Giant-Shimanoren uzta, fruituak eman eta eman

Irlandar asteburuaren ostean, eta ostiralean Garmin-Sharp taldeak izan zuen zorigaiztoko erorketaren ondorioak alde batera utzita, hizketagai bakarra dago azken orduotan Italiako Giroaren inguruan: Marcel Kittelen garaipenak, eta batez ere, Dublingo helmugan egindako berebiziko erakustaldia. Bi garaipenak, gainera, sprint antolatu baten gidaritza baliatu barik bereganatu ditu. Honek bere gaitasunaren maila goratzen du, taldearen lana zalantzan jar lezakeen hein beretsuan.

Albaina, Giant-Shimanoren lanak orain arte eman dituen fruituak ukaezinak dira. Taldeak mota guztietako sprintetan lortutako emaitzak hor daude, eta Kittelek berak behin baino gehiagotan bere onespena erakutsi izan du taldearen bideratzaile-trenaren inguruan hitz egiterako unean.

Marcel KittelSprintetako metodologiaz haratago, ordea, urtez urte egindako lan zuzen eta eraginkorrari erreparatu behar zaio egitura herbeherearraren arrakastaren gakoak bilatzen hasita, jakina, sprintetan bere gailurra erakusten duena. Izan ere, 2009. urtean Frantziako Tourrak Skil-Shimano xumea gonbidatu zuenean, inork gutxik esperoko zuen bost urteren buruan nazioarteko tropeleko erreferenteetako bat izango zenik. ASOk taldearen ibilbide eredugarria saritu nahi izan zuen orduko hartan, eta era berean jakina zen UCIren gustokoa ere bazela. Normaltzat jo beharreko egoera, taldeen hazkunde eta desagertzeak inbertsore handien mugimenduek baldintzatzen dituzten kirol honetan.

Ordutik aurrera taldeak izan duen bilakaera gorakorra izan da etengabe, baina benetako mugarria 2011.urtean iritsi zen. Artean Skil babesle nagusi zelarik, honezkero aski ezaguna den Kittel alemaniar gaztea fitxatu zuten. Thüringer Energie Team talde kontinentalaren harrobi oparoan hezia (Tony Martin, John Degenkolb edo Patrick Gretsch ere besteak beste bertatik pasata dira), erlojuaren aurkako espezialista eta gizon azkar moduan (alemaniar profilekoa, alegia) egin zuen lekua afizionatuetan.

Iragarpen horiek ordea erabat irauliko zituen urte hartan turingiarrak, momentu hartako taldeko sprinter nagusia zen Kenny Van Hummelek erdietsitako zortzi garaipenei, Kittelek beste hamazazpi gehitu baitzizkion bere debut urtean. Sinestezina erabat. Garaipenen artean, Dunkerquen eta Poloniako Tourrean launa etapa, eta Espainiako Itzulian beste bat. Handienen parera iristeko atarian zen.

Urte hartako amaieran taldeak urrats bat aurrera egitea erabaki zuen, eta oraindik babesle pribaturik ez bazuen ere (1t4I izenaren eta filosofiaren pean hasi zuen hurrengo denboraldia, nahiz eta Apirila aldera Argos–Shimano izenez lehiatzera pasa), Degenkolb eta Etorkizuneko Tourra irabazi berritan zen Warren Barguil fitxatu zituen. Horrez gain, Tony Martin erakartzeko saiakerak ere egin zituen, baina arrakastarik gabe. Hala ere, faltan bota zutenik ezin esan liteke, 2012a berriz ere garaipenen zorroa ederki puzturik amaitu baitzuen Argos-Shimanok. Kittelek berriz ere hamar garaipenetik gora lortu zituen, eta Degenkolbek beste horrenbeste egin zuen, Espainiako Itzuliko bosteko gogoangarri hura barne.

Eta hala, egun ezagutzen dugun taldea izatera heldu da Giant-Shimano. World Tour mailako talde bat, eta iazkoan Kittelek Tourrean lortutako pokerra puntu goren dutela. Esan beharrik ez da Kittel edo Degenkolben mailako txirrindulariak euren artean mantentzeko Argosek lehen zein Giant bizikleta etxeak orain egindako diru-ekarpenak zerikusi gutxi izango duela orain hamar urteko Skil-Shimanoren aurrekontuarekin, baina esan bezala, hazkundea beti ere neurri jasangarrian mantendu da.

giant_shimano

Horrexegatik, azken boladako taldearen errendimendua (Kittelen Giro hasiera hau edo bere hirugarren Scheldeprijsa, Degenkolben Iparraldeko Kanpaina zoragarria, Luka Mezgecek Kataluniako Voltan lortutako hiru etapa, edota Tom Dumoulinek Nazioarteko Kriteriumeko irabazitako erlojupekoa) kontestu horretan kokatu beharra dago. Egun sprintetan erreferente nagusienetako den talde baten baitan alegia, baina horrez gain lana ia beti norantza egokian egiten duen taldeaz ari garela jakinda. Halaxe soilik azaltzen baita Degenkolb eta Kittel bezalako bi talentu ikaragarri horren ongi uztartzen jakin izana. Eta halaxe baita gazteei etekina ateratzeko azaltzen duten abilezia, bai sprintetan (berriki Mezgecek hartu duen merezitako sona Nikias Arndt, Ramon Sinkeldam ziklokros gizon ohiak edo Reinardt Janse Van Rensburgek bilatuko dute aurrerantzean, eta aurrerago Jonas Ahlstrand suediarrak) zein, geroz eta gehiago, itzuli txiki zein handietarako maila eman dezaketen txirrindulariak (Barguil bretainiarra eta Dumoulin espezialista ate-joka ditugu, Simon Geschke alemaniarra jada finkatutako txirrindularia da, gehiago agertzeke direnen artean Tobias Ludvigsson gazteak batez ere etorkizun oparoa izan dezakeela erakutsi du aurtengo Etoile de Bessegeseko garaipenarekin besteak beste, eta debutarien artean Lawson Craddock estatubatuarrarengan daude itxaropenik handienak). Eta hori guztia, emakumezkoen taldea eta gazteen kontinental taldea aipatu gabe.

Eta halakoetan gertatu ohi den bezala, gizon mediatiko baten inguruan ari ez bagara behintzat, mehatzean lana beltz egiten duena merezitako onarpenik gabe geratzen da, itzalean. Iwan Spekenbrink herbeherearra ez da ez oso ezaguna, ez noizbehinkako ikusleen artean noski, baina ezta txirrindularitzaren mundua dexente jarraitzen dugunon artean ere. Bera izango da ordea seguru asko guzti onen erantzule nagusienetako bat. Bejondeiola ba.

Argazkiak: thatbikeracingblog.wordpress.com / roadcyclinguk.com