Bataila gutxiago geratzen zaizkie

Valverde eta Rodriguez. Rodriguez eta Valverde. Urte asko daramatzate goi mailan.Hamaika batailatan lehiatu dira, eta bereziki azken urtean bien arteko harremanak gorabehera ugari izan ditu. Iazko Munduko Txapelketa nork bere kirol ibilbideari ginga jartzeko parada izan zuten, baina azkenean ez batak ez besteak. Rui Costa azkarrago ibili zen. Katusha eta Movistarreko taldeburuen arteko giroa ozpindu zen. Aurtengo denboraldian aurrez aurre ikusi genituen batez ere Donostiako Klasikoan eta Igeldoko malda berrian, biak izan ziren tropelaren buru. Valverde nagusitu zen. Aurtengo denboraldian murtziarrak pedal kolpe hobea du kataluniarrak baino; Vueltan podiuma zapaltzeko gai izan da, maillot gorria jantzi zuen eta La Zubiako mendiko etapa irabazi.

Vueltan bertan, Covadongako etapan eta baita La Farraponakoan ere, berriz ere Rodriguez eta Valverde; Valverde eta Rodriguez. Ia-ia pega eginda. Proba horretan ziurrenik konturatu dira hiru asteko itzulietan garaipena urrun geratu zaiela (Rodriguezek 35urte ditu eta Valverdek 34) eta gero eta txirrindulari gehiagok aurrea hartu dietela itzuli handietan: Nibali, Contador, Quintana eta Froome alde batera utzita, indartsu, gorantz, datozen Aru, Pinot edota Bardet ezin ahaztu.
Rodriguez eta Valverde sekulako garaipen zerrenda osatzen ari dira, baina haien garaipen zerrenda horrek, hain zuzen, erakusten digu zein zaila den hiru asteko itzuliak irabaztea. Valverdek 2009an irabazi zuen Vuelta eta Tourra horma baten parekoa izan da berarentzat. Ezinezkoa. Rodriguezek, berriz, bat bera ere ez du irabazi. 2012ko Giroa esku artean zuela kendu zion Hesjedal harrigarriak eta urte bereko Vueltan Contadorrek kendu zion garaipena Fuente Deko etapan.
Klasiketarako eta itzuli txikietarako oraindik ere txinparta badute -bitxia da, baina oraindik ez dute Euskal Herriko Itzulia irabazi-. Ponferradako Munduko Txapelketan izango dute hurrengo bataila. Ortzadar mailota janzteko, agian, azkena.

Argazkia: Sport.es