Murias taldea bere kategoriara kateatua

Murias Taldea Volta ao AlgarvenMurias taldeak aspaldi erakutsi zuen Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko gogoa. Taldea saiatu da nolabait antolakuntzak bere partaidetza ahalbidera zezan elkarrizketak izaten, baina azkenean ezezkoa jaso du.

Dakizuen moduan Muriasek aurtengoa du lehen denboraldia txirrindularitzan. Kontutan izanda talde Continental mailakoa dela, txukun ekin dio denboraldi hasiera honi: Mallorcako Challengean Egoitz Garcia – erorikoek ez zioten lagundu – eta Unai Intziarte izan ziren taldearen lanari emaitzarik onenak lortzeko gai izan ziren izen propioak, eta Murtziako itzulian Gari Bravok tarteko helmugen sailkapena irabazi zuen. Orain Portugalen ari dira lehian Volta ao Algarven.

Aipatzen nuen moduan, ordea, egutegian nahiko luketen lasterketa Itzulia da baina ate guztiak itxi zaizkie euskal errepideetako lasterketa hasteko sei aste falta diren honetan. Jon Odriozola taldeko zuzendariak posible zela esan izan du behin baino gehiagotan Itzulian izatea. Adibide gisa Tour Down Under lasterketa australiarra jarri ohi izan du. Hau ere World Tour kategoriko lasterketa da eta australiar selekzio bat izaten dela aipatu izan du. Itzulian gauza bera egitea eskatzen zuen, euskal selekzio modua Murias gehitzea. Baina ez da posible.

Aste honetan Jose Luis ArrietakItzuliako arduradunak – Euskal Telebistari eskainitako elkarrizketan argitu du Australia eta Polonia bezalako herrialdeek aukera hori dutela UCIk eskaintzen dien baimen berezi batengatik. Eta baimen berezi hori ematearen arrazoia herrialde horietan txirrindularitza sustatzea dela. Baimen berezi hori ez denez aplikagarria gure herrian, eta partean poztekoa dela esango nuke ikusita baimen berezia aplikatzearen arrazoia zein den, Murias taldeak Itzulia lehiatzeko aukera bakarra Continental Profesional kategorian izanda gonbidapena lortuta izango litzateke. Aurten, beraz, araudia eskutan, badirudi hasieran posible izan zitekeen aukerarik benetan ez dagoela.

Murias taldearen proiektua berez urtebeterako da, naiz eta taldeko arduradunek luzatzeko asmoa erakutsi duten. Hala balitz eta proiektuan beharrezko atxikipenak lortuta, 2016an Continental Profesional mailara igoko balitz Itzuliaren 56. edizioan Jon Odriozolaren taldeak aukera izango luke parte hartzeko. Neuk horixe nahiko nuke, alde batetik proiektuak aurrera egingo lukeela esan nahiko bailuke – gutxienez beste urtebete – eta bestetik kategoria bat gorago izango bailitzateke, Cajar Rural – Seguros RGA taldearen maila berean hain zuzen ere.

Argazkia: @Ciclismoafondo_

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.