Giro Rosa 2013: Mara Abbott-en itzulera

Mara Abbott (AEB, Boulder / Colorado, 1985) izan du garaile aurtengo Giro Rosa-k. Nagusitasunez gainera. Bere igotzaile dohaiak baliatuz, Monte Beigua eta San Domenico-n bukatzen ziren 2 etaparik gogorrenak hurrenez hurren irabazi ditu, denbora tarte erosoak lortuz. Bi igoera hoietan oinarritu du Abbott-ek bere garaipena. Ondoren, eta aurretik ere bai, AEBko selekzioak gogoz lagundu dio “maglia rosa”-ren bidean (Exergy TWENTY 16 du bere ohizko taldea).

Abbott-ek 2010ean ere irabazi zuen orduan Giro Donne zena, balentria hori erdiesten zuen lehen emakume amerikarra izan zelarik. Eta bere 2 garaipenen artean, 2010 eta 2013 urteen artean, arazoak, burujanak eta iluntasuna, txirrindua uzteraino.

Izan ere Abbott kirolariaren atzean, Mara-ren istorio pertsonal interesgarria topatuko degu, bere printzipio sendoetan oinarritua. Ingurumenarekiko etengabeko arreta eta yoga-ko irakaspenak bere bizitzako ardatz izan ditu. Eta zail gertatu zaio printzipio hoiek kirol lider haundi baten izaerarekin uztartzea. Ez zuen ondo eramaten errepidean besteek berarentzat lan egitea edota lasterketen ondoren bidebazterrak zikin ikusi beharra, esaterako. Ugari dira bere izaera konprometituaren inguruan ezagutzera eman diren jazoerak, akaso egunen baten gure berrietako baten jaso genitzazkenak.

Barne-gatazka hauek, elikadurarekin lotutako gaixotasun bezela kanporatu zitzaizkion, kirol bizitza profesionala utzi behar izateraino. Berak esana da: “Nere burmuina itzaltzerik balego, guztia errezagoa litzateke”.

Urtebete geldi egon ostean, bere buruarekin pakeak eginda, goi mailara itzuli da berriz ere aurten, “oraingoan ni nator kirolaren bila, eta ez alderantziz” ozen aldarrikatuz.
Italiako errepideetan erakutsi duena, bat dator bere hitzekin eta benetako Mara Abbott itzuli dela hainbat lerroburuk ospatuko dute.

Abbott-ez gain, pozik izango direnak, italiarrak dira: Guderzo (MCipollini) 2007ko munduko txapeldunak, bere mailarik onena berreskuratu du, Abbott-en atzetik 2. postuan bukatzeko. Francesca Cauz (Fassa Bortolo) gazteak aurrerapauso nabarmena eman du, igotzailea fina dela aldarrikatuz eta gazteen saria eskuratuz, Rossella Ratto-ren aurretik. Bronzini (Wiggle Honda) ere txukun sprintetan, etapa bat poltsikoratuz. Horri Longo Borghini etxean geratu izana eta Luperini lasterketatik kaleratu izana gehitzen badizkiogu, Firenze-ra begira itxaropentsu izan daitezkela ondorioztatzen da.

Galtzaileen artean, Marianne Vos-en izenetik hasi behar, 3 etaparen jabe egin den arren. Azken 2 urteetako garailea ordea, podium-etik kanpo gelditu da, igoeretan gehiegizko ahulezia erakutsita. Bere hitzetan “lasai nago, arrazoia zein den badakit eta”. Vos-ek, mendiko txirrindua eta errepidekoa uztartzeko egin duen prestaketari egotzi dio errua. Bigarren maila baten, Evelyn Stevens aipatu behar: Martxoko erorikotik osatu zen, baino bistan da geldialdi horrek bere prestaketan utzi duen zuloa, oraindik ez duela estali. Hau ere podium-etik at.

Eta noski, ezin bukatu euskaldunen lana aztertu gabe. Helburu nagusia bete dute gure 4 ordezkariek: Mireia Epelde, Irene San Sebastian, Dorleta Eskamendi eta Ane Santesteban-ek lasterketa amaitzea lortu dute, Cremona-raino iritsiz. Ikasgaiz josita gainera, ziurrenik. Epelde-k twitter bidez azaldu digunez, beroak dezente zaildu dizkie gauzak, ibilbideak berez zuen nekagarritasunaz gain.

Santesteban-ek, bere aldetik, ez du zorterik izan. Lasterketaren hasieran erori eta eskumuturra minduta izan da ordutik. Mugatuta, bere maila erakutsi ezinik. Pena, gorputzaldi oso onean iritsi bait zen Italiara, Bembimbre-n Espainiako txapelketa dotore irabazi ostean. Aukera gehiago izango ditu, ziur.

Bizkaia-Durango euskal taldea ere helburuak beteta bueltatuko da etxera. Bere 8 txirrindulariek proba amaitzea lortu dute, orohar maila txukuna emanaz. Anna Sanchís aurrerago ikustea espero genuen ordea. Lortu duen 16. postu horrek hotz xamar utzi gaitu.

Aurtengo Giro Rosa-k eman du berea. Amaitu zaigu emakumezkoen Itzuli Haundia. Mara Abbott gorenera itzuli zenekoa, Vos 3 etapa irabazi arren galtzaile izan zenekoa eta euskal ordezkaritza polita izan genuenekoa. Ea hurrengo urtean, aurten beste buruhauste ez duten antolatzaileek proba eder honen zilarrezko ezteiak ospatzeko.

Argazkia: www.usacycling.org