Gaurkoan ere erakustaldia eman du Astana taldeak. Madonna Di Campiglio igoeran jada Contador (TCS) bakarrik zen eta talde kazakhstandarrak bost ordezkari zituen, tartean Mikel Landa (AST). Besterik ezean, etapa garaipena lortu du Mikelek talde urdinarentzat.
Contador izugarri dabil eta jada ez da segundoen borrokan ari. Faboritoen artean Aru (AST) da aurre egin diezaioken bakarra, baina hau ere Pintokoarengandik urrun dagoela agerian geratu da bai atzoko erlojuaren kontrako saioan baita gaurko etapan ere. Hori bai, taldeka, Astanak alde ederreko maila erakutsi du Tinkoffen aldean.
Mikel Landa da Astanaren bigarren gizona zalantzarik gabe. Aurreko egunetan hala ikusi genuen eta bi aste pasa diren honetan, baieztatua geratu da. Aruk egin ezin izan duena Mikelek errematatu du etapa garaipena lortuz. Bazuen bai gogoa arabarrak garaipena lortzeko aurreko astean Beñat Intxaustiren (MOV) atzetik helmugaratzean ikusitakoaren ondoren.
Bi garaipen lortu dituzte gure txirrindulariek. Nioen moduan Beñat Intxaustik aurreko asteburuan Campitello Matesen lortu zuen etapa garaipena, eta gaur Mikelek. A ze maila ematen ari den!
Etapa garaipena lortuta lasaitu ederra hartuko zuen. Baina handiagoa egin dezake sailkapen nagusian 4. postuan aurkitzen baita, Amadorrengandik (MOV) 27 segundora besterik ez. Gaurkoa ikusita badirudi erraz lortzeko helburua dela hori. Mikelek hori egingo balu, 14 urte eta gero berriro ere euskaldun bat izango dugu Italiako Giroko podiumean.