Segundoen borroka

2015 Giro 13 etapa Aru podiumeanDagoeneko Giroan 13 etapa jokatu dira eta bi dira sailkapen nagusiaren muturrean aurkitzen direnak: Contador (TCS) eta Aru (AST). Bata esperientzia duena eta bestea iaz sorpresa izan zena aurten Contador kilimatzeko gai izaten ari dena, segundoen borrokan.

Interesante doa aurtengo Giroa, hala uste dut behintzat. Arrazoi nagusia egunera zerbait gertatzen ari delako da eta horrek, hurrengo egunari begira, ikusmina sortarazten du, nigan bederen bai. Eta oraindik beste 8 etapa falta dira Milanora iritsi aurretik!!!

Gaurkoan lider aldaketa izan dugu ezustean. Aru gazteak bihar orain arte zeraman maillot zuria arrosaz ordezkatuko du Contadorrek helmugan Arurekiko 36 segundo galdu ondoren. Bai, zorigaitzeko erorikoak harrapatu du Pintokoa, eguraldi txarrak edo urduritasunak eraginda edo, baina ez italiar gaztea. Tropelaren nahiko muturrean izan da ezustea, helmugatik 3,2 km-tara, araudiak markatzen duen babesetik kanpo. Ondorioz, Contadorrek galdutako denbora sailkapenean islatu da eta maillota galdu du. Zoria nioen, baina kokapenak ere izan du zerikusia, aurreko kilometroetan Contador tropel buruan bazen ere, azken 5 kilometroetan atzeratu xamar zebilen, Porteren (SKY) moduan.

Atzo bestelako etapa ikusi genuen. Astana sendo bat nabari bazen ere, Contadorrek Aru ahul bat ikusi zuen eta helmugan bigarren sailkatuta, 8 segundoko tartea eta gainsariko 6 segundorekin, tartea ireki zion Aru gazteari. Italiarraren aurpegiak helmugan pasatako larritasuna islatzen zuen. Pentsatzen nuen eguraldi txarrak mesede baino kalte egin ote zion Astanako talde buruari, baina gaur erakutsi du ez duela zertan horrela izan.

Atzerago jotzen badugu, igandeko etapan Aru izan zen Contadorri segundo bat kendu ziona. Faboritoen artean galtzaile egun hartan Uran (EQS) izan zen. Taldeak jakinarazi zuenez lehen astean bronkitisak jota izan da eta hori izan da lehen astean denbora galtzearen arrazoi. Atzo ere segundo batzuk galdu zituen, baina biharko motibatuta omen dago. Ikusi beharko da.

Igandeko etaparen ondoren, 3 segundoko errenta besterik ez zuen Contadorrek Arurekiko. Gogoratu Contadorrek 5. etapan lortu zuela lidergoa eskuratzea, Abetoneko etapan. Etapa haren ondoren 2 segundokoa besterik ez zen Contador eta Aruren arteko tartea.

Contadorrek itzuli handietan behin liderraren maillota jantzi duenean sekula ez du galdu izan. Gaurkoan marka hori bertan behera geratu zaio eta biharko erlojuaren kontrako saioari Aruren aurretik ekin beharko dio. Bazirudien atzo kolpe moral izugarria eman ziola Contadorrek Aruri, baina gaur egoerak, zoriari esker izan bada ere, buelta eman du.

Contadorrek kolpeak jasan dituela adierazi du Twitter bidez, baina aurreko asteko erorikoren ondoren esan, erakutsi eta egin dituenaren ondoren, niri behintzat kosta egiten zait sinistea kalterik izan duen. Gehiago sinisten diot bere ugazabak esan duenari. Bihar Contador berriro ere arrosaz?

Porteren ezina

Porteren motorhomea 2015eko GiroanPorte ere gaizki kokatua zen gaurkoan eta denbora galdu du, Contadorrek baino gehiago, 2’04” Arurekiko. Australiarra astearteko etapan kolpe morala jasota zen. Gogoratuko duzuen bezala, helmugatik 5 kilometrotara zulatua izan zuen eta Clarkek (OGE) eman zion bere gurpila. Hori UCIko arauen kontra doa eta 2 minutuko zigorra jaso zuen. Gaur, behin erorita, ez dakit etsipenak jota zegoelako jada edo babeseko kilometroen barruen zela uste zuelako izan den, baina mutilak espero baino lasaiago hartu du eta dagoeneko sailkapen nagusian 5’05″era aurkitzen da 17. postuan. Ezer gutxitarako balio izan dio australiarrari motorhomean lo egiten izateak Giro honetan.

König (SKY) taldekidea du bera baina aurrerago, 15. postuan Arurengandik 4’24″ra. Zein jarrera hartuko du SKY taldeak? Biharko erlojuaren kontrako saioak esango digu hori.

Contador eta Aru puntu gehien ematen ari direnak

Muturreko lehian dabiltzan bi txirrindulariak dira Tropelan puntu gehien ematen ari direnak. Ez bazaio ezer larririk gertatzen, Contador puntu gehien emango dituen txirrindularia izango da Aruk gainditzen badu ere, zail izango baitute horrenbeste puntu lortzea bai Uranek baita Portek ere. Zerbaitegatik hartu zenuten Tropelako %89,6ak Contador, nik ez bezala.

Txirrindularien puntuak 2015 Giro 13 etapa

Argazkiak: Press Giro d’Italia, @richie_porte eta tropela.eus

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.