Henao

2016ko abuztuaren 6a. Uda giroa bete-betean Euskal Herrian. Hemendik urrun, Rio de Janeiron, Olinpiar Jokoetako txirrindularitza proba. Canoasko zirkuitu sigi-sagatsua, eta dominen lehia iritsi zenean, txirrindulari batek baino gehiagok ospitalean bukatu zuen, Vista Chinesako bihurgune bihurrietan jasandako eroriko latzen ondorioz. Horien artean, Henao eta Porte. Urte erdi eta gero, Paris-Niza lasterketan pozarren bukatu dute biek, nola kolonbiarrak hala Tasmaniakoak.

Sufritu du Henaok azken etapan sailkapen nagusiko buruari eusteko, Contadorrek gogor jo duelako erasora, baina azkenean lortu du Skyko txirrindulariak WorldTour mailako garaipen handia. Hirutan egin dio ihes Itzuliak azken erlojupekoan, baina oraingoan maillot horia eta lehoitxoa etxeratu ditu. Ez da, gainera, urteko lehen garaipena, Kolonbiako txapelketa irabazi baitu berriki. Froomen mesedetan morrontza lanetan buru-belarri murgildu aurretik, bere burua erakutsi du Henaok.

Portek birritan irabazi du Paris-Nizako sailkapen nagusia, 2013an eta 2015ean, bina etapa eskuratuta. Aurtengoan, hasierako egun eroek lehiatik kanpo utzi zuten, baina BMCko txirrindulariak etapa nagusia irabazita, pozik egingo du etxerako bidea. Henaok bezala, indartsu hasi da denboraldia; ez ahaztu Down Under Tourra irabazi duela.

Brasilgo ekaitzaren ostean, eguzkia atera da Henao eta Porterentzat, non eta Eguzkiaren Lasterketa goitizena duen Paristik Nizarako lasterketan.

Argazkia: bbc.co.uk