Rene Vietto eta Radio Caracol

Martin alemaniarrak irabazi du Beasaingo erlojupekoa. Sailkapen nagusiari dagokionez, Quintana kolonbiarrak -bigarrena izan da erlojupekoan- etxeratu du Itzulia gehienek Porte faboritotzat jotzen bazuten ere. Porte eta Henao izan ditu ondoan Quintanak Beasaingo podiumean.

Hala ere, azken emaitzaz harago, beste bi zertzelada ematera natorkizue plaza honetara oraingoan. Ez dago dudarik. Amets Txurruka izan da Itzuliko protagonista nagusia. Edo nahiago baduzue protagonista nagusienetako bat. Ziurrenik Ametsek ez du jakingo nor zen Rene Vietto. Ezta kinielan beste inork baino puntu gehiago lortu dituen Sakopakok ere -bejondeiola!-. Kinieletan balego askok aukeratuko genuke begiak itxita, ziur. Nor zer Vietto?. XX. mendeko 30 eta 40ko hamarkadetako txirrindulari frantziarra zen. Viettok ez zuen Tourra irabazterik izan, baina bera beste inor baino gehiago maite zuten zaleek. Izugarrizko estimua zioten, Ametsi bezala.

1934an egin zuen Viettok balentriarik handiena, ziklismoari buruzko entziklopedietan agertzen dena: 20 urteko gazteak Tourrean etapa bat lehiatzen ari zela, buelta erdia eman eta atzera egin zuen bere gurpila taldeburu malapartatuari uzteko. Hura egin ostean, ia ordu laurdena eman behar izan zuen berari ordezko gurpila jarriko zionaren zain, alajaina! -beheko argazkia egun hartakoa da-

Bigarren Mundu Gerrak txirrindularitza ere itzalean utzi zuen, baina Gerra igarota Vietto lehiara itzuli zen. Ez zuen, ez, maillot horia etxeratzerik izan.  Hala ere, hori gutxienekoa zen. Zaleek berdin maite zuten, edo are gehiago. Caja Rural taldeko txirrindulariarekin antzera gertatzen da: Tourrean etapak hatz artean ihes egin zion 2007an – “Ametsen ametsa, amets” Berria egunkariko titularra biharamunean- baina ziklista lehiakorrena izateagatik igo zen podiumera Parisen; 2010eko Euskal Herriko Itzulian Aian erori zen lasterketa buruan zihoala erori eta lepauztaia hautsita iritsi zen minaren minez,  eta aurten ezin ausartago aritu da jakin arren nekez iritsiko zela azken bururaino… Horrek guztiak maitagarri egiten du. Niri dagokidanez, Txurruka ziklista batekin parekatu beharko banu, Viettorekin alderatuko nuke.

Gaiaz zeharo aldatuta, kakalardoak –ez Tropela.net-ekoak, ziklista kolonbiarrak baizik- izan ditugu ahota egunotan. Kolonbiarrak bueltan direla esan da han eta hemen. Bueltan dira bai, baina oraindik batzuk falta dira. Radio Caracoleko lagunak. Kolonbiako irrati kateko kazetariek bere herrialdeko ziklisten ibilerak jarraitu ohi zituzten nola Tourrean ala Espainiako Vueltan 80ko hamarkadan. Eta ziklistek adina ikuskizun ematen zuten probak kontatzeko moduagatik. Edo gehiago. Oilo ipurdia jartzeraino. Krisiak, beharbada, bidaiatzeko aukera gutxi emango die aurrerantzean esatari beroei, baina haiei ere ongietorri beroa egingo genieke Euskal Herrian, Itzulia are koloretsuago bihurtuko bailukete. Laster arte!

Goiko argazkia: Egoitz (Tropela Elkartea)