Deabruaren erritmoan

Euskal Herria bezala, eguzkia Ardenetako bazterrak ederki berotzen ari da. Horrek zale asko eraman ditu gaur Fleche-Wallone klasikoaren helmugara, Huy-ko aldapara alegia. Zale andana, benetan. Giro bikaina denentzat. Beno, guztientzat ez: Gilbertek erasoa jo duenean Huyn gora, haren atzetik zetozen ziklista guztiek majo sufritu dute. Infernua bilakatu zaie azken aldapa. Omega Pharma Lotto taldeko txirrindularia bakar-bakarrik joan da gorantz. Inork ezin izan du kate motzean lotu. Honenbestez, joan den igandean Amstel Gold Racen nagusitu ostean, Fleche-Wallone ere eskuratu du waloiak. Alegia, etxean nagusitu da.

Ohi lez, azken aldapan erabaki da lasterketa. Bertara iritsi da tropeltxo handi samarra, eta faboritoak, denen ahotan zegoenak, eraso kolpe bortitza jo du. Bortitza izan da, bai, ez delako haren gurpila hartzeko gauza izan den ziklistarik. Gilberten atzetik, Rodriguez helmugaratu da. Kataluniarra apurka-apurka gora egiten ari da; Euskal Herrian etapa irabazi zuen eta Amstelen ere podiumera igo zen. Euskaltel-Euskadiko Sanchez hirugarren sailkatu da. Bada zerbait. Asturiarrak atzetik aurrera egin ditu azken metroak eta hainbat txirrindulari aurreratu ditu. Igor Anton ere bikain aritu da: bosgarren sailkatu da. Iaz ere, galdakaotarra ez zen garaipenetik oso aparte ibili, laugarren helmugaratu baitzen. Italiako Giroari begira baikor izateko arrazoirik badago, nahiz eta Antonek esan sailkapen nagusia ez duela lehiatuko.

Cancellara-Gilbert. Gilbert-Cancellara. Azken urteotako klasiko handien emaitzek agerian utzi dute bi txirrindulariok direla iaioenak egun bateko proba luzeetan. Cancellarak erakustaldi paregabeak eman zituen iaz, nola Flandesko Tourrean hala Paris-Roubaixen. Balentria da tankera horretako bi lasterketa elkarren segidan irabaztea, benetan. Bada, hori bera erdietsi du Gilbertek 2011n. Garaipen zerrenda handia osatzen ari da, bai horixe: bi bider irabazi ditu Amstel Gold Race, Paris-Tours eta Lombardiako Giroa, behin Fleche-Wallone… Joan den urtean aldaptxo motz baina gogorretan bukatu ziren Espainiako Vueltako etapetan erakustaldia eman zuen, Munduko Txapelketa buruan zuela. Munduko Txapelketan erasoka ibili zen, baina waloiak ezin izan zuen ortzadar maillota jantzi, Husvod norvegiarra gailendu baitzen. Hala ere, aurtengo denboraldi hasieran erakusten ari da zer nolako ziklista den. Handia, zinez.

Igandean Lieje-Bastonge-Liejen ere irabazteko gai den? Gai dela ez dago zalantzarik. Hala ere, Fleche-Wallonen lasterketa kontrolatzea errazagoa da, oilarrak pega-pega eginda iristen direlako azken igoerara. Liejara bidean errazagoa da tropelaren kontrolari iskin egitea, eta beraz, faboritoen zerrenda zabal samarra izan ohi da.

Argazkia: www.ispaphoto.com