Menchov geldiezinak Giroa irabazi du

Menchov. 2009ko Giroko garaileaErrusiarrak azken kilometroan erorikoa izan du, baina ez da nahiko izan maglia arrosa galtzeko. Segur aski mekanikariari izan duen azkartasunagatik eskerrak emateaz ez da aspertuko errusiarra, lurrera erortzerako hor baitzen aldamenean beste bizikleta batekin prest. Merezita irabazi du Menchovek aurtengo Giroa eta gaurkoan ere erlojupekoan Di Luca baino gehiago zela argi erakutsi du.

Gaurko 14 kilometrotako erlojupekoa Erromako kaleetan zehar jokatzen zen. Jokoan etapa garaipena eta sailkapen nagusiko postuak ziren. Lehen hogei postuei begiratuta lehia ezberdinak aurreikusi genitzake. Lehena Armstrong, Serpa eta Seeldrayersen artean zen, hirurak 42 segundoren tartean baitziren. Bigarrena Bruseghin eta Valjavecen artekoa, Valjavecek italiarra 50 segundora baitzuen. Hirugarrena Rogers eta Garzelliren artekoa, 52 segundo aurretik baitzen italiarra eta Rogers erlojupeko espezialista izaki, lehia aurreikusi zitekeen. Eta garrantzitsuena, nola ez, maglia arrosa eta ciclaminoaren artekoa, aurrez esan bezala, 20 segundoko tarte estuan.

Erromako erlojupekoa 23 bihurgunez osatutako ibilbidea zen, eta atzo aurreratzen genuen bezala, euria aurreikusita zegoen eta euria izan da protagonista. Ibilbideak lehenak egiten izan direnak lurzoru lehorra izan dute eta horrek denbora hobeak egiteko erraztasuna eman diete. Horren erakusgarri gaurko etapan lehen hiru postuetako sailkatu diren txirrindulariak: Konovalovas, Wiggins segundo batera eta hirugarren Boasson Hagen 7ra. Horrenbestez gaurko etapa garaipena Cervéloko txirrindulari lituaniarrak egindako denbora bikainari esker. Gaurko garaipenarekin Cervélok laugarren etapa garaipena lortu du aurtengo Giroan, bi Sastrek eta bat Gerransek. Hala ere, gaurkoan etapa garaipena bigarren maila batean zegoen 2009ko Italiako Giroaren garailea baitzegoen jokoan.

Armstrong, Serpa eta Seeldrayersen arteko lehiak espero baino gutxiagorako eman du. Armstrongek etapa lehiatu baino Erromatik pasieratxo bat eman duela esan daiteke eta helmugan 1’19”ra sartu da. Serpak 29 segundo kendu behar zizkion Armstrongi sailkapenean aurrera egin nahi bazuen, baina azkenean 10 bakarrik izan dira. Seeldrayersek, berriz, Serparena 13 segundoan hobetzea zuen helburu, baina ez da gauza izan eta sailkapen nagusian Serparekiko 4ra geratu da . Beraz, eguneko leheneko lehia bere horretan geratu da.

Aipatu dugun bigarren lehia Bruseghin eta Valjavecen artekoa izan da. Italiarrak denbora bikaina egin du baina gaurkoan Valjavec ondo ibil da eta azkenean 15 segundorengatik ez du aurreratu esloveniarra. Hauen arteko lehia ere, beraz, bere horretan.

Sailkapenean aurrerago joanaz, Rogers eta Garzelliren artekoa ezustekoa izan dela esango nuke. Rogersek espero baino erlojupeko pattalagoa egin du eta Garzellik, berriz, ikaragarria. Gaurko etaparen ostean Garzellik Rogersi 1’18”ko aldea atera dio sailkapen nagusian. Zenbaitek Tropeleko blogean Garzelliren emaitzak susmopean jarri dituzte. Hori antolatzaileek eta kontrolak egiten dituztenek esan beharko dute, baina aitortu beharra dago gaurkoa behintzat aurreikuspenetatik kanpoko emaitza izan dela. Nik bederen Rogersek Garzelli aurreratuko zuela edo behintzat justuan ibiliko zela uste nuen, baina esan bezala, oker nenbilen.

