Giro Rosa 2013: Tour-aren itzalean

Horrela izan da azken urteetan, eta berdin jarraituko du aurten ere. Txirrindularitza zaletuon begi guztiak Frantziara begira daudenean, Italian emakumezkoek beraien Itzuli Haundia, egutegian daukaten bakarra, lehiatuko dute. Ez dira, itxura baten, arreta lortzeko datarik egokienak eta beste gauza askoren artean, egutegiaren inguruan ere egin beharko litzateke gogoeta emakumezkoen txirrindularitzan.

Dena den, ez degu ahaztu behar denboraldi haseran Giro Rosa-ren aurtengo ekitaldia bera ere zalantzan izan zela eta hori gogoan, Tour-aren kerizpean izango bada ere, pozik izan gaitezke lasterketa bere 24. ekitaldiari hasera emateko prest dagoenean.

Giro Rosa 2013k 8 etapa izango ditu (iazko ekitaldirarte 10 izan ohi zituen) 808 kilometro osatzeko. Hauez gain, 1723 km. gehiago egin beharko dituzte autoz (emakumezkoen taldeek ez dute autobusik) Italian hain maite dituzten etapa batetik besterako bidaietan. 160 txirrindularik parte hartuko dute 20 taldetan banatuta; 8 laguneko taldetan beraz (6 laguneko taldeak izan ohi dira normalean). Italiako RAI telebista kateak 50 minututako laburpenak iragarri ditu egunero. Eta datuekin amaitzeko, beti hain deigarria suertatzen zaigun bat (gizonezkoekin alderaketa eginez gero), sariena: 276 Euro etapa garailearentzat eta 460 Euro lasterketako azken garailearentzat. Atera kontuak.

Ibilibideari dagokionez, gogorra dela esango nuke. Orotariko etapez osatua, mendatean amaitzen diren 2 etapa eta azken eguneko erlojupekoa nabarmenduz sailkapen nagusiko borrokarako. Egun eta kilometro kopuru altuari, arestian aipatutako leku-aldaketa nekagarriak gehitzen badizkiogu, ibilbidearen zailtasuna berehala antzematen da.

Partaidetzaren inguruan, gozatu berri degun Emakumeen Bira erreferentzi hartuta, 2 hutsune oso nabarmen izango direla aipatu behar: Emma Johansson eta Elisa Longo Borghini-renak. Suediarrak, egutegitik kanpo utzi du Itzuli Haundia eta italiarrak bere herriko txapelketan izandako eroriko gaiztoaren ondorioz, agur esan beharko dio denboraldiari ziurrenik. Erreparatu dezagun, beste behin, Bira-n izan genuen goren mailako partaidetzan.

Gauzak honela, Marianne Vos eta Evelyn Stevens-en arteko lehia aurrikusi daiteke. Stevens goraka doa, txirrindulari bezela etengabe haziz eta goian amaitzen diren 2 etapak, bere alde ditu. Vos berriz, mendi-bizikleta eta errepidea uztartzeko proiektua martxan jarri duenetik, ahulagoa da. Eta arerioek, Bira-n gertatu bezela, hori ikusi eta probestu dute.

Euskaldunei dagokienez, pozik diot 4 txirrindulari eta euskal talde bat izango ditugula ordezkari. Bizkaia-Durango taldea zoriontzea bidezkoa degu, bai txirrindulariak (gonbidapena lortu izanagatik) eta baita zuzendaritza taldea ere (diru-kontuak nolabait moldatzeagatik).

Bizkaia-Durango taldeak, Anna Sanchís izango du taldeburu. Sanchís-en alboan, 3 euskaldun izango dira: Dorleta Eskamendi, Irene San Sebastian eta Ane Santesteban. Lehen biei ikastea, eskarmentua pilatzea jarriko nieke helburu. Santesteban-i aldiz, zerbait gehiago eskatuko nioke: top-20an sartzea alegia. Daraman gorputzaldiarekin, lortu berri dituen emaitzekin eta igoeretan erakutsi duen mailarekin, zergatik ez?

Euskaldunen multzoa osatuz, Mireia Epelde azpeitiarra. Michela – Fanini taldean da aurten eta, zeresanik ez, taldearentzat lasterketak duen garrantziaz. Esperientzia bikoitza izan behar du Giroa italiar talde baten lehiatzeak! Euskal ordezkaritza hau bertan izateak, Giro Rosa hurbilago sentiaraziko digu zaleoi, beste erakargarritasun puntu bat emanez.

Uztailean, beraz, bada txirrindularitzarik Tour-az haratago.