Gaztea, heldua eta zaharra

Kittelek irabazi du azken etapa eta Parisko podium nagusira Froome, Quintana eta Rodríguez igo dira. Hiru belaunaldi ordezkatzen dituzte lehen hiru sailkatuok.Beharbada, ez duzu ikusita izango Sergio Leoneren Il buono, il brutto, il cattivo (Ona, itsusia eta gaiztoa) western motatako filma, baina pelikula mitikoa da, inondik ere. Hiru pistoleroren istorioa kontatzen du, zein baino zein azkarragoa. Tituluarekin hitz jolasa egiteko baimena hartu dut gaurkoan.

Podiumaren erdi-erdian, Froome, heldua alegia. 28 urte ditu, eta gauzak ondo, urteak ditu aurretik garaipen zakua betetzen jarraitzeko. Batzuentzat sorpresa izan da, baina ez dezagun ahaztu aurtengo denboraldi biribila, eta baita aurreko urteetako printzak: joan den urteko Tourrean bigarren eta duela bi urte, Espainiako Vueltan ere bigarren. Bazen norbait Tourra hasi aurretik.

Froomeren alde batean, Quintana, gaztea. Kolonbiarrak 23 urte besterik ez ditu, eta lehen Tourra osatu du. Bigarren sailkatu da, etapa eraman du, baita mendiko maillota eta gazte onenarena ere. Etorkizun oparoa duela ematen du. Erne, ordea. Patxi Vila ziklista izandakoak ohartarazi du gaur Euskadi Irratian lanak izango dituela Quintanak are gorago iristeko. Arrazoia? Datorren urtetik aurrera, kate motzean lotuko dutelako bere gurpila aurkari guztiek. Sorpresa faktorea ez du alde izango. Erronka polita, benetan,  Quintana txikiak aurrez aurre daukana. Tourrean ez bada ere, beste probetan garaipen asko lortuko dituelakoan nago. Gainera, izaeragatik edo dena delakoagatik zale askoren kuttuna bihurtu da.

Eta irabazlearen beste aldean, Rodríguez: zaharra. Txapela kentzeko moduko Tourra egin duela iruditzen zait. Joan den urtean bigarren sailkatu zen Giroan eta Vueltan, eta akaso baten batek pentsatuko zuen lehiakideak ez zirela punta-puntakoak, edo behintzat Tourra beste mundu bat dela. Bada kataluniarrak Tourreko podiuma ere zapaldu du 34 urterekin. Nekez ikusiko dugu berriro ere toki berean, baina bejondeiola. Podiumera igo den lehen kataluniarra omen da.

Eta laugarren… Contador. Lerrook idazten ari den honek bere alde egin zuen kinielan, eta kale egin du. Eta Schleck, sailkapen nagusian galduta. Bere azkenetan al daude espainiarra eta luxenburgotarra? Horra hor galdera potoloa. Nire ustez, inondik inora, baina beraiek ere jabetuko ziren akaso urtetik urtera ondo egotea ez dela nahikoa, eta gutxien espero duzunean aurkari berriak ate joka datozela, Quintana kasu. Datorren urteko Tourrean protagonista izaten saiatuko dira Contador eta Schleck, ziur. Aurtengoan, Froomek, Quintanak eta Rodriguezek egin dute tiro azkarrago.