Horiak hegoak eman dizkio

Ez da izan erakustaldi historikoa (hau esatean Indurainen irudia etortzen zait burura. Fignon bezalako bati aurreratu zionean Luxenburgon 92ko Frantziako tourrean, edo Armstron-ek Ullrich-i). Baina bai izan da mahai gainean autoritate kolpe bat. Bradley Wiggins-ek aurtengo Dauphine Libereko erlojuz kontrako bakarkako etapa luzea irabazi du, eta ondorioz sailkapen nagusia poltsikoratzeko txartel ugari batu.

Gaur arratsaldean txirrindulariek Dauphine Kriterium-eko 4. etapari aurre egin diote. Erlojuz kontrako bakarkako 53 kilometro lau-lauak Villié-Morgon eta Bourg-en-Bresse artean. Gainera askok test bezala hartu dute aurki ospatuko den Frantziako Tourrari begira.

Horiz abiatu da Bradley Wiggins eta horiz amaitu du eguna. Ibilbidean zehar hartzen ziren erreferentzien arabera 18. kilometroan azkarrena ez bazen ere 40. kilometrotik jaun eta jabe izan da. Tony Martin bezalako munduko txapeldun baten aurretik gelditu da eta ia pasatu du bere aurretik zihoan Cadel Evans!

Sailkapen nagusian britainiarra da lehena, alemaniarra bigarrena 38 segundura eta Michael Rogers australiarra hirugarren 1:20ko atzerapenarekin. Sky-ko kideek sekulako erakustaldia eman dute hiru gizon lehenengo hamarren artean sailkatuta. Eta eguneko notizia txarra Ricardo Garcia ez irten izana, atzoko erorikoaren ondorioz eskumuturrean mina zuen eta ezta frenatu ezta aldagailuari eragin ezin zuen egin.

Orain txirrindulariei mendiko hiru etapa gelditzen zaizkie. Biharkoan 3 portu igo beharko dituzte, horien artean Le Grand Colombier kategoriatik kanpo, larunbatean 6 portu – azkena Joux-Plane baita ere kategoriatik kanpo – eta igandean 5 portu, azkena hirugarren mailakoa helmuga izango dena.

Argazkia: Bettini

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.