aurreko postuetan apurtu zen, aurrean Team Columbia-HTC talde osoaz gain, besteak beste Armstrong, Cancellara eta Gerdemann sartu zirelarik. Armstrong-en taldekide diren Zubeldia eta Popovych ere han ziren, hasiera batean kontrol lanean hasi zirelarik.

Baina hara nora, kilometro gutxira, Astanako bi talde-lagun hauek tiraka hasi ziren eta era berean Carlos de Andres eta Perico Delgadoren – honen kasuan gutxiago – urduritasunak . Hain urduri ikusten ziren, Astanakoak aurrean tiratzen bazuten, Contadorren lidergoa erakutsi nahi bazuten, atzean ere tiraka hasi behar zutela esatera iritsi zirelarik?!?!?!?!?!

Ez zait iruditzen Astana barruan elkarbizitza egokia izango denik baina ziur nagoena da, prentsa espainiarra laster izango dugula bi oilar hauen arteko lehian burua sartzen. Atzoko Astanaren jokabidea ez zait batere arraroa egiten. Tourra irabazteko hautagai sendoenak atzean ziren eta modu honetan Armstrong lasterketaren lehian sartzeko moduan izan dira.

Armstrong eta Ben AffleckHala ere, garbi dago atzoko jokaerak mila eta bat lerro beteko dituela datozen egunotan. Espainiako prentsa hasi da jadanik “traizio” hitza aipatzen. Ez nator neu bat honekin baina egia esateko, ez zait batere arraroa egin hori irakurri izana.

Ikusiko dugu datozen egunetan zein nolako jokaerak ikusteko moduan garen Astana taldearen inguruan. Entretenituko gaituztela iruditzen zait.

Argazkia:  cyclingnews.com

Frantziako Tourra. Multzoen analisia (IV). Beste azkarrak

Azken egunetako txirrindularien zerrendetan gauzak asko aldatu ezean, 22 txirrindulari ingurutatik 2 aukeratu beharrean izango dira Tropela.net webguneko jokozaleak. Aurtengo Tourreko ibilbideari erreparatuz, sprint asko egon daitekeen susmoa izanik, multzo honetako aukeraketa tentuz egin beharrekoa dela deritzot, multzo honetako txirrindularien artean puntu asko bana baitaitezke.

(Argazkia: www.dailypeloton.com)

Jadanik ikus daiteke kiniela egingo dutenen artean zein diren multzo honetako gustukoenak, Farrar, Pozzato, Haussler eta Ciolek, lauak %25tik gorako zenbakiekin.

Tyler Farrar ageri da denen artean nabarmen gustukoen. Italiako Giroan, nire iritziz hemen baino multzokide eskasago batzuk alboan zituela, %21,7k “bakarrik” aukeratu zuten baina bertan egindako lan onaren ondorioz (egia esan, denboraldi osoan dabil ondo) bere zenbakiak gora egin dute. Bere maila onean jarraituko duelako ustean al zarete? Giroko maila lortuko balu, benetan aukera ona.

Filippo Pozzato Tropela.net-en antolatzen diren porretan beti izaten da askotan aukeratua. Txirrindulari aparta izanik ere, ez zait iruditzen berarentzat aproposak izan daitezkeen etapa asko daudenik Tourrean. Pixkat harritu egiten nau hainbeste pertsonek aukeratu izana. Gutxirako balioko baldin badizue ere, nik hartuko ez dudala garbi dut. Ikusiko dugu Tourrak aurrera egin ahala Pozzato aukeratu duenen batek hitz hauek gogora ekartzen dizkidan edo ez.

(Argazkia: esteka)

Gerald Ciolek eta Heinrich Haussler dira gehien aukeratu dituzuen hurrengoak. Gerald Cioleken denboraldia ezin esan zeharo ona denik, batez ere imajinatzen zaizkion dohaiak kontutan harturik  baina Milram taldean Förster izango ez denez, sprintetako gizon garbia berau izango dugu, batez ere Wrolich-en laguntza baliatzen saiatuko delarik.

Hausslerren kasua berriz, zeharo desberdina dugu. Sekulako denboraldia darama eta sprinterako dituen dohaiak agerian geratu dira, dena den, ezin ahaztu Thor Hushovd taldekide izango duela eta ez dut batere garbi inork bestearen lanean ibiltzeko asmorik duen, bakoitza bere aldetik ibiliko den… datu hori jakiten duenak aukeraketa ona egin dezake kasu honetan. Aurtengo Hausslerren sprintak ikaragarriak izan badira ere, uste dut Hushovd taldekide izateak atzera botako nauela aukeraketarako orduan.

(Argazkia: www.letour.fr)

Hortik aurrera, aukeraketa pixkat zabalduxea dago.  Gizon azkarrak direla askotan erakutsi duten izen asko agertzen dira bertan, Napolitano, Furlan, Feillu, O’Grady, Van Avermaet, Duque… aukeraketa on bat egiteko, bakoitza zein asmorekin doan jakitea da gomendagarria, batzuk bakoitzaren taldeburuen alde lanean ibiltzeko arriskua izan baitezakete (O’Grady edo Van Avermaet-en kasu) edo heuren taldean beste sprinterren bat izan daitekeelako (Pozzato NapolitanoTrusov, Van HummelVeelers, LorenzettoFurlan…)

Hauek danak kontutan hartuta egin beharreko hautaketa duzue. Ni, kiniela egiterakoan gehiengoak egin duen aukeraketatik pixkat urruntzea gustatzen zaionetako naizela kontutan hartuta, azken bi argazkietan agertzen diren bi txirrindulariekin, Gerald Ciolek eta Greg Van Avermaet bikotearekin geldituko naiz. Litekeena da bigarrena Evans taldeburuaren alde lan egin eta sprintetan sartzeari uko egin beharrean izatea baina apostu honetxekin geratzen naiz.

Pixkat gehiago arriskatu nahi duenarentzat, aproposak ikusten ditut Romain Feillu edo Kenny Van Hummel bezalako txirrindulariak, oso oso jende gutxik hartu dituztela kontutan harturik.

Zorte on denori!!!

Katusharen “klausula”

2009ko Katusha taldea

Atzoko berrietako bat Steegmansek Dauphiné Libéré proban irteterik izan ez zuela izan zen. Ez zen beste askotan bezala antolakuntzaren agindu bat izan, bere taldearena baizik.

Dirudienez, talde bertako Pfannberger austriarraren positiboaren ondoren, Katusha taldeko arduradunen beren txirrindulariei klausula bat sinarazi nahi izan die, non bertan, positibo arazo bat izan ezkero, euren urteko soldataren boskoitza izango litzatekeen isuna ordaindu beharrean izango liratekeen. Eta hori sinatu ez dutenak Steegmans, McEwen eta De Haes izan dira, ez dakit kasualitatea den edo ez, baina hirurak taldeko esprinterrak, Napolitano eta Swiftekin batera.

Katushako arduradunen hitzetan, ezin dute positibo bategatik, taldearen inguruan egon daitezkeen beste 60 pertsonen etorkizuna kolokan jarri, eta hortik euren erabakiaren arrazoia.

Ikusiko dugu beste taldeetan ere horrelako erabakirik hartzen den eta txirrindulariek zein jarrera hartzen duten.

Argi dago, honek atzetik eztabaida luzea dakarrela berarekin.