Eta lehia nagusia azkenik. Killerra eta Menchov, Giro honetan elkarren inguruan ibili diren bi txirrindulari eta zalantzarik gabe Giroko txirrindularirik erregularrenak. Di Lucak atzokoan kolpe morala jaso zuela uste dut. Atzoko emaitzak bestelakoak izan baziren, beharbada Di Lucak gaur maglia arrosarekin ekingo zion lasterketari eta erreferentziak izango zituen, baina ez da horrela izan. Kontua da Spoltoreko txirrindulariak gaur dena eman behar zuela eta arriskatzea besterik ez zitzaiola geratzen. Menchovek, berriz, bereari eustea besterik ez zuen. Italiarrak bizikleta arrunt batekin ateratzea erabaki du. Errusiarrak, berriz, erlojuaren kontra lehiatzeko bizikleta berezia. Euria ere ari zuen eta lur bustiak zeresana emango zuela bagenekien.

Lasterketan zehar hiru erreferentzia puntu ziren. Killerra bizi atera da eta lehen erreferentzia puntuan 5 segundoko errenta ateratzen zion errusiarrari. Bazirudien Di Lucak hobeto ekin diola erlojupekoari, baina kilometroetan aurrera egin ahala, Menchoven aldeko erreferentziak ematen hasi dira. Di Lucak ezin zuen azken une arte etsi eta denbora ona markatu du: 19’23”. Denbora hori kontutan hartuta, Menchovek 19’43” azpitik egin behar zuen ibilbide kurbatua.

Rabobankeko liderra azken kilometroan sartu denean denbora oso ona ari zen markatzen eta etaparen lehian sartuta zen. Momentu horretan Giroaren garaipena eskuan zuen. Baina orduan zoru bustiak behar baino protagonismo handiagoa hartu du. Menchov zuzen zihoan erritmo bizian, baina badirudi pedal kolpea ematerakoan atzeko gurpilak irrist egin diola eta oreka galdu arazi diola. Ez zen posible! Lasterketa liderra lurrera erori egin da eta han joan da arrastaka zenbait metro. ETBko emanaldian zehar ikusi ez duguna liderrari gertatu zaio. Bitartean Di Luca telebistaz Menchoven lana jarraitzen ari zen aurpegi serioz. Baina Rabobankeko kotxean adi ziren guztiak, baita mekanikaria bera ere eta Menchov bizikleta jasotzera hurbildu denerako mekanikariak beste bat jarri dio txirrindulariari alboan. Lasterketa era horretan galdu behar al zuen errusiarrak? Ba ez. Errusiarrak badaezpada etapa hasieratik lehiatu egin du eta horri eskerrak Di Lucarekiko aurreratuta zituen segundoak nahikoak izan dira erorikoan galdu dituenak konpentsatzeko. Erorikoa izan arren, Menchov Di Luca baino 21 segundo hobea izan da. Erorikoak ere ez du errusiarra garaipenetik baztertzerik lortu. Hori da hori garrasia bota duena errusiarrak helmugan! Ikaragarria gaur Menchovek egin duena.

Zalantzarik gabe Menchovek irabazi behar zuen, izan ere erlojupekorik onena egitera zihoan errusiarra (segur aski erori ez bazen etapa garaipena ere hortxe izango zukeen). Egia da Di Lucak egundoko ikuskizuna eman duela lasterketa guztian zehar eta penaz izango dela, baina erorikoaren ondorioz Di Lucak irabaztea bidezkoa izango al litzateke? Ez dago erantzun beharrik ez baita horrelakorik jazo. Merezimendu osoz, beraz, 2009ko Italiako Giroaren garaipena Menchoventzat.

Gainontzeko sariei dagokienez, mendiko maillota Garzellik irabazi du, gazteena Seeldrayersek eta ciclaminoa, merezimendu osoz, Di Lucak.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.