Misteriorik gabeko etapan, detaile pare bat

Misteriorik gabeko etapa nafar errepideetatik: ihesaldia-neutralizazioa-sprinta. Degenkolb gaztea Davis zaharraren aurretik nagusi, justu bada ere. Ongi adierazi du Eneko Garatek twitter bidez gertatutakoa: “Baldarrena indartsuen”, izan ere, halakoxe moldea dauka bizikleta gainean, Boonen handiaren estilora. Etorkizun handiko txirrindularia da, eta hura bezela, ez soilik sprintetan, baita klasika handietan ere. Ez noa luzatzera etaparen analisian. Hala ere, pare bat detaile interesgarri izan dira aipatzeko modukoak…

Lehena, 1 dortsala bizkarrean daraman Cobo bere taldekideei ura eramaten ibili dela Tourrean ibili zen bezela… Ez al da ba taldeko liderra? Despistatuta dabil eta ez ote da ohartu Espainiako Itzulian dela jada? Edo Unzuek ere ez dauka konfiantzarik beregan? Tropelako kinielan %1,9ak soilik aukeratu du Cobo, aurreko urteko garailea! Sekula honelakorik gertatu ote da?

Bigarrena aldiz, ia denon (%93,6 tropelan) hautagai nagusia den Contador 2” bonifikazioak hartzen ikusi dugu. “Inoiz ez da jakiten beharrezkoak izango diren itzuliaren lehian” komentatu du. Indarra sobran? Amorru gehiegi barruan eta atera beharra lehen bait lehen? Gehiegizkoa nere iritzian.

Bihartik aurrera, bi protagonista hauen inguruko erantzunak Arraten…

Ah, gaur ez du inork etxerako biderik hartu. Gesink lasterketan da, beraz.

Argazkia: diariouno.com.ar