Gipuzkoako errepideetan barrena

Gaur eta larunbatean nazioarteko txirrindulari onenak Gipuzkoako errepideetan barrena ikusi ahalko ditugu. Hasteko Santiago egunean Ordiziako klasika ospatuko da goizeko 10:00etatik aurrera eta larunbatean plater nagusia dastatu ahal izango dugu: Donostiako 33. Klasika. Bietan Frantziako Tourra lehiatzen eta Vuelta prestatzen ari diren gizonak egongo dira.

Goierriko probak 165 km. izango ditu. Zirkuitu batean ariko dira: itzuli guztietan Abaltzizketako gaina egongo da – azken bi itzulietan Altzoko gainaren ostean. Iazko garailea Gorka Izagirre izan zen eta aurten 1 zenbakiarekin abiatuko da. Espero dezagun bere gaixotasunetik sendatu izana eta iazko garaipena ahalik eta ondoen defendatzea. Probak hautagai ugari izango ditu eta gehienak beroketa bezala hartuko dute larunbatera begira.

Asteko proba nagusian -eta Tropelako erabiltzaileentzat oso garrantzitsua kiniela egiteko aukera dugulako- Donostiako Boulevardeko helmugan azken urteetan Tourra lehiatu dutenak gailendu dira (Luis Leon Sanchez iaz eta 2010ean, Gilbert 2011ean). Batzuek Tourrean gelditu zaien arantza kendu nahiko dute – Kreuziger, Valverde, Gilbert…- edo izan duten jarduna borobildu – Quintana edo Joaquim Rodriguez.

Ibilbidea azken urteetakoa izango omen da. Ohikoa den bezala Donostiako Klasikako antolatzaileek azalpen gutxi eman dute probaren inguruan (2013 urtean bizi gara eta egun dauden teknologiei esker esfortzu txiki batekin leku askotara iritsi daiteke informazio asko). Proba azkeneko 80 kilometroetan erabakitzeko diseinatua dago, Jaizkibelera (7,8 km, % 5,84ra) igo ostean Arkaleri (2,7, % 6,3ra) aurre egingo diote. Hori bi bider. Azken kilometroetan espero daiteke talde txiki bat gelditzea 230 kilometroren ostean eta gelditzen den kopuru aterako da aurteko Klasikako txapelduna.

Azken finean kalitate handiko bi probez gozatzeko aukera izango dugu beste behin txirrindulari zaletuok. Eta bai biharko proba baita etzikoa errepidera hurbiltzeko aukera onak dira eta munduko txirrindulari onenez gozatzeko oso aproposak.

Argazkia: Gorka Rubio /Argazki Press

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.