Zakur zaharren arteko lehia

Valverdek irabazi du Arrateko etapa, Rodriguezi azken arnasean aurrea hartuta, eta lider jarri da. Valverde eta Rodriguezekin batera, Contador eta Froome helmugaratu dira. Beste hamar txirrindulari segundo gutxira iritsi dira; tartean izan dira Beñat Intxausti eta Igor Anton.

Espainiako Vueltako lehen mendiko etapa izan dugu gaur. Helmuga Arrateko gainean izan da, aldapa aski ezaguna Euskal Herriko zale guztientzat. Ihesaldia jan du tropelak azken igoerari heltzeko une berean –Markel Irizar izan da ihesaldiko kideetako bat eta Gilbert ere bertan izan da- eta Arrateko malda gogorrenetan Valverde izan da erasoa jotzen lehena. Contadorrek erantzun dio eta gogor jo du. Valverde bera, Rodríguez eta Froome atera dira Contadorren atzetik. Hamar bat txirrindularik osatutako taldetxoak –tartean izan dira Beñat Intxausti eta Igor Anton- laukotea harrapatu du gainera iritsi baino lehen, baina Contadorrek berriz ere hortzak erakutsi ditu, oso indartsu dagoela erakutsi du, eta taldetxoa txikitu du berriz ere.

Lau ziklista indartsuenak geratu dira aurre-aurrean ostera ere –Contador, Rodríguez, Valverde eta Froome-. Azken bihurgunean sartzen lehena izan da Rodriguez, baina Valverdek ez du etsi eta azken metroan aurrea hartu dio Katusha taldekoari. Sei segundora iritsi da honako taldetxoa: Moreno, Mollema, Capecchi, Beñat Intxausti, Talansky –erne Garmineko ziklista gaztearekin-, Gesink, Roche, Igor Anton, Anacona eta Uran. Etapa bakarrik ez, maillot gorria ere jantzi du Valverdek. Bera izango al da Movistarreko liderra? Datozen etapek erantzuna emango digute.

Arrateko maldek agerian utzi dute txirrindulari batzuk nekez ikusiko ditugula lehian. Cobok esate baterako ia minutua galdu du; Le Mevelek eta Cunegok minutu eta erdi; Menchovek ia bi minutu eta De Gendtek bi minutu pasatxo.

Ezin testutxoa amaitu zaleak aipatu gabe, jendez gainezka egon baitira azken kilometroak. Astearteko etapa Valdezcarayko gainean bukatuko da. Oso mendate samurra da; beraz, litekeena da Arraten baino alde txikiagoak egotea.

Argazkia: Susanne Goetze / Cyclingnews