“Iñaki, zein urrun dago Kamerun?” abesten zuen Zarama taldeak. Mikel Aristiri kantatu ahal izango diote aurrerantzean, baina Gabon herrialdearengatik ordezkatuta. Izan ere, Bergarako txirrindulari gazteak goi-mailako lehen garaipena lortu zuen pasa den otsailaren 27an, La Tropicale Amissa Bongo lasterketaren aurreneko etapan.

Delko Marseille Provence KTM taldeko txirrindulariak, lehen etapa irabazi eta maillot horia jantzi zuen. Bigarren etapan, bigarren sailkatu zen eta lider izaten segitu zuen. Aldiz, hirugarren etapan, zortzigarren amaitu arren, maillota erantzi zuen. Laugarren etapa bertan behera utzi zuen antolakuntzak, txirrindulariak Francevilletik Lambaréné hirira eramateko izandako arazo teknikoengatik. Egun aproposa zen Aristirentzat, maillota berreskuratzeko.

Bosgarren etapan, 13 laguneko ihesaldi batek erabakita utzi zuen itzulia. Yohann Genek (Direct Energie) irabazi zuen etapa, maillot horia jantzi eta ez zuen erantzi lasterketa bukatu bitarte. Sailkapen nagusian, Aristitik 17. tokian bukatu zuen itzulia, eta gutxigatik ez zuen eskuratu puntuen maillot berdea (bigarrena izan zen).

Azken urteak gazi-gozoak izan dira Aristirentzako, eta begira, Afrikan zuen tunel amaierako argia. Pasa den sasoian, Frantziako Marseilla hirian topatu zuen profesionaletara itzultzeko bidai txartela, eta lesioak gaindituta, bide onari heldu dio aurtengo denboraldian. Atzean geratu da Euskadi taldearekin piztu zitzaion ilusioa, eta ondorengo galera.

Gaboneko lorpenak aurrekari onak berretsi ditu. Sasoiko bere lehen lasterketan, Costa degli Etruschi sari nagusian, seigarren izan zen. Diego Ulissik (UAE Team Emirates) irabazi zuen. Aldiz, Fabio Felline (Trek-Segafredo) gailendu zen Laigueglia Trofeoan, 20. sailkatu zen. Dagoeneko ezagunak diren txirrindulariek irabazitako probetan maila ona ematea, harro egoteko modukoa da.

 

Argazkia: sportberri.com