Tony Martinek eguzkia ikusi du

Eguzkiaren Lasterketa da Paris-Nizaren ezizena, eta esan daiteke Tony Martinek (HTC) eguzkia ikusi duela berriro ere. Eguzki galdatan hartu zuen zaplasteko ederra alemaniar gazteak joan den urteko Tourrean, mendiko lehen etapan. Mendate ikaragarririk ez zegoen; bai, ordea, aldapatxo asko eta sekulako beroa. Helmugara iristeko kilometro dezente falta zirela geratu zen atzean eta etapa haren amaiera eta Tour osoa amesgaizto bilakatu zitzaion. Tira, ez zegoen Contador edo Andy Schlecken pare, baina 2009an ezusteko handienetakoa izan ostean, ikuskizun zegoen haren inguruan.

Esaerak dio ez dela kontuan hartu behar zenbat aldiz erortzen garen, baizik eta lurrean egon eta gero zenbat aldiz altxatzen garen. Hori omen da kuraia edo kemenaren neurgailu aproposena. Bada Martin altxatu egin dela dirudi. Duela aste gutxi Portugaleko Algarveko itzulia irabazi zuen eta orain, Paris-Niza, sona handiko lasterketa. Mendiko etapa nagusian onenekin helmugaratu zen eta erlojupekoan egurra eman zien aurkari guztiei. Hilabete asko gelditzen dira Tourrerako, baina Martin bide onetik doala ematen du. Hiru asteko itzuliei neurria hartuko dien ikusteke dago.

Paris-Nizan RadioSchackek bere burua nabarmen erakutsi du. Nagusia, Armstrong, etxean da erretiroa hartuta, baina taldea denboraldi hasiera bikaina egiten ari da. Markel Irizarrek Andaluziako Itzulia irabazi zuen duela aste batzuk, eta Paris eta Niza artekoan Klodenek etapa irabazi du eta bigarren postuan bukatu du. Ez hori bakarrik: Leipheimerrek erregulartasuna du dohain nagusi eta lehen hamarren artean sartu da enegarrenez. Baita Brajkovic ere. Itxura polita ematen ari da, esan bezala, taldea. Martinen kasuan bezala, ikusi beharko zer moduz moldatuko den RadioShack hiru asteko itzulietan taldeburu argirik gabe.

Wiggins ingelesak, Martinek bezala, zaplasteko galanta hartu zuen joan den urteko Tourrean, podiuma buruan zuela. Sky-ko ziklistak hirugarren bukatu du Paris-Niza; podiuma zapaltzeak konfiantza emango dio, ziur, oso emaitza ona da. Euskaltel-Euskadi taldeak aste polita burutu du, errematatzea falta izan bazaio ere. Samuel Sanchez sailkapen nagusirako borrokan ibili da, bi etapatan bigarren helmugaratu da eta azken etapan ere ahalegindu da. Aukeran, noski, nahiago irabaztea, baina horren lasterketa garrantzitsuan burua horrela erakustea ez da gutxi. Gorka Verdugo izan da lehen euskal herritarra, 24. postuan.

Beste hainbat gaztek dir-dir egin dute eguzkiaren lasterketan, hala nola Taaramae estoniarra, Kiserlovski kroaziarra –ihesaldietan eta bere burua nabarmendu eta gero, eroriko latza izan zuen azken aurreko etapan- Vestra holandarra eta Talansky estatubatuarra.

Tankera eta kategoria bereko hurrengo lasterketa Euskal Herriko Itzulia izango da. Apirilaren hasieran jokatuko da. Paris-Nizarekin bezainbeste –edo gehiago- gozatuko ahal dugu tropelzaleok!

Argazkia: Roberto Bettini / cyclingnews.com