2010ari errepasoa (II): Contador jaun eta jabe Paris-Nicen

Contador, Paris-Nice irabazi zuen eguneanParis-Nice espainiarren jabego pribatua bilakatzen hasi da. 2007an Contadorrek eta 2009an Luis León Sánchezek irabazi ostean, aurtengo ekitaldian berriro Contador gailendu zen, podiumean beste bi espainiar zituelarik alde banatan: Alejandro Valverde eta Luis León Sánchez bera.

Urtero bezala denboraldiko etapetako lehen itzuli handia izango zen hartan, ibilbide klasiko xamarra diseinatu zuten antolatzaileek. Beharbada, Mont Faron faltan botako zuen bakarren batek, baina Col de Mende ere han zegoen, lasterketa hankaz gora jarri nahi zuenari deiadarka. Lehenengo etapa ohiko prologoa izan zen, eta han Lars Boom erraldoia izan zen azkarrena, Jens Voigt beteranoaren aurretik. Hurrengo bi etapak esprintean erabaki ziren. Lehenengoan, Greg Hendersonek altxatu zituen eskuak, SKYri beregan jarritako konfidantza itzuliz. Beste esprintean William Bonnet frantziarra nagusitu zen, Peter Saganen aurretik. Elastiko horiak oraindik Boomen bizkarrean jarraitzen zuen…

Hirugarren etapan gauzak serio jartzen hasi ziren. Aurillac-en bukatu zen hartan, igotzaileek eta txirrindulari esplosiboek esprinterrei erreleboa hartu zieten. Etapa 2º mailako mendatean bukatzen zen, eta Peter Sagan harrigarriak, itzulia hasi arte ezezaguna izanagatik, protagonismo handia hartu zuen, garaipena lortuta. Protagonismo handia, bai, baina ez guztia. Eguneko beste albistea, Jens Voigt beteranoak maillot horia jantzi zuela izan zen. 39 urte betetzeko bidean, eta oraindik ere maila harrigarrian! Laugarren etapan Alberto Contador agertu zen. Etapa Col de Menden amaituta, denak berari begira zeuden, eta ez zuen hutsik egin: etapa eta lidergoa. Bostgarren etapak Aix-en-Provencera bideratu zuen tropela. Ibilbide gorabeheratsu hartan, tropela majo bakandu zen, eta talde ez oso handi bateko esprinta Peter Saganek irabazi zuen. Bigarren etapa beretzat, eta denak ahozabalik, hain ondo zebillen 20 urteko gazte eslobakiarra nor ote zen galdezka. Izan ere, irabazitako 2 etapez gain, beste guztietan ere punta-puntan ibilia baitzen (2º, 5º…). Contador, lasai. Gutxik uste zuten dagoeneko itzuliak ihes egingo zionik Pintokoari.

Azken bi etapak tranpaz josiak zeuden. Seigarrenean, Col de Vence helmugatik oso gertu zegoen, eta Xavi Tondo kataluniarrak probestu zuen tropelean elkarrenganako zegoen errespetua. Bakarrik iritsi zen helmugara, garaipen handi bat lortuta.

Itzulia bukatzeko, etaparik gogorrena, Col de la Porte, La Turbie eta Col d’Eze igoten baitziren, hirurak lehen mailakoak. Frantziarrek gerra gogoa zeukaten, aste guztian Bonnetek lortutako altxorra baino ez baitzuten bereganatu, atzerritarren nagusitasunaren aurrean ezinean. Gauzak horrela, tropeleko bi gudarik aurrea hartu zuten eta beraien artean disputatu zuten etapa. Amaël Moinardek Cofidisi garaipen eder bat eman zion, Thomas Voecklerri bien arteko esprinta irabazita.

Laburbilduz, Contador garaile, Col de Menden lortutako segunduei ezker. Podiumean berarekin, Valverde (beti ala beti aurrean edozein lasterketatan) eta Paris-Nice hain gustuko duen Luis León Sánchez. Baina nire ustez, inolako duda gabe, itzuliko izen berezia Peter Sagan izan zen. Aurrerago erakutsi zuen Paris-Nicen emandako kalitate distirak ez zirela kasualitatea izan, Romandian etapa bat eta Kalifornian beste 2 irabazita. Eta hori dena 20 urterekin. Non dago mutiko honen sabaia?