Santesteban eta belaunaldi berria

“Eta Somarriba eta Iturriagaren ondoren zer?” galdetzen genion zaletuok elkarri Eneritz bere ibilbidearen ilunabarrean zenean. Bagenuen halako kezka bat. Erreferentziazko emakumerik gabe, izango al zuen jarraipenik harrobiak?

Gaur da eguna, galdera hori erantzuna izan dena. Kezkak, itxaropenari tokia utzi diona, Bembimbre-n, Espainiako Txapelketan, maila ederra erakutsi duen belaunaldi berri bati esker. Egia da lehen ere jardun dugula belaunaldi honen bertuteez, baino emaitzen sostengurik gabe, pazientzia eskatuz. Gaur ordea, emaitza jarri digute mahai gainean, espero baino lehenago akaso.

Eta uzta, joria izan da benetan: errepidean, Santesteban-entzat urrea eta 5 txirrindulari euskaldun lehen 11 postuetan. Gainera, Dorleta Eskamendi eta Eider Merino, podiumean izan dira 23 urtez azpikoetan. Erlojupekoan berriz, Leire Olaberria-k 2. postua lortu zuen eta Irene Usabiaga-k 4.a joan zen ostegunean.

Guztien artean, Ane Santesteban oreretarra nabarmendu da bereziki. Aurten koxka eder bat egin du gora, eta Anna Sanchís taldeburuaren babesean Flèche Wallonne zein Biran top-20 aren bueltan ibilitzeko gai izan da. Baino garaipena falta. Lasterketa apalagotan ere, saiatu arren, errematea falta.

Gaur ere, ziurrenik, ez zen bera lasterketako emakumerik indartsuena. Anna Sanchís eta Belén López ziren guztion ahotan, baino Santesteban-ek ederki jokatu du bere aukera. Oso urrutitik, ausart, jo du erasoa Sanchís eta López-en “taldeen” gabeziak probesteko asmoz. Estratejia aldetik asmatu egin du eta, aurrera eramateko garaian, oso indartsu azaldu da. Aurretik ihes eginda zirenak harrapatu eta atzean utzi ditu, helmugan minutuz gaineko tartea lortuz. Ondoren berak adierazi duen bezala “oso urduri jarri naiz garaipena eskura ikusi dudanean eta horregatik, akaso urrunegi utzi dut atzean Noriega. Baino azkenean, ondo atera da”.

Iaz 23 urtez azpikotan txapeldun izan zen Santesteban. Aurten, guztien aurretik. Hitz baten: progresioa, aurrera-pausoak. Eta jakina da lehen garaipenak, eta hitzordu garrantzitsu baten izanez gero are eta gehiago, zer nolako bultzada ematen dion txirrindulariari. Ba, momentu gozo hortan da Ane Santesteban. Eta tenore honetan ekingo dio Giro Rosa-ri.

Baino, aurrez esanda bezala, Santesteban ez da ardi galdua emakumezkoen euskal tropelean. Emaitzez gain, Bembimbre-n gustora utzi nauen beste datu bat partaidetzarena izan da: gaurko lehian, errepidera irten diren 41 txirrindularitik, 12 euskaldunak izan dira, horietatik 5 gainera 23 urtez azpikoak. Eta “Euskadi”ko taldea izan da, nabarmen, txirrindulari gehieneko taldea, 7 denera.

Zenbakitatik izenetara pasaz, ondorengoak ezagun egiten hasi zaizkigu: Eskamendi, San Sebastian, Merino, Usabiaga ahizpak edo Epelde. Santesteban-ek gaur “Euskadi”ko taldekide izan dituenak. Bizkaia-Durango, Lointek eta Michela Fanini-ko ordezkariak. Eta zerrenda ez da hor amaitzen: Oyarbide, Murgia edota gaur hain txukun ibili den Elbusto pistard nafarra, enbor bereko kimuak dira.

Azaldu dudanagatik, Santesteban-en garaipena, itxaropenezko testuinguru honetan ulertu nahi nuke. Bada txirrindularirik, bada kalitaterik eta bada etorkizunik neska hauengan. Egin diezaiegun toki bat, zaletuongandik hasita. Eskain diezaiegun gure arreta. Ea denon artean, merezi duten aukera eskaintzen diegun.