Segundo bat nahikoa denean

Txirrindularitza zaleok –adin batetik aurrerakoek bereziki- gogoan dugu Abraham Olanok ez zuela 1996ko Giroko erlojupeko luzea eta gero maglia arrosa eskuratu segundo bakarrarengatik. Baina segundo bateko aldearekin jarri zen lider hurrengo egunean, Mortirolo etaparen atarian. Poza eta tristura. Tristura eta poza segundo baten bueltan.

Markel Irizarri antzeko zerbait gertatu zaio Andaluziako Itzulian. RadioShack taldeko oñatiarrak segundo bategatik ez zuen lehen etapa, erlojupekoa, irabazi. Lastima. 2008ko Paris-Niza etorri zitzaigun gogora, Hushovd norvegiarrak azken unean kendu ziolako aitzin etapa. Baina oraingoan, Anduluziako errepideetan, bigarren etapan bai, liderraren mailot gorria jantzi zuen soinean, harro-harro, eta azken burura eraman du, itzulia irabazi duelako. Azken metrora arte ezin izan du arnasa lasai hartu, orpoz orpo, segundo bakarrera, zuelako Jurgen Van den Broeck. Alde txikia, bai, baina nahikoa izan zaio, kate motzean lotu baitu igotzaile belgiarra. Bejondeiola! Podiumean egoteak polita izan behar du , eta are politagoa morrontza lanetan dabilenarentzat. Eta hori nahikoa ez eta oso ziklista onak izan ditu aldamenean. Van den Broeck –seigarren postuan sailkatu zen iazko Tourrean- eta RadioShacken bertan dabilen Levy Lepheimer estatubatuar beteranoa.

Bizipoza zabaltzen du Markel Irizarren izaerak eta poztasun hori bera ikusi diogu gaur trofeotzarra eskutan zuela proba bukatuta. Ziur haren grupeta lagunak, Iban Velasco eta Amets Txurruka tartean, biziki poztu direla. Sagardozalea bada Markel; beraz, ziur etxera bueltan sagardotegian ospatuko duela garaipena.

Joan den urtean Irizarrek ez zuen hiru asteko probarik jokatzerik izan. Aurten? Ikusteke dago. Argi dagoena da horrelako balentria batekin are gusturago egingo duela egin beharreko morrontza lana klasiketan eta bere egutegian ageri diren gainerako lasterketetan. Espero dezagun euskal txirrindulariek horrelako testu asko idazteko motiboak ematea lehen txanpan dugun denboraldian. Tropelzaleok ere gusturago idazten dugu horrelakoetan.

Eta por tzierto, Tropelaren twitterrean sartuz gero, Lance Armstrongek Irizarri bidalitako zorion agurra dago ikusgai.

Argazkia: Markel Irizarren Facebook