Gilbert helmuga pasatzen 2017 Flandriako TourreanBalentria hitzarekin topo egiten du maiz txirrindularitzak. Txakalaldi hitzak ere. Bi horien artean ibili zen Philippe Gilbert 101. Flandriako Tourrean, eta azkenean, erakustaldia emanez lortu zuen garaipen gogoangarria. Ederki sufrituta, hori bai.

Muur Kapelmuur mitikoan hasi zen benetako lasterketa. Azken 100 kilometroetan sarturik, Tom Boonenek tropela luzatu, estutu eta bat baino gehiago ikusleak agurtzen harrapatu zuen. Horrela geratu ziren atzean kiniela guztietako bi faborito nagusiak: Greg Van Avermaet eta Peter Sagan. BMC eta Bora taldeak, hurrenez hurren, lo geratu ziren, eta minutu inguruko aldea bertan behera uzteko erre zituzten makinak. Lotto-Soudalek ere kale egin zuen, enegarrenez.

Izen handiko txirrindulariez osaturiko taldetxoak egin zuen aurrera. Harrigarria izan zen ikustea hamabost bat kidez osaturiko taldean gizon azkar asko zeudela. Hala nola, Alexander Kristoff, Arnaud Demare, Jasper Stuyven, Bryan Coquard eta Sacha Modolo. Horiekin ziren Quick Stepeko hiru: Gilbert bera, Boonen eta Matteo Trentin azkarra. Minutu inguruko aldea mantendu zuten tropel nagusiarekiko, festa hasi zen arte.

Helmugatik 57 kilometrora, Belgikako txapeldunak ihes egin zuen Oude-Kwaremont muinoan. Tira, ihes baino, erritmoa bizitu zuen harbideetan, eta pixkanaka metroak irabazi zituen. Talde estrategiari begira, Quick Stepek begi onez jo zuen mugimendua, nahiz eta diotenez Boonenek muturra okertu. Ordutik aurrera, Gilbertek bere egin zuen harbidea, bakarkakoan. Eremuz eremu, eserita eta pedal kolpe sendoarekin tartea egin zuen.

Eguneko ihesaldiko lagunak aise irentsi zituzten, eta zoriak batzuetan gordeta izaten dituen gertaerak eman ziren. Lehenik, Sep Vanmarcke lurrera joan zen, eta berarekin Luke Rowe ere. Bi gutxiago lehiarako. Quick Stepen kontrol lana ikusita, Fabio Fellinek eta Dylan Van Baarlek aurrera egin zuten. Taaienbergeko muinoan Yoann Offredok erasoa jo eta Boonen jarraitu ezinda geratu zen matxura tekniko baten ondorioz. Despedida sasoian zorterik txarrena izan zuen bere bigarren klasiko estimatuenean. Beste bat gutxiago lehiarako.

Bitartean, Sagan eta Van Avermaetek bat egin zuten aurreko taldetxoarekin, eta beraiek hautsi zuten kontrola hurrengo kilometroetan. Ordea, hirugarren ezbeharra gertatu zen. Sagan hesira gehiegi hurbildu eta hankaz gora joan zen, eta atzetik Van Avermaet eta Oliver Naesen ere. Van Baarlek zoria alde izan zuen, harbidearen beste aldetik joatea erabaki zuelako. Horrela, bakarrik geratu zen Gilberten atzetik. Azken ezbeharraren ondoren, Van Avermaet eta Niki Terpstrak bat egin zuten Van Baarlerekin eta minutu erdira hurbildu ziren. Baina ez zuten harrapatu.

Erori izan ez balira, Belgikako txapeldunak balentria lortzerik izango zuen? Txakalaldi serioa izan balu? Gertatu osteko hipotesi eta galdera guztiek, ez dute erantzunik izango. Argi dagoena da, horrela behar zuela, eta bere eguna zela.

Gilbertek besoak altxa zituen Oudenaardeko helmugan. Bizikleta bera ere altxatzeko denbora eta indarrak izan zituen. Flandriako zeharkaldian eta E3 Harelbeke klasikoetan bigarren egin, eta Panneko hiru egunetan etapa eta sailkapen nagusia irabazi ondoren, udaberria biribildu du belgikarrak. Gehiagorako gai izango ote da denboraldi honetan? Horrela bedi!

Argazkia: Tim de Waele