Klasiketako errege

Davide Rebellinek lortu zuena 2004ean Philippe Gilbert belgikarrak lortu du zazpi urte beranduago. Ardeenetako hirukotea osatzen duten hiru lasterketetan garaipena lortzea. Lieja-Bastone-Lieja klasikoan bi besoak gora altxatu ditu Schleck anaien aurretik. Frank bigarren helmugaratu da eta Andy hirugarren 255 kilometroko ibilbidean.

Klasika normal joan da azken 100 kilometroetara arte. Hor zeuden kokatuak igo behar ziren hamar muinoetatik azken bederatziak. Ihes egindako taldetxo bat sortu da 80 kilometro faltan, bertan Juanma Garate irundarra sartuta zegoena. Denbora guztian kontrolpean egon dira, Omega Pharma Lotto taldeak nagusiki lan hori burutuz azken aurreko muinora arte, hor hasi baita faboritoen arteko eraso festa.

Schleck anaiek hasi dute lehenengo tiroak botatzen. 21 kilometro falta ziren helmugarako. Pelotoia atzean utzi dute bat izan ezik, gaurko erregea bilakatuko dena helmugan, Philipe Gilbert. Muino horretan beste faborito guztiak pelotoi nagusian geratu dira luxenburgotarren erasoen aurrean erantzun ezinean. Iazko irabazleak, Alexandre Vinokourov, adibidez matxura mekaniko bat izan du eta horrek zituen aukera txikiak gaur zerbait egiteko kendu dizkio. Azken muinora laukote bat izanda iritsi dira aurrekoak, aipatutako hiru horiez gain baita Greg Van Avermaet (BMC) ihesalditik azkena iraun duena. Azken igoera horretan Andy saiatu da Philippe Gilbert atzean uzten irabazteko aukera gutxi izango baitzuten belgikarrarekin batera iritsiz gero baina kontrakoa ere gertatu da. Belgikarra erasoka hasi da bere nagusitasuna erakutsiz muino horretako azken aldapetan. Azkenean helmugan sprintean Omega Pharma Lottoko kidea nagusi erabat eta Frank eta Andy Schleck hurrenez hurren podium-eko bigarren eta hirugarren postuarekin konformatu beharra izan dute.

Lehiaketa

Tropelak antolatutako lehiaketaren inguruan hasteko esan beharra dago agian urteko bereziena izaten dela aste hau. Hiru lasterketa desberdinetan, txirrindulari desberdinen parte hartzearekin, kiniela bakarrarekin egin behar zaiolako aurre. Horrek buruari bueltak ematea derrigortzen digu parte hartzaileoi eta zenbait arrisku hartu beharra ere egoten da.

Gaurkoari begiratuz gero argi dago Philippe Gilbert, Schleck anaiak eta Igor Anton euskalduna hartu dutenek zakukada puntu hartu dutela. Ondorioz gaurko lasterketako irabazlea Kanku azkoitiarra izan da 902 punturekin, beadonostia erabiltzailea bost puntura eta JONTEAM hamabost puntura utziz. Hiru lasterketa hauetako garailea berriz Prakazuri azkoitiarra izan da 1632 punturekin. Azken lasterketan 75 postu igoarazi ditu lortu dituen 802 puntuekin. Jarraian jgoiko ataundarra eta jonbeltza lezotarra sailkatuz 1585 eta 1565 punturekin hurrenez hurren.

Gogoratu hurrengo lehiaketa denboraldiko lehen itzuli handia izango duela ardatz: Italiako Giroa.

Agazkia: velonews.competitor.com / Graham Watson

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.