Rohan Dennisek bere burua aurkeztu du goi-mailan

Gaurko etapa amaitzean bolo-bolo zebilen australiarraren izena zaletuen ahotan. Askok lehen aldiz entzun dute gazte honen izena gaur. Ez du etapa irabazi, baina burutu duen erlojupeko borobilak 2. postua lortu eta lidertzan jartzeko balio izan dio, baita goi-mailan bere burua ezagutzera emateko.

Dennis (Adelaida, 1990) australiar harrobiaren azken harribitxia da. Azkenengoa, azken urteotan etengabe ateratzen ari baitira Australiatik txirrindulari gazte bikainak. Harribitxi hau zehazki Vaughtersek lantzen ari du: bere eskutik heldu zen Garmin-Sharp taldera. Bere profesional ibilera ordea 2009an hasi zuen Australian Institute of Sport taldean, herrialdeko gazterik hoberenak biltzea helburu zuen egitura. Bertan, besteak beste,  Bobridge, Howard eta Travis Meyer izan zituen taldekide. Team Jaycora egin zuen jauzi ondoren, emaitza oso onak lortuz, baita Europan ere. Egindako lanak Rabobankeko arduradunen arreta deitu zuen, eta beraien garapen talderako fitxatu zuten. Urte hartan ez zuen espero bezalako maila eman, eta iaz etxera itzuli zen, Jayco taldera berriz ere.

2012an ordea denboraldi ezin hobea burutu zuen: 23 urtez azpikoen mailan Australiako txapeldun izan zen bai errepidean bai erlojuaren kontra. Hau ikusita, Australiako selekzioak Down Underreko Tourrean parte hartu behar zuen talderako deitu zuen. Eta bikain baliatu zuen aukera: 5. amaitu zuen sailkapen orokorrean, World Tourreko txirrindularien artean. Udaberrian Europara etorri zen, 23 urtez azpikoen lasterketetan parte hartzera, eta erlojupekoetan ez zuen areriorik aurkitu: ia guztiak irabazi zituen, Thüringen Rundfahrteko kronoigoera barne. Urtea borobiltzeko Valkenburgen zilarrezko domina lortu zuen erlojupeko proban, soilik Voroyebek gaindituta. Ordurako Garmineko arduradunek begiz jota zuten, eta denboraldi amaieran australiarra sinatzea lortu zuten, Orica-GreenEdgei aurre hartuz.

Aurten lasai hasi du denboraldia. Ez da erraza World Tourrari maila hartzea, baina jada Romandian detaile polita eman zuen, azken erlojupekoan 9. amaituz. Ondoren, Kalifornian 3. egin zuen erlojupekoan, eta gaur hura kasualitatea izan ez zela baieztatu du.

Gaurkoak Dennisen ibilbide profesionalean mugarri garrantzitsu bat ezartzen du. Ikusteke dago hurrengo egunetan nola moldatzen den. Argi dago zaila izango duela bihar liderraren maillotari eustea, baina interesgarria izango da mendian ondo moldatzeko gai den ikustea. Presio handirik ez du izango, eta Talansky nola dabilen ikusita ez du inorentzat lanik egin beharko, beraz aukera polita du aurrean. Erlojupekoan lortutako errenta baliatu dezake ohorezko postu bat lortzeko, baita gazteen sailkapena bereganatzeko ere, baina zail izango du, orain arte ez baitu erakutsi mendian erlojupekoan erakutsi duen maila. Hala ere, badago baikor izateko datu bat: Californiako Itzulian, Mt Diablo gainean amaitzen zen etapan 11. izan zen. Bihar du lehenengo froga: Valmorel gainera iritsiko da lasterketa. Bertan ikusiko dugu noraino iritsi daitekeen australiarra Dauphiné honetan.

Argazkiak: letour.fr eta cyclingnews.com