Armstrongen itzala

Ezusteko handirik ezean, Froomek irabaziko du aurtengo Tourra. Ax 3 Domainesen egin zuen bezala, aurkari guztiak hankapean ibili ditu Mont Ventoux makurrean. Quintana bigarren helmugaratu da eta Mikel Nieve hirugarren. Skyko liderrak Armstrongen erara erakutsi du bere nagusitasuna.

Frantziako Tourrak ez du Armstrong maite. Ez du hari buruz ezer jakin nahi. Ez da existitzen. Garaipen zerrendatik ezabatu dute doping kontuengatik. Beste batzuekin, ordea, ez dute horren zorrotz jokatzen: Pantani zenak Mont Ventouxen irabazi zuela hamaika aldiz esan dute Frantziako telebistan, baina tira… Gaurkora etorrita, niri estatubatuarra etorri zait gogora, Froomek erritmoa aldatu eta Contador atzean utzi duenean. Armstrongen modura, molinilloa martxan jarri eta akabo. Hortik aurrera, triskantza. Quintanak eutsi dio mailot horiari kilometro pasatxo falta zen arte; kolonbiarrak pott egin du azkenean, nekearen nekez. Polita izango zen Froomek Quintanari itxaron izana, Movistarrekoak etapa irabaz zezan, baina liderra azkarregi zihoan, baita horretan pentsatzeko ere.

Mikel Nieve bikain aritu da. Kontuan izanda munduko lasterketa garrantzitsuenean gaudela, oso aintzat hartzekoa da leitzarra hirugarren sailkatu izana. Ez alferrik, milioika zalek bertatik bertara edo telebista bidez jarraitu duten etapa zirraragarria.

Tourra bukaera bitartean, Froome lasaiago ibiliko delakoan nago. Etapak irabazteko lehia, baina, hil edo bizikoa izango da. Contador, Rodríguez, Kreuziger, Mollema, Ten Dam, Rolland… Txirrindulari askok ahaleginak eta bi egingo dituzte etapa batean edo bestean besoak zerurantz altxatzeko. Eta Euskaltelekoak ezin ahaztu, noski.Asteazkeneko erlojupekoa eta Parisko azken etapa kenduta, beste guztiak borrokarako aproposak dira.

Gauzak zer diren. Simpson zena txapeldun izatearekin, eta bereziki Tourra irabaztearekin obsesionatuta bizi omen zen. Eta Mont Ventouxen gora zendu zen.  Froome izan da mendate horretan irabazten lehen britainiarra. Akaso, Simpsonek bultza egin dio zerutik, eta Froomek hegan egin du, Armstrongek egiten zuen bezala, katerik gabe ia-ia.