2010eko taldeen analisia (XIV): Team HTC Columbia, edo asetu ezineko piztia

CavendishTalde batek denboraldi batean 86 garaipen lortu dituela esanda, ez dago asko gehiagorik kontatzeko. Team HTC Columbia tropeleko munstroa da, asetu ezinezko pizti bat. Mark Cavendish buru dutela, “Pitxitxi” rolean (23 garaipen), eta André Greipel gertutik jarraituz (18 garaipen), taldeak ez du kupidarik izan. 15 herrialdetako 28 txirrindulari ditu aurten talde estatubatuarrak, eta hauen etxean ere izan da aldaketarik. Baja garrantzitsuak izan dituzte, joan direnen artean izen potoloak besterik ez daude eta: George Hincapie, Marcus Burghardt, Edvald Boasson Hagen, Thomas Lovkvist, Kim Kirchen eta Greg Henderson. Denak ala denak txirrindularitzan zerbait esandakoak, eta baten batzuk oraindik asko esateko dutenak, Boasson Hagen norbegiarra, bereziki. Taldea konpletatzera etorri direnen artean Aleksejs Saramotins, Rasmus Guldhammer, Leigh Howard, Jan Bakelants, Jan Ghyselink, Tejay Van Garderen, Patrick Getsch, Martin Velits, Peter Velits, Lars Bak eta Mathew Goss aurki ditzakegu.

Izen propioetara pasatuta, denen gainetik, nola ez, Man Irlatik datorren 24 urteko morroskoa, Mark Cavendish. 2009 harrigarria egin du, 23 garaipen lortuta, tartean Tourreko 6 etapa, Giroko 2, Milan-San Remo, Tirreno Adriaticon etapa, eta beste hainbat eta hainbat garaipen. Inork ez daki non daukan topea mutil honek, izan ere, gero eta erraztasun handiagoarekin irabazten baitu.

Cavendishen itzalean aurkitzen da taldeko beste “killer”-a, André Greipel alemaniarra, baina nagusia ez dagoenean ederki probesten du bere aukera. Son gutxiago, portada gutxiago, baina 2009an 18 garaipen, eta aurten dagoeneko 6 garaipen (Tour Down Underreko 3 etapa eta sailkapen nagusia, Mallorcako Challengean proba bat eta Algarveko Itzulian etapa bat). Erakutsi zuen iazko Vueltan zertarako gai den, eskuak lau aldiz jasota.

Gainontzekoen artean, Michael Albasini suitzarrak ere emango du zeresana. Denboraldi amaieran garaipen politak lortzen dituen txirrindularia da, ihesaldietan oso-oso ondo mugitzen dakiena, eta egoera horietan bere abiadura puntaz oso ondo baliatzen da eskuak altxatzeko. Azken 2 urteetan oso gauza interesgarriak egin ostean, Tony Martin (24 urte) aurrerapausu bat emateko prest dago. Beharbada itzuli handi bateko sailkapen nagusiaren borrokan sartzea oraindik urrun gelditzen zaio, baina daraman progresioa kontutan hartzeko modukoa da. Erlojuaren kontra aparta, eta goranzkoan ere oso maila ona erakutsi izan du. Gertutik jarraitu behar direnetako beste bat. Erlojuaren kontrako probak aipatuta, Bert Grabsch datorkigu denoi burura. Munduko txapeldun ohia izandakoak beste behin bakarkako lana aprobetxatu nahiko du bere palmaresa loditzen jarraitzeko, baina lana egitea tokatzen zaionean, ez da izkutatuko.

