Nolakoa izango da aurtengo Tourreko hautagai nagusien multzoa?

4 izugarriak

Tourra badatorrela antzematen dugu egun hauetan eta halaxe iragarri du Suitzako Tourra ETB-ek ere, Tourra prestatzeko txirrindulariek erabiltzen duten test moduko lasterketa, Froomek irabazi berri duen Dauphineko Kriteriumaren moduan.

Tourraren usaia dugu gure sudurreko mintzetan dagoeneko. Horren isla Tropelan egun gutxi barru Tourreko lehiaketarako kiniela egiteko epea irekiko dela da. Gogoz izango zarete, ezta? Baita neu ere!!

Ez nuen post hau idazteko asmorik baina yves77-k idatzi duen iruzkina eta gero animatu egin naiz. Nolako kiniela prestatuko ote du Tropelak 2015erako Tourrerako? Hautagai nagusien multzoan zenbat txirrindulari eta zein izango dira? Zenbat aukeratu beharko dira?

yves77-k argudiatzen duen moduan hiru dira hautagai nagusien artean jarri beharrekoan: Contador, Froome eta Quintana. Eta 2 aukeratu beharko liratekeela dio. Zer iruditzen zaizue? Nik ez dut bat egiten bada proposamenarekin eta hemen nire azalpena.

Nire ustez Nibali hauei gehitu behar zaie multzo honetan. Iaz Tourra nagusitasun handiz irabazi zuen – 7’37”-ko tartea atera zion bigarrena izan zen Peraudi – Contador eta Froome erorikoak tarteko etxera joan eta gero. Dauphine pattala egin duela? Beno, iaz baino gehiago egin du aurten: [zuzenketa] mendiko etapa batean bigarren izan zen eta lider egun batez. Eta nire ustez nabarmen geratu da entrenatzeko erabili duela Dauphine. Beste hiruren mailan izango da, ez izan zalantzarik.

Horrenbestez, nire ustez, lau hauek osatu beharko lukete hautagai nagusien multzoa, Pibanek zioen moduan, “lau izugarriek”. Eta aukeratu beharreko kopuruaren inguruan 2 hautatu beharko liratekeelakoan naiz: 3 aukeratzeak multzoari zentzu asko kenduko lioke eta bakarra aukeratzea krudel xamarra izan daiteke. Zergatik? Demagun Froomen hartzen dugula eta iaz bezala harbideetako etapan erori eta etxerako bidea hartzen duela. Kasu horretan Tropelan zerbait egiteko esperantza guztiak galduko genituzke. Aldiz, bi aukeratzeko jarrita, beste aukeratxo bat irekitzen zaigu bigarren hau txukun ari bazaigu Tourrean behintzat.

Oraindik ez dakigu zer nolako kiniela izango den larunbat gauean zabalduko dena. Zein da zuen iritzia? Nolako multzoa osatuko zenukete?

 

argazkia: www.cyclismactu.net

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.