Azkenean bai! Bereganatu du Emma Johansson suediarrak bere kalitatearen mailako garaipen haundi bat. Lortu du Marianne Vos ahaltsuaren uztarritik askatzea. Bira hontan, profesional bezela lehen pedalkadak eman zituen errepideetan, berak eraman du aginte makila.
“Justizia”, “merezimendua” izan dira Biraren ostekoetan Emma-ri gehien zuzendutako hitzak. Eta ez alferrik, Vos-en tiraniapean bizitzen ikasi behar izan duen izar honek ahotsa noiz altsatuko zai izan bait gara luzaroan.
Johansson-en errebeldia ekintza hontaz aparte, eguraldi petralagatik ere gogoratuko degu aurtengo Bira. Zaila, okerragoa egitea. Zenbat eroriko, zenbat aldrebeskeri… test konplikatua kalitatea arroaka zerion tropelarentzat.
Eta Tropelak bere egutegian sartu zuen lehen Bira bezela ere gogoratuko degu. Euskal txirrindulari egutegiak, Itzulia eta Donostiako Klasikatik haratago, altxor ederrak gordetzen dituenaren seinale.
Izen propioekin jarraituz, Marianne Vos-ena aipatu behar. Haseratik esan genuen, galtzak bete lan izango zuela. Ibilbidea gogor xamarra da berarentzat eta daraman denboraldi astunak erasan diola dirudi (ia urtebete darama apenas atseden hartuta). Galtzaile izanda ere ordea, dizdira berezia damaio parte hartzen duen lasterketa orori. Vos etorri ez balitz, Johansson-en garaipenari ez genioke hainbesteko oihartzunik emango, hori seguru.
Elisa Longo Borghini-k ere merezi du bere tartea. 21 urte izateko, ezohiko heldutasuna eta sendotasuna azaltzen ditu. Urte osoan erakutsitakoari, irabazteko gaitasuna gehitu dio Bira hontan. Etorkizuneko txirrindularia zalantzarik gabe, aurtengo Giro Rosa-tik bertatik hasita, akaso.
Eta azkenik, podiuma osatu duen Evelyn Stevens amerikarra. Nahikoa egin du baldar moldatzen den egun euritsu zein jeitsiera umeletan aurrean izatearekin. Asko du hobetzeko lanabes duen txirrinduaren kontrolean, ziklismora berandu iritsia izaki eta horrek dezente mugatzen du Bira hau lehiatu den bezelako baldintzetan.
Banakakoak utzita, taldeei dagokinez:
Euskaldunen artean, Ane Santesteban eta Eider Merinoren arteko borroka hori izan da aipagarriena. Azkenean, lehia horrek emaitza ona izan du bientzat: Santestebanek top-20an meritu haundiko lekua lortu du eta Eider Merinok, 18 urterekin etorkizun aparta izan dezakela baieztatu du, taldea zein zaleok itxaropenez betez.
Baldintzek lagundu ez arren, aurtengo edizioa ikusgarria suertatu da. Eskertzea besterik ez zait gelditzen: antolatzaileen lana alde batetik, eta txirrindulariena bestetik.
Emma-ren ordua izan da gure eta bere diren errepideetan; munduko txirrindularitza hoberenarekin hitzordua.