Gazteei begiradatxo bat botata (Martin ezik, dagoeneko aipatu dugu eta), Velits anaien fitxaketa azpimarratu behar da, bereziki Peterrek eman duen mailagatik. Eslobakiarrak garaipen bakarra lortu zuen iaz, baina makina bat ohorezko postu ere bai. Tejay van Garderen estatubatuarren esperantza berria da. Oso gaztea oraindik (21 urte), progresio handia izan dezake, eta etapa itzulietan nabarmentzen hasi behar du, oso ondo moldatzen baita aldapa gora, eta erlojuz kontra ere ez da herrena. Azkenik, azken aurkikuntza, Leigh Howard australiarra (20 urte), alegia. Omango Itzulian Tom Boonen eta Daniele Bennati bezalako izenak sprintean menperatuta eman zuen bere burua ezagutaraztera, eta gertutik jarraitu beharreko beste txirrindulari bat izango da.

Gainontzekoen artean, Marco Pinotti, Maxime Monfort, Mark Renshaw, Kanstantin Sivtsov edo Michael Rogers bezalako gizonak aipatu behar. Ez dira hain irabazleak, baina beti erakustarazten dute beraien burua, lasterketan presentzia handiarekin.

Errekorrak apurtuz jarraituko al du Team HTC Columbiak?

2010eko taldeen analisia (XIII): Omega Pharma-Lotto, Philippe Gilbert-en zerbitzura atonduriko taldea

gilbertAzken urteetan, Cadel Evans buru, talde honek itzuli handiak ere izan ditu begi puntuan. Frantziako Tour-a batik bat. Dena dela, australiarrak taldea uztea erabaki zuen eta sorpresaz harrapatu zituen zaleak. Utzi zuen taldean harritu ez dakit, baina ez dut uste gehiegi ere larrituko zirenik. Urteetan, klasikoetan, udaberrian gehienbat, izan ditu talde honek bere helburu nagusiak.

Udaberriko klasikoetan paper polita eginez gero, urtea justifika dezake edozein talde belgikarrek eta azken urtean txirrindulari batek erakutsi badu klasikomano bikaina dela, Philippe Gilbert da hori. Gizon hori taldean izanik, ez zuten larritzeko arrazoi gehiegi.

Gilbert iaz lehertu zen. Profesionaletan hasi zenetik, beti izan ditu emaitza onak. Baina gehienetan gertatzen ez den bezala, Philippe Gilbert hasieratik bere inguruan sortutako aurre ikuspen guztiak betetzen ari da. Txirrindulari ausart eta ikusgarria da gainera, zaleoi gustatzen zaigun txirrindulari saiatua.Eta Omega Pharma-Lotto taldea Gilbert da. Edo alderantziz, taldea ezerezean geratzen da Gilbert gabe.

Hurbiletik jarraitzeko beste izenen bat aipatzekotan Jurgen Roelandts gaztea litzateke. 24 urteko txirrindulari honek oso denboraldi polita burutu zuen 2009an, garaipenik lortu ez arren, eta Australiako Tour Down Under-en gogoz hasi du denboraldia, 2 etapa eta sailkapen orokorrean top 10an kokatuaz bere burua.

Gainontzean, klasikoetan aurrean behar lukete Van Avermaert, Leif Hoste eta Van der Broek-ek. Lehenengoak segur aski klasikoetarako Gilbert-en ordezkoa behar luke edo hala behar balu taldekiderik indartsuena. Aukerak izan ditzake Gilbert sasoi betean iristen ez den edo gustuko ez dituen lasterketetan. Leif Hostek ere aukerak izan ditzake Paris Roubaix-en adibidez. Bigarrena aldiz Frantziako Tourrean izango da eta Dani Morenorekin batera taldeko erreferentzia izan daiteke sailkapen nagusira begira.

Itzuli handietarako Dani Moreno espainiarra fitxatu dute, baina ez dut uste Espainiako Itzulian 10 lehenengoetan sartzen saiatu eta Tour edo Vueltako mendiko etaparen batean aurrean ibiltzeaz aparte gehiegi ikusiko dugunik. Van Goolen da egin duten beste fitxaketa, kasu honetan Saxo Bank-etik. Wegelius aldiz, izan daiteke taldearen Girorako gizona.