2010ari errepasoa (III): Garzelli “aitona” garaile Tirreno-Adriaticon

Garzelli eta Scarponi, lehena eta bigarrenaGuztiok dakigu G8a munduko herrialderik boteretsu eta industrializatuenek osatzen dutela. Gaur egun ezagutzen dugun G8a, ordea, 1997ra arte G7 deitzen zen, Errusia begirale bezala egoten baitzen. Tirreno-Adriaticok urtero esprinterren G7a biltzen du, eta tropeleko gainontzeko txirrindulariek Errusiak 1997ra arte zeukan papera hartzen dute, hau da, begiralea izatearena, alegia.

Dena den, 2010eko ekitaldian dagoeneko lehenengo etapan sorpresa handia egon zen. Esprinter handien aurretik Linus Gerdemann eta Pablo Lastras sartu ziren, garaipena alemaniarrak eramanda. Hauen atzetik, Breschel, Farrar, Rojas, Hushovd… esprinter guztiak, azken finean. Gutxik uste zuten Livornotik atera zirenean bi hauek (edo esprinterra ez den beste inor) lehen postuetan ibiliko zirenik… Begiraleen altxapena? Hala balitz, txikia, gero “esprinterren agintea” hasi baitzen. Bigarren etapan, Tom Boonen nagusitu zen. Bi etapa baino ez ziren igaro oraindik, baina italiarren harrotasuna eta estima ukituta zeuden dagoeneko. Horrela ba, hirugarren etapan mahaian kolpe bat eman zuten. Etapa Bennatik, Petacchi bigarren… eta lehen postuetan Sacha Modolo eta Francesco Ginanni. Ikusten den bezala, esprinterrak jaun eta jabe berriro.

Baina erresuma guztietan, errege guztiek buruhausteren bat izan ohi dute. Tirreno-Adriaticoko erresumako errege diren esprinterren buruhaustea antolatzaileek noizbehinka sartzen duten malkar labur baina piko hori izan ohi da. Eta malkar hori laugarren etapan iritsi zen, 245 km-ko etapa amaigabe batean, Chietin hain zuzen ere. Helmugan lehen postuetan agertu ziren izenak ordurarte lasterketan ote zeuden ere galdetuko zion bakarren batek bere buruari… Garaipena, Michele Scarponirentzat, eta postu noble horietan Bertagnolli, Garzelli, Uran, Gesink, Evans, Pozzovivo, Rogers, Nibali…

Chieti atzean utzita, Colmuranora bideratu ziren. Berriro ere, ibilbide gorabeheratsu bati esker, erregeak herren agertu ziren, eta “herri xeheak” altxapenari beste bultzakada bat eman zion. Etapa, Gasparottorentzat. Seigarren etapak 134 km baino ez zeuzkan, eta Maceratora bideratu zuen tropela. Han, Mikhail Ignatiev errusiarrak eraso kolpe bortitz bat jo zuen helmugara iristeko kilometro batzuen faltan, eta inor ez zen atrapatzeko gai izan. 55eko platera eta 11ko koroa ere motz gelditu zitzaizkion txirrindulari indartsu honi. Itzulia bukatzeko, San Benedettoko esprinta. Bertan Edvald Boasson Hagen nagusi, eta Petacchi berriro ere bigarren.

Eta itzuliko garailea? Ba testuan ia aipatu gabe dagoen beterano handi bat, Stefano Garzelli. Ez zuen etaparik irabazi, baina guztietan buru-buruan ibili zen, postu on asko lortuta. Eta, noski, gainsariak daudenean, eskuak altxatu gabe ere sari potoloa eraman daiteke, Stefano handiak erakutsi zigun moduan.