Evansek, hordagoa handira

evansIdatz nezakeen Julen Gabiriaren abenturaz, baina ez dut egingo, Berria egunkarian artikulu gozagarria plazaratu berri dutelako eta nik ezingo nukeelako hobetu. Analisi sakon bat ere banuen buruan, baina Hibaik Tropela.net blog honetan bertan Kittel eta bere taldeari buruz egindakoa azterketa xehe eta zabalari itzal egiteko, nahikoa lan (irakurri duzu?). Hortaz, Evansi gorazarre egiteko aprobetxatuko dut. Behin baino gehiagotan txalotu dut plaza honetan azken urteetan Cadel Evansen itzuli txikiak irabazteko nahia, itzuli handiak irabaztetik urrun ikusten nuelako, baina hara non eta Giroa irabazteko borrokan dugu gizona, 37 urterekin. Lehen astea joan zaigu, eta mendiko lehen etapak eta gero, BMC taldeko liderra da sailkapen nagusiaren buruan. Arrosaz jantzita hartuko du australiarrak asteleheneko atseden eguna.

Eta Giroa irabazteko lehian dago Evans, kolore guztietakoak ikusi ondoren. 2002an, maglia arrosa soinean kristoren txakalaldia harrapatu zuen, gaztetasunak eraginda ziurrenik, eta noski liderraren maillota galdu zuen. Tourreko maillot horia negar malkotan utzi zuen 2010ean, Madelaine mendate gogorra besoa hautsita igo ondoren. Espainiako Vueltan berriz, zulatu batek garaipenetik urrundu zuen orain dela urte batzuk. Dena dela, ekin eta ekin, Munduko Txapelketa eta Tourra irabazi zituen Evansek. Jarrera aipagarria iruditzen zait, amore ematen ez duenarena zailtasuna edozein izanda ere. Azken urteetan, gehiago kosta egin zaio itzuli handietan nabarmentzea, baina erne, joan den urteko Giroa podiumean bukatu zuen.

Beharbada, Evansek badaki Giroko azken astean ez diola eutsiko lehen postuari (Quintanak Zoncolan nahikoa izan dezakeelakoan nago pare bat minutu kentzeko), eta ahalik eta egun gehien eutsi nahi dio. Ez dakit. Nik badaezpada ere, sosak ez ditut jokoan jarriko. Poltsikoan gordeko ditut. Evansekin ez dago jakiterik, eta are gutxiago Horner aitonak joan den urteko Vueltan egindakoa kontuan hartzen badugu.