#tropelafaktorea Ardenetako Hirukoan: Dan Martin

Dan Martinen erorikoa Fleche Wallone 2015Aurtengo urte honetan ez naiz batere txukun hasi Tropelan. Ustez “neguko prestaketa” inoiz baino hobea eginda nentorren, baina badirudi zoria – eta gainontzeko guztia – ez ditudala alde.

Kontuak kontu, ikusita udaberrian sartuta ginela eta iazko ibilbidetik urrun ekin diodala denboraldiari, Ardenetako Hirukoaren lehiaketan arriskatzeko autua hartu nuen, multzo guztietan gainera. Eta ondorioak, larriak izan ez badira ere, kukuak oker jo didala ezin uka, batez ere Alaphilippe (EQS), Tropelako erabiltzaileen %51,7ak hartu eta 450 puntu eman dituen txirrindulari frantziarra nire tropelan ez nuelako.

Baina ez dut txirrindulari frantziarraz hitz egin nahi, naiz eta Fleche Wallonen eta Lieja-Bastogne-Liejan bigarren amaitu Valverde ikaragarri baten atzetik askoren sorpresarako. Gaurkoa Dan Martin ekarri nahi dut gogora.

Askotan esan ohi da txirrindulari batzuk zoria kontra izaten dutela. Beno, eta askotan errepikatzen bada, Gesink kasu, jada ez dela zoriaren kontua bakarrik. Bada horrelako zerbait gertatzen zaio Dan Martini.

Gogoan izango duzue iazko Lieja-Bastogne-Lieja; azken bihurgunean lehen postuan zen baina batek daki nola, boligraforen bat edo bestelako arrazoiren bat tarteko, lurrera erori eta garaipenak eskuetatik alde egin zion. 2014ean Giroa zuen helburu Irlandatik abiatzen baitzen eta bertan okerragoa jazo zitzaion: lehen etapan, taldekako erlojupekoan, 5. kilometro inguruan Koldo Fernandez eta beste taldekideekin batera lurrera erori eta lasterketa utzi beharrean izan zen. Denboraldia txukundu asmotan, Vueltan izan zen lehian eta 7. postuan amaitzea lortu zuen.

Iazko denboraldia ikusita, aurtengoan helburuak aldatu eta itzulietan zentratu beharrean Ardenak jarri zituen helburu – ikusten duzuen bezala “neguko prestaketatan” txukun nenbilen-. Bazirudien irlandarraren prestaketak bere fruituak eman behar zituela, batez ere aurreko igandean, Amstel Gold Racen, faboritoen tropeltxoan helmugaratu baitzen 15. sailkatuz. Hasi, ondo hasi zen, baina bai Flechen eta baita Liejan ere, bietan lurrera erori eta bi lasterketak amaitu ezinda geratu zen. Bera amaitu ezinda eta ni Amsteleko 20 puntutxoekin.

Zer gertatzen zaio irlandarrari? Hau ere Gesink bezala erorikoetatik ezin libratuta? Eta ez da ez bakarra, izan ere Gerrans ere birritan erori zen igandean eta Froome bera ere Flechen azken kilometroetan erori egin zen –  ezin ahaztu iazko Tourrean ere 2-3 alditan erori eta etxerako bide hartu beharrean izan zela.

Behin edo bitan erortzea zori kontua izan daiteke, baina hainbatetan errepikatzen denean zoriaz gain beste faktoreren bat dagoen seinale, eta ez, ez da #tropelafaktorea.

Argazkia: http://www.cyclingweekly.co.uk

